Ekhi, Nerea eta Manex: “Hezkuntza sistema propio eta eraginkorra behar da euskarak etorkizuna izan dezan”

Euskararen erabilera etenik gabe jaisten ari dela diote adituek, eta transmisioari lotutako kezkak inoiz baino handiagoak dira. Eibarko IKAMAko ikasleek argi dute: egungo hezkuntza ereduak ez du bermatzen gazteen euskalduntzea. Hori salatzeko eta aldarrikatzeko, abenduaren 11rako greba nazionala deitu dute, “Gure hezkuntza euskalduna” lemapean.
Ekhi, Nerea eta Manex: “Hezkuntza sistema propio eta eraginkorra behar da euskarak etorkizuna izan dezan”
Argazkian, Nerea Bergaretxe, Ekhi Azpilikueta (goian), eta Manex Cordoba (behean). IRATI ALVAREZ
2025/12/05 12:50
Irati Alvarez

Euskalgintzaren Kontseiluak adierazi du euskararen aurkako oldarraldia bizi dela, eta orain indarraldira jauzia egiteko garaia dela. Horretan bere ekarpena egin nahi du Ikamak. Ikasle ikuspegitik eta hezkuntzatik, jada hainbat plataforma eta eragilerekin batera sortzen ari den “olatuaren” parte izan nahi dute. Helburua: euskararen kontzientzia piztea eta lehen lerroan izatea. Ekhi Azpilikueta, Nerea Bergaretxe eta Manex Cordoba Eibarko Ikamako kideekin elkartu gara, dinamikaren parte den greba nazionalaz hitz egiteko.

Eibarko Ikama ikasle antolakundeko kideak kezkaz mintzo dira euskararen egoeraz. “Azken urteetan euskararen erabilerak behera egin du. Jendeak ez daki euskara ondo erabiltzen eta gazteok are eta gutxiago”, azaltzen du Ekhik. Euskararen ezagutza-maila ere “ez dela behar bezain duina” nabarmendu du.

Nerea ere iritzi berekoa da: “Gaztelera indarra ari da hartzen. Ez gara konturatzen, baina gure artean gero eta gehiago erabiltzen dugu; eta horrek eragin zuzena du euskararen etorkizunean. Ikasle bezala, uste dugu eskoletan euskararen erabilera gehiago bultzatu beharko luketela. Klasean ikasleak gazteleraz hitz egiterakoan irakasleak euskara bultzatzea, esaterako. Gure artean euskaraz hitz egitera ohitzen bagara aurrerantzean ere horrela egiten jarraituko dugu”.

Manex Cordobak ohartarazi du gaztelera “modan” dagoela eta euskaraz hitz egiten duten gazteak albo batera gelditzen direla: “Horrek gure hizkuntza ohiturak eraldatzen ditu, gaztelerara jotzera garamatza”.

 

D eredua, baina gaztelera nagusi
Ikasleak D ereduan matrikulatuta badaude ere, eguneroko ohiturek bestelako errealitatea erakusten dute. “Klaseak euskaraz dira, baina patioan, pasiloetan eta geletan gure artean gaztelera entzuten da ia beti”, dio Manexek. Arazoa ez da ikasleen artean bakarrik: “Irakasleen kasuan denetarik dago, baina irakasle eta ikasleen arteko elkarrizketetan batzuetan gaztelera ere entzuten da. Hor dago arazoa: berez euskaraz izan beharko zena gazteleraz egiten dela. Euskaraz egiteko aukera galdu egiten da”.

 

"Euskaraz hitz egitera behartzea"?
Euskararen erabilera sustatzen denean, askok salatzen dute ikasleak “behartu” egiten direla euskaraz hitz egitera. Ekhi Azpilikuetak euskararen kontrako jarreraren zergatia azaldu du: “Askok euskara hezkuntzarekin bakarrik lotzen dute, eta ikastetxea gustuko ez dutenez, euskararekiko jarrera negatiboa izaten dute. Kontra egiteko jotzen dute gaztelerara”. 

Nerearen ustez, horrek ondorio argiak ditu: “Haurtzaroan euskaraz aritu denak ere, heldu ahala, gaztelerara jotzen du. Euskara-maila jaitsi egin da, eskolan gero eta eskakizun altuagoa eskatzen diguten bitartean. Kontrastea izugarria da. Irakasleei gazteleraz hitz egitea ohikoa bihurtu da. Ikusten da euskarak ez duela prestigio nahikorik gure adin-tartean”.

 

Sare sozialak eta diskurtso politikoak
Ekhik azpimarratu du azken urteetako joera soziopolitikoa ere ez dela lagungarria: “Sare sozialetan normalizatu egin da hizkuntza txikien aurkako diskurtso eskuindarrak zabaltzea. Gainera, gazteek gazteleraz hitz egiten duten erreferenteak soilik ikusten dituzte, eta hortik askok ez dute euskaraz egiteko ohiturarik sortzen”.

Baina ardura ezin da gazteengan soilik jarri: “Instituzioek eta hezkuntza-sistemak ere badute erantzukizuna. Ez badago euskararen erabilera sistemikoki babesteko egiturarik, ohiturak ezin dira modu naturalean aldatu” gehitu du Ekhik.

 

Greba eta mobilizazioa: indarraldia sortzeko beharra
Abenduaren 11ko grebak inflexio-puntua izan nahi du. “Euskalgintzan sortzen ari den olatu berriaren parte izan nahi dugu. Gazteok ezin gara alboan gelditu”, azaldu du Manexek.

IKAMAko ikasleen mezua argia da: gazte zein heldu euskararen alde egitera animatu nahi dituzte, hizkuntza eta identitatearen parte delako. Ekhi Azpilikuetak nabarmendu du: “Denok gara euskarak eta gure kulturak aurrera egiteko arduradun”. Esandakoak kontuan izanik, abenduaren 11n Donostian egingo den mobilizaziora batzeko deia luzatu diete ikasle eta gazteei.