Eibarrera iritsi berriei laguntzeko harrera-zerbitzua jarri du martxan Udalak
Eibarrera bizitzera etorri berriei herrian moldatzen laguntzeko zerbitzua jarri du martxan Udalak. Harreragune izeneko zerbitzuaren bidez, hainbat gairi buruzko informazioa eta orientazioa jasoko dituzte, hala nola erroldatzeari, osasun-sistemari, hezkuntzari, enpleguari eta euskara zein gaztelania ikasteko aukerei buruz.
Zerbitzuaren helburua da herrira iristen direnei lehen harrera egitea, dituzten zalantzak argitzea eta behar dituzten baliabideak aurkitzen laguntzea. Horretarako, Udaleko beste sail batzuekin eta herriko zein eskualdeko erakunde eta elkarteekin elkarlanean arituko dira. Beharrezkoa denean, gainera, behar duten zerbitzura bideratuko dituzte erabiltzaileak.
Aurretiko hitzordua
Harreraguneak martitzenetan eskainiko du aurrez aurreko arreta, 09:30etik 14:00etara, Eibarko udaletxean. Immigrazio eta Kultur Aniztasuneko teknikariak emango du arreta, aurretik hitzordua eskatuta.
Hitzordua eskatzeko, 943 708 440 telefono-zenbakira deitu edo 747 490 471 WhatsApp zenbakira idatzi daiteke.
Zerbitzua Udalaren «Eibarren Bizi» estrategiaren barruan kokatzen da, Eibarrera iritsi berriei harrera egin eta herriko bizimoduan parte hartzea errazteko. Ekimenaren prestaketan, 2024tik 2026ra, Udaleko hainbat sail eta herriko zein eskualdeko erakunde eta elkarte aritu dira elkarlanean.

