Ekialdea Berritzen proiektuan parte hartu duten hamar gaztek eraberritutako Ondamendi gunea inauguratu dute

Gizarteratze- eta laneratze-programa horrek egoera zaurgarrian dauden gazteak laneratzea du helburu
Ekialdea Berritzen proiektuan parte hartu duten hamar gaztek eraberritutako Ondamendi gunea inauguratu dute
2024/11/05 11:46
eta kitto!

Eibar-Ekialdea Berritzen proiektuaren bigarren eta azken fasea amaitu dute Ondamendi prestakuntza gunearen inaugurazioarekin. Egitasmo horren bitartez prestakuntza, orientazio eta kontratazio ibilbidea jarri dute martxan eta, horren ondorioz, langabezia zeuden 10 gaztek prestakuntza gunearen erreforma integrala egin dute.

19 eta 29 urte bitarteko hiru neskak eta zazpi mutilek hartu dute parte Ekialdea Berritzen proiektuan eta, bertan, 12 hilabetetan zehar hainbat gaitasun eskuratu dituzte: igeltserotza, pladurra jartzea, iturgintza, barrutik eta kanpotik isolamenduak jartzea, pintura lanak, aroztegia, sabai faltsua jartzeko prozedura, zoruen kolokazioa eta elektrizitatea.

Konkretuki lan hauek egin dira aipatutako espazioan: estalki guztia asfaltozko oihalez berritu da, fatxada SATE sistemaz isolatu da, barruko trenkadak kendu eta pladurrezko trenkada berriak jarri dira, PVCzko leiho berriak instalatu dira, bainugela eta aldageletako horma eta zoruetan azulejuak ipini dira, hormak eta sabaiak margotu dira, geletan sabaiak jaitsi dira (akustikagatik) eta laminatutako zorua ipini da eta ikasgelako eremuetan, aldageletan, korridoreetan zokaloak jarri dira eta gela guztietan ate berriak instalatu dira.

 

Prestakuntza eta enplegua

Programako lehen fasean, prestakuntza teknikoa egin dute bi hilabetez beka ekonomiko bati esker, eta horrekin Estaldura arinen eta eraikuntzako tekniken oinarrizko eragiketen profesionaltasun-ziurtagiria lortu dute.

Bigarren fasean, 10 hilabeteko iraupena zuen txandakako prestakuntza kontratua eskaini zaie, eta SATE eta Pladur sistemetan espezializatutako prestakuntzekin bateratu dute.