Eibarrek eraldaketa-prozesu bati ekingo dio LJE funtsen 12 milioi euro baino gehiagorekin

2022ko azaroan, Eusko Legebiltzarrak Debabarreneko eskualdea Lehentasunezko Jarduketa Eremu (LJE) izendatu zuen, eskualdea azken urteetan jasaten ari zen beheraldi sozial eta ekonomikoaren ondorioz.
Eibarrek eraldaketa-prozesu bati ekingo dio LJE funtsen 12 milioi euro baino gehiagorekin
2025/05/28 17:13
eta kitto!

2022ko azaroaren 16an, Eusko Legebiltzarrak aho batez onartu zuen Debabarrena Lehentasunezko Jarduketa Eremu (LJE) izendatzea, eskualdea azken urteetan jasaten ari zen beheraldi sozial eta ekonomikoaren ondorioz.

Hori dela-eta, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundiekin lankidetzan, Debabarrenaren berroneratze sozioekonomikorako Eskualdeko Plan Estrategikoa diseinatu behar zuen. Erakundearteko ekimenak ikuspegi integrala eta parte-hartzailea du, eta haren xedea da lurraldearen biziberritze sozioekonomikoan zuzenean eragiten duten proiektu eraldatzaileei lehentasuna ematea.

Plan Estrategiko honek 4 urteko egikaritze-epea izango du, eta eskualdeko udalek epe horretan gauzatu beharko dituzten proiektu traktoreak jasotzen ditu, zeintzuek Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako eta Bizkaiko foru-aldundien finantzaketa izango duten.

Eusko Jaurlaritzak 24 milioi euro bideratuko ditu, eskualdeko udalerri guztiak batzen dituen proiektu honetarako. 

 

12 milioi Eibarren inbertsioak egiteko

Planak sei ardatz nagusi ditu: industria modernizatzea eta industria-lurzoruak eta -eraikinak berreskuratzea; ekonomia dibertsifikatzea (turismoa, merkataritza eta kultura); enplegua eta lanbide-heziketa; hiri-berroneratzea eta gizarte-babesa; eta ingurumena eta mugikortasun jasangarria. Testuinguru horretan, Eibarko Udalak asmo handiko proiektu-sorta bat aurkeztu du, 12 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa ekarriko duena.

- Industria modernizatzeari dagokionez, Eibarrek 1.750.000 euro jasoko ditu Matxaria industrialdeko ibilgailuen eta oinezkoen sarbidea hobetzeko, eta 910.000 euro Azitaingo industrialdean antzeko jarduketetarako. Gainera, 840.000 euro erabiliko dira Erisonoko parke teknologikora sartzeko alternatiba berriak bilatzeko. 

- Ekonomia dibertsifikatzeko ardatzaren barruan, Udalak turismo-bulego bat ezartzeko eta turismo-produktu eta -zerbitzu berriak garatzeko (bisita gidatuak barne) lan egiten dihardu, 1.000.000 euroko inbertsioarekin. Aldi berean, 1.063.000 euro inbertituko dira Errebalgo merkatu-plazan, non erosketa-eredu berriak aztertu eta abian jarriko diren, eta egungo espazioa egokitu eta dinamizatu den.

- Kultura arloak ere leku nabarmena du planean. Izan ere, Eibarrek 2.750.000 euro jasoko ditu Armagintza Museoari ikuspegi berri bat emateko, haren balio erantsia eta kultura- eta ondare-erreferente gisa duen funtzioa sendotze aldera.  “Museo honek ahalmen handia du kultura eta turismoa erakartzeko gune bihurtzeko.  Nahi duguna da orain aldiko eta etorkizuneko historia izan dezan, ez iraganekoa bakarrik”, nabarmendu du Jon Iraola Eibarko alkateak.

- Enplegu eta lanbide-heziketaren arloan, Armeria Eskolari 950.000 euro esleitu zaizkio. Eskola eskualdeko erreferentzia- eta bikaintasun-zentrotzat hartuko da teknologia robotiko eta adimendunetan, izan ere, ekipamendua berriztuko da, irakasleei formakuntza emango zaie eta adituak ere bertaratuko dira. “Eskualdea bizitzeko eta lan egiteko toki erakargarria izango bada, funtsezkoa da ezagutzan, talentuan eta formakuntza aurreratuan inbertitzea.  

- Planak, gainera, hirigintza arloko berroneratzearekin eta babes sozialarekin lotutako jarduketa garrantzitsuak hartzen ditu barne. Eibarrek 1.000.0000 euro jasoko ditu Larrañaga eta Elorza eraikina eskuratzeko eta ondoren birgaitzeko edo kudeatzeko. Helburua da formakuntzarekin eta enpleguarekin lotutako ekipamendu komunitario bihurtzea eraikina. Horrez gain, Ugartetxea eraikina ere erabiliko da inguruaren berroneratze integralaren prozesurako, baita aparkaleku komunitario bat egiteko ere. Guztira, milioi bat euro inbertituko dira.

- Ingurumenari eta mugikortasun jasangarriari dagokionez, bi proiektu handi gauzatuko dira: batetik, Barakaldo kaleko igogailua, trenbide gaineko pasealekuarekin bat egingo duena (728.881 euro); eta, bestetik, Torrekuako igogailua, auzoa Berdintasuna Pasealekuarekin lotuko duena (7000.000 euro), irisgarritasuna hobetzeko eta herri barruko guneak hobeto lotzeko.

Jon Iraola alkatearen esanetan, "jarduketa hauek gure sare ekonomikoaren lehiakortasuna hobetzeaz gain, zerbitzu publikoak indartzen dituzte, gure auzoak biziberritu eta, etorkizunera begira, Eibar irisgarriago, eta jasangarriago egiten dute".