Gu ere euskara garela erakusteko ordua ailegatuko zaigu bihar

Bihar (martxoak 28, zapatua) iluntzean, 21:11ak aldera espero da 24. Korrika Eibarren sartzea.
Gu ere euskara garela erakusteko ordua ailegatuko zaigu bihar
2026/03/27 18:21
Silbia Hernandez Arrazola

AEK-ren eskutik eta Euskara gara lelopean, martxoaren 19an abiatu zen Atharratzetik 24. Korrika eta, hamar gauren eta hamaika egunen buruan, Bilbon amaituko da domekan, martxoaren 29an. Ordurako, 3.436 lagunek erabilia izango dute lekukoa, eskuz eskuz, eta 2.175 kilometro eginak izango ditu euskararen aldeko lasterketa erraldoiak. 1980an sortu zen Korrika eta bi urtez behin zeharkatzen du Euskal Herria. Lehen ediziotik gaur arte Eibar beti izan da Korrikaren ibilbidean oso presente egon den herrietako bat eta, jakina, 24. edizio honetan ere hala izango da. 

Zapatu iluntzean, 21:11 aldera espero da 24. Korrika Eibarren sartzea, eta 3144-3166 kilometroen arteko ibilbidearen zatia beteko da gure herrian. Hala ere, aurretik (20:38 aldera) Eibarko lau taldek (Kirolbet, Tekniker, Codesyntax eta Euki) Maltzagan hartuko dute lekukoa, Elgoibartik Soraluzera bidean (3132-3135 km.). Eta, handik bueltan, Maltzaga ingurutik sartuko da 24. Korrika Eibarren, erdialdeko ibilbidea (3145–3158 km) betetzeko. Beste batzuetan bezala, herriko ardatz nagusiak zeharkatuko ditu, bi buelta egin eta, Amañatik, Ermurako bidean jarraitzeko. Edizio honetan Eibarren lekukoa hartuko duten elkarte eta taldeak hauek dira: Urbat, Erain (Soraluzetik Maltzagara bidean); Eibar Rugby Taldea, Eibar Eskubaloia (Maltzagara bidean); Eibarko Dendarien Elkartea, Eibarko Udaleko langileak (Maltzagako biribilgunea); EH-ko Mendizaleen Biltzarra, Hankamotxak (Maltzaga eta Azitain artean); Eibarko Suhiltzaileak, Yarzan Lagunak (Maltzaga-Azitain); Eibar BHI, Eibar BHI Guraso Elkartea (Barrena, Eibarko sarrera); Podemos, Asua Erreka Urkizu (Barrena, 34); Laborala, Aldatze ikastetxea (Barrena, 10); San Andres Eskola, San Andres Guraso Elkartea (Barakaldo, 17); Mogel ikastola, Mogel Guraso (Urkizu, Eroski parean); Sortu, Bildu (Errebal Coliseo parean); Baso Biziak, Klub Deportiboa, Kaxa (T. Etxebarria 27, eskultura parean); Eibarko Mugimendu Feminista, Eibarko Gazte Mugimendua, EH-ko Gazte Feministak (Calbeton, Fotoprix pareko bidegurutzea); Eibar Palestinarekin, Arrate Kultur Elkartea (Bidebarrieta, Itxesi parean); Eibarren Akebai, ...eta kitto! Euskara Elkartea, Gure Esku Dago (Ongi Etorri taberna parean, bigarren buelta); LAB, Astixa (Untzaga, Txoko parean); AEK, Josu Egiguenen Lagunak (AEK euskaltegian); Ipuruako Jai Batzordea, Ipuruako Merkatu Plaza (San Pio-Komat artean); Eibarko Udala, Eibar foball taldea (R. Galdos, 21); Amañako Jai Batzordea, Etxerat (Amañako biribilgunea); La Salle Eibar, La Salle Guraso Elkartea (T. Anitua 11, Fontaneria Amaña); eta Armeria Eskola, Uni Eibar Ermua (T. Anitua, 23). 


