Elena Barrena Osoro historialari eta ikerlari eibartarra hil da
Elena Barrena Osoro historialari eta ikerlari eibartarra zendu da (1953-2025), eta bere legatua gogorarazi dute Ego Ibarrako webgunean.
Ego Ibarraren berbetan, "ezin dugu Elena Barrena Osororen inguruan hitz egin historia eta herriko ondarea aipatu gabe. Historialari honen bizitza beti egon da ikerketari eta irakaskuntzari lotuta, bereziki, Gipuzkoaren historiari",
Elenaren alderdi ugari goraipatu daitezke eta "horietako bat irakaslerena da. 1991. urtean hasi zen irakasle lanetan, eta 2018ra arte hala jarraitu zuen, beste kargu batzuk tarteko. Urte horietan guztietan, historialari ugariren maistra izan da, eta, dirudienez, Elenaren azalpenek ikasle askoren memorian iraun dute. Formazio hori modu integralean eskaintzen zuen Barrenak; gure historia sentimenduz jorratzen zuen, eta ikasleei hausnartzeko tresna ugari ematen zizkien", azaldu dute.
Bigarren alderdia ikerlariarena da eta horren errepasoa egin dute Ego Ibarrako webgunean: "1977. urtean lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean, Filosofia eta Letretan, Historia atalean; hor koka genezake Elena ikerlariaren hasiera. Urte batzuk geroago unibertsitate berean aurkeztu zuen tesia: Las transformaciones en la organización social de un territorio cantábrico durