Eibarko Udaleko Berdintasun Zerbitzua: “Ez dago indarkeria egoera bati aurre egiteko modu bakar bat”

Azaroaren 25aren harira, Eibarko Udaleko Berdintasun Zerbitzuarekin harremanetan jarri gara bertatik egiten duten lana ezagutzeko.
Eibarko Udaleko Berdintasun Zerbitzua: “Ez dago indarkeria egoera bati aurre egiteko modu bakar bat”
2026/11/20 10:11
Ekhi Belar Errasti

Nola antolatzen da Eibarren indarkeria matxista jasaten duten emakumeentzako arreta, eta zer eginkizun dute Berdintasun Zerbitzuak eta Andretxeak?

Eibarren, indarkeria matxistari ematen zaion erantzuna hainbat lan-arlotan garatzen da, eta arlo horiek elkarren osagarri dira. Alde batetik, indarkeria matxista jasaten duten emakumeei zuzendutako banakako arreta dago, Gizarte Zerbitzuetan eskaintzen dena. Arreta horren barruan, emakume bakoitzaren egoera eta beharrak kontuan hartuta, informazioa, orientazioa eta laguntza eskaintzen dira.

Bestetik, funtsezkoa da komunitate-mailako lana, indarkeria matxista prebenitzeko, herritarrak sentsibilizatzeko eta indarkeria horren aurrean erantzun kolektiboa sustatzeko. Esparru horretan, Andretxeak, Eibarko Emakumeen Etxeak, zeregin garrantzitsua du emakumeen topagune, parte-hartze, prestakuntza eta ahalduntze indibidual zein kolektiborako espazio gisa. Lan horrek, era berean, jasandako indarkeria aitortzen eta erreparazioan laguntzen du, berdintasunarekin eta indarkeria matxistarik gabeko gizartearekin konprometitutako komunitatea eraikiz.

Bi dimentsio horiek beharrezkoak eta osagarriak dira. Indarkeria matxistaren aurkako erantzuna ezin da mugatu indarkeria gertatu ondoren esku hartzera; prebentzioa, sentsibilizazioa eta komunitatearen inplikazioa ere etengabe landu behar dira.

Zer forma har ditzake indarkeria matxistak, eta zergatik da garrantzitsua begirada zabala izatea indarkeria hori identifikatzeko?

Indarkeria matxistak hainbat forma har ditzake, eta emakumeen bizitzako esparru desberdinetan ager daiteke. Garrantzitsua da ulertzea indarkeria-adierazpen horiek ez direla elkarrengandik independenteak edo baztertzaileak; aitzitik, elkarri lotuta daude eta aldi berean ager daitezke. Egoera berean indarkeria mota desberdinak eman daitezke, emakumeen bizitzako hainbat esparrutan eragin dezakete. Horregatik, ezinbestekoa da begirada zabala izatea.

Zer baliabide eta laguntza eskaintzen dizkie Eibarko Udalak indarkeria matxista jasaten duten emakumeei, eta nola antolatzen da arreta?

Gizarte Zerbitzuetan, Berdintasun Arloan, banakako arreta, informazioa, orientazioa eta gizarte-laguntza eskaintzen zaie indarkeria matxista jasaten duten emakumeei. Esku-hartzea emakume bakoitzaren beharretara egokitzen da. Horretarako, hainbat baliabide eta laguntza baloratu daitezke, baita beste zerbitzu eta erakunde batzuekin koordinazioa eta baliabide espezializatuetara bideratzea ere, beharrezkoa denean. Garrantzitsua da azpimarratzea ez dagoela arreta ibilbide bakar bat. Egoera bakoitzak banakako balorazioa eta emakume bakoitzaren inguru, behar eta erabakietara egokitutako erantzuna eskatzen ditu.

Zer esango zeniekete indarkeria matxista jasaten ari diren baina oraindik laguntza eskatzeko pausoa eman ez duten emakumeei?

Laguntza eskatzeko hainbat ate eta bide daude. Emakumeak Gizarte Zerbitzuetara, Andretxeara, telefono bidezko arreta-baliabide espezializatuetara, emakumeen elkarteetara, talde feministetara, beste esparru batzuetako profesionalengana edo konfiantzazko pertsonengana jo dezakete. Bide horiek guztiak baliagarriak izan daitezke informazioa, orientazioa, laguntza edo babesa bilatzeko.

Garrantzitsua da gogoratzea emakume bakoitzak bere denborak dituela, eta ez dagoela indarkeria egoera bati aurre egiteko modu bakar bat. Emakume bakoitzak erabaki behar du zer egin nahi duen, nola egin nahi duen eta nork laguntzea nahi duen bere prozesuan. Profesional eta laguntza-baliabide gisa gure egitekoa entzutea, informazioa eskaintzea, aukerak erraztea eta haien erabakietan laguntzea da, betiere haien autonomia eta erabakitzeko gaitasuna errespetatuz.