El Corte Inglesek Eibarko online denda itxiko du

El Corte Inglesek Eibarko online denda itxiko du
2023/09/18 10:26
eta kitto!
Orain dela bi urte ateak itxi eta bide digitala hartu ondoren, El Corte Inglesek Eibarren zuen aktibitatea amaituko du online denda (dark store) itxi ondoren. Horrela, Errebal kaleko bidaia-agentzia izango da El Corte Inglesek herrian eskainiko duen zerbitzu bakarra.

El Corte Inglesek Bilbora eta Gasteizera eramango ditu Eibartik eskaintzen ziren zerbitzuak, eta enpresak adierazi duenez, lanpostuei eutsiko die. Zentzu horretan, “langileen lan-eskubideak defendatuko ditugu”, adierazi dute sindikatuek.

 

80 milioi euroko inbertsioa

El Corte Inglesek 2009an zabaldu zituen Ego Gain kaleko eraikinaren ateak, 80 milioi euroko inbertsioa egin ondoren. 2021ko uztailaren 30ean merkataritza-gunea itxi eta biltegia online salmentak egiteko erabiltzen hasi ziren, eta El Diario Vascok argitaratu duenez, udal-gobernuak eraikina erosteko gestioak egin ditu, bertan Armagintza Museoa kokatzeko asmoz.