Korrika Eguna ospatzeko egitarau zabala, goizetik hasita


Iluntzean ailegatuko zaigu 24. Korrika baina, horren aurretik, egun osorako egitaraua prestatu dute, lasterketa Eibarren sartzen denerako beroketak eginda eta herria ondo girotuta egoteko: “Biharkoa zapatu bete-betea izango da, ospatzeko eguna. Goizetik gauera, auzoetatik erdigunera, denak Korrikara batzeko deia da hau”. Horrela, 10:00etatik aurrera hainbat tailer eskainiko dituzte Ipuruako Merkatu Plazan, eta 12:30ean Korrika Txikia hasiko da (Argatxan). Urki auzokoen Korrika Txikia, berriz, 11:00etan hasiko da (Kurutzekuatik) eta, 11:30ean, herri-kirolak egongo dira (ikastetxeko patioan). Auzoetatik kanpora, Untzagan egongo da Korrikaren gune nagusia: 12:00etan txosna zabalduko dute, ondoren poteo-girotua hasiko da eta, herri-bazkariaren aurretik, talde-argazkia aterako dute. Arratsaldean, berriz, Kaxaren eskutik zunbatoia egingo da, eta 19:00etatik aurrera Matraka elektrotxarangakoak arituko dira. Eta, Korrika Eguna biribiltzeko, 22:30etik aurrera erromeria egongo da, Iratzar taldearekin. 


Eibar beti presente 
1980. urtean egin zen lehen Korrika, Oñatitik Bilbora, eta Eibarrek paso garrantzitsua izan zuen Debabarreneko zatian. Garai hartan Eibarren euskararen aldeko giroa oso handia zen, eta ikastola eta euskara elkarteek parte-hartze masiboa antolatu zuten. Ondorengo edizioetan ere parte hartu zuen Eibarrek eta, 1980ko hamarkadan, Korrika pasatzen zen bakoitzean herriko talde askok kilometroak erosten zituzten, eta festa giro handia sortzen zen herrian. 
1990eko hamarkadatik aurrera, Eibarren Udalak, ikastetxeak eta elkarteak kilometro propioak erosten hasi ziren, sistematikoki, eta harrezkero edizio batetik bestera Korrika etenbarik hazten joan da, gaur egun ezagutzen dugun euskararen aldeko festa erraldoia bilakatu arte. Izan ere, 2000. urtetik aurrera Eibarren Korrika jai sozial handia bihurtu da, eta bere inguruan hamaika jarduera antolatzen dira beti: kontzertuak, ikastetxeen eskutik egiten den Korrika Txikia, kultur ekitaldiak... 
Korrikaren historian, askotan aipatu izan da Eibar parte-hartze handia duen herrietako bat dela, kilometro asko erosten dituela. Baina, zergatik erosten dira hainbeste kilometro Eibarren? Gure herrian Korrika arrakastatsua izatearen arrazoia ez da bakarra, hiru faktore nagusi elkartzearen ondorioa baizik. Historikoki industria-herria izateak badu bere garrantzia, enpresa txiki eta ertain askok kilometro propioa erosten dutelako, eta horrek asko handitzen du kilometro kopurua. Eta parte-hartzeari ere eragiten dio, lantegi batek kilometroa erosten duenean, askotan langile talde osoa ateratzen delako korrika. Horrekin batera, Eibarren elkarte sare handia dago (kirol klubak, kultur elkarteak, auzo-taldeak, ikastetxeak, guraso elkarteak...), eta talde bakoitzak kilometro bat edo gehiago hartzen badu, herriko kilometro kopuruak azkar egiten du gora. Eta, hori gutxi balitz, euskara mugimendu indartsua duen herria da gurea. Izan ere, Eibarren aspaldidanik egon dira, euskaltegi aktiboak, euskararen alde lan egiten duten talde eta elkarteak, eta ikastolen mugimendua ere garrantzitsua izan da. Horiek ematen diote nortasun berezia Eibarko Korrikari.