Mercedes Kareaga, ahanzturatik argitara

Mercedes Kareaga bere garaiko emakume aitzindarietako bat izan zen. Hezkuntzan, euskalgintzan, herrigintzan eta emakumeen ahalduntzean egindako lanak arrasto sakona utzi zuen Eibarren, baina haren figura urte luzez itzalpean geratu da. Mercedes Kareaga Bekaren lehen emaitza den liburuan, Begoña Etxenagusiak haren bizitza ez ezik, XX. mendeko Eibarko memoria historikoaren zati bat ere berreskuratu du.
Mercedes Kareaga, ahanzturatik argitara
2026/07/24 11:21
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Mercedes Kareagaren izena ez da ezezaguna Eibarren. Askok Goi Argi emakumeen elkartearekin lotzen dute, baina haren ibilbidea askoz zabalagoa izan zen. Irakasle izan nahi zuen emakumea, propagandista aparta, herrigilea eta antolatzaile nekaezina izan zen, emakumeek espazio publikoan ia lekurik ez zuten garaian. Hala ere, haren bizitza eta ekarpena urte luzez bigarren planoan geratu dira.

Mercedes Kareaga Bekaren lehen emaitza den ‘Mercedes Kareaga Gisasola (1908-1997)’ liburuan, Begoña Etxenagusia hutsune hori betetzen saiatu da. Bi urte baino gehiago eman ditu artxiboz artxibo, dokumentuak eta lekukotasunak bilduz, Eibarko emakume aitzindari haren arrastoa berreskuratzeko. Ikerketaren emaitza ez da, ordea, biografia huts bat: Kareagaren bizitzaren bidez, XX. mendeko Eibarko historia, emakumeen papera eta memoria historikoaren garrantzia ere josten ditu.

Iraganaren aztarnen atzetik

Ikerketa guztiak galdera batekin hasten dira. Mercedes Kareagarena ere hala hasi zen. Begoña Etxenagusiak bazekien Emakume Abertzale Batzan aritu zela, baina hortik aurrera ia ez zuen informaziorik. «Hasieran ez nekien ezer bere inguruan. Banekien Emakume Abertzale Batzan aritu zela, baina ez nekien gauza handirik», gogoratzen du. 

Lehen arrastoak egunkari zaharretan agertu ziren. Euzkadi eta El Día egunkarietako aleak arakatzen hasi zen, urtez urte, eta berehala ohartu zen Mercedes Kareagaren izena behin eta berriz agertzen zela. Orduan konturatu zen haren garaiko oihartzunak ez zuela zerikusirik gaur egun duen ezagutza mailarekin. 1932an mitinak ematen zituen, propaganda lanetan aritzen zen eta bere hitzaldiak egunkarietan argitaratzen ziren. «Hor bidea zabaldu zitzaidan», dio. 

Aurkikuntza hark ikerketaren norabidea erabat aldatu zuen. Hasieran Mercedes Kareagaren bizitza ezagutzea zen helburua. Dokumentuak pilatu ahala, ordea, ikerketak beste dimentsio bat hartu zuen. Artxiboek ez zuten emakume baten arrastoa bakarrik gordetzen; XX. mendearen lehen erdiko Eibarko gizartearen, emakumeen ekarpenaren eta herriaren memoria historikoaren zati bat ere bazegoen han.

Begoña Etxenagusia ikertzailea.

Mercedes Kareaga. Argazkia: EIBARKO UDAL ARTXIBOA

Ezustekoz beteriko bidea 

Mercedes Kareagaren inguruko lehen datuak aurkitu ondoren, ezustekoak bata bestearen atzetik etorri ziren. «Mercedes sorpresa handia izan da. Pentsatzen duzu ez duzula ezer aurkituko, eta bat-batean gauzak azaltzen hasten dira», dio Begoña Etxenagusiak. Aurkikuntza bakoitzak beste baten arrastoa ekarri zuen.

Lehen ezusteko handia Kepa Enbeita 'Urretxindorra' bertsolariak Mercedes Kareagari eskainitako bertsoa izan zen. Etxenagusiak ez zuen espero halako lekukotasunik aurkitzea, are gutxiago emakume bati eskainitako bertsoa izatea, garai hartan ez baitzen ohikoa. «Emakumia, nun zara? / Urten zaiz enparantzara» dio lehen ahapaldiak. Garai hartan Mercedes politikatik erretiratuta zegoela uste izan da, eta horregatik egin zitzaion hain esanguratsua bertsoaren hasiera.

Urretxindorrak Mercedes Kareagari zuzenduriko bertsoa. Euzkadi egunkaria, 1933ko urriaren 19a, azken orrialdea. Bizkaiko Foru Liburutegia. 'Mercedes Kareaga Gisasola (1908-1997) liburutik ateratakoa.

Beste aurkikuntza garrantzitsuetako bat Miren Lazkano Gisasolarena izan zen. Eibartarra zen hura ere, eta 1932an, 18 urte inguru baino ez zituela, mitinak ematen zituen. Baina ez zen hori izan harritu zuen gauza bakarra; diskurtsoak euskaraz egiten zituen. Garai hartan, propagandista gehienek gaztelania erabiltzen zuten, eta horregatik harritu zuen hainbeste Miren Lazkanoren jardunak. Miren Gerenek hari eskainitako bertsoa ere aurkitu du Etxenagusiak, eta erreportaje honetan jaso dugu.

Ikerketak aurrera egin ahala, Mercedes Kareagaren beste alderdi bat ere ezagutu zuen Etxenagusiak. Nafarroan barrena propagandista lanetan ibili zen, Jose Antonio Agirre edo Telesforo Monzon bezalako izen ezagunekin batera. Emakume ia bakarra zen halako mitinetan. Horrek ere erakusten du bere garaian izan zuen aitortza eta eragina gaur arte iritsi zaiguna baino handiagoak izan zirela.

Bere garaiko mugak gainditu zituen emakumea

Mercedes Kareagaren bizitzan bi ezaugarri agertzen dira behin eta berriz: independentzia eta ekimena. Bere garaian emakumeentzat ohikoak ez ziren bideak hartu zituen, eta bere kabuz sortu zituen beste hainbat. Ez zen soilik ekimenetan parte hartu zuen emakumea izan; askotan, bera izan zen ekimen horien bultzatzaileetako bat.

«Niretzat Mercedes Kareaga oso emakume independentea izan zen, eta indar handikoa. Antolatzeko gaitasun handia eta nortasun handia zituen», azaldu du Begoña Etxenagusiak. Ikertzailearen arabera, Kareagaren figura ulertzeko ezinbestekoa da haren ekimenerako gaitasunari erreparatzea: «Berak bazuen indar hori, jendea biltzeko eta gauzak aurrera eramateko gaitasuna».

Independentzia hori bere ibilbide osoan ageri da. Gaztetatik hezkuntzarekiko interesa izan zuen eta magisteritza ikasi zuen, nahiz eta ikerketan ez den argitu ikasketak amaitu zituen ala ez. Berak, ordea, ez zuen bere burua irakasle bezala definitzen. «Irakasle baino gehiago, hezitzaile bezala ikusten zuen bere burua», azaldu du Etxenagusiak. Ezagutza eta ikaskuntza emakumeen garapenerako tresna garrantzitsuak zirela uste zuen.

Baina Mercedes Kareagaren dimentsioa bereziki agerian geratzen da Goi Argi emakumeen elkartearen sorreran. 1951n sortu zuten, frankismo betean, emakumeek beraiek sortu eta kudeatutako espazioa. Etxenagusiaren ustez, proiektuaren neurria ulertzeko nahikoa da garai hartako testuingurua kontuan hartzea: «Benetan harrigarria izan zen. Ez zegoen Espainia guztian horrelakorik, eta ez dakit Europan esatera ere ausartuko nintzatekeen».

Goi Argiko emakumeak. Argazkia: EIBARKO UDAL ARTXIBOA

Goi Argi ez zen emakumeentzako topagune hutsa izan. Emakumeek euren kabuz antolatzeko, erabakiak hartzeko eta herrian eragiteko zuten gaitasunaren erakusle izan zen. Kareagak ez zuen proiektua bere onurarako ulertzen, komunitatearentzako tresna gisa baizik. «Beraientzat ez, herriarentzat egiten zuten», azaltzen du Etxenagusiak.

Horregatik, Kareagaren aitzindaritza ez dago ekintza jakin batean bakarrik, baizik eta bere bizitzeko eta jarduteko moduan. Emakume ezkongabea izan zen, bakarrik bizi izan zen eta bere erabakiak hartu zituen, garai batean ohikoa ez zen bidea aukeratuz. «Emakume independentea izatea emakume arriskutsu bezala ikusten da gizartean», hausnartzen du Etxenagusiak. Haren ustez, Kareagaren bizitzak oraindik gaurkotasuna duen galdera bat mahai gainean jartzen du: zenbat aldatu dira benetan emakumeek euren bidea aukeratzeko dituzten mugak?

Mercedes Kareagaren historia ez da, beraz, iraganeko emakume baten kontakizun hutsa. Bere bizitzak erakusten du emakume batek, bere garaiko baldintzak gorabehera, espazio berriak ireki eta beste emakume askori bidea zabaldu ziela. Horixe izan zen, hain zuzen ere, haren eta Goi Argiko emakumeen ezaugarri nagusia, Karmen Apellanizek gogorarazi bezala: «Gaitasuna, lan egitea eta lan eginaraztea».

Mercedes Kareaga eta Josefina Orbea. Argazkia: EIBARKO UDAL ARTXIBOA

Bizirik dirauen ondarea

Mercedes Kareagaren historia berreskuratzea ez da iraganeko emakume baten biografia osatzea soilik. Bere bizitzaren bidez, Begoña Etxenagusiak XX. mendeko Eibarko memoria historikoaren zati bat ere argitara ekarri du: emakumeek herrigintzan, euskalgintzan eta gizarte antolakuntzan izan zuten ekarpena.

Hala ere, urte luzez Kareagaren figura ez da behar bezala ezagutu. «Ez, esango nuke ezetz. Nik ez nuen ezer ezagutzen haren inguruan, Goi Argiko emakumeen sozietateaz aparte. Eta Eibartik kanpo are gutxiago», aitortu du Etxenagusiak. Horregatik, liburuak ez du soilik emakume baten memoria berreskuratzen; garai bateko Eibarko emakume askoren arrastoa ere ikusgarri egiten du.

Kareagaren bizitzak, gainera, gaur egungo galderak ere mahai gainean jartzen ditu. «Emakume independentea izatea emakume arriskutsu bezala ikusten da gizartean», azaldu du ikertzaileak. Bere ibilbideak gogorarazten du emakumeek, garai zailenetan ere, euren espazioak sortu eta gizartean eragiteko gaitasuna izan dutela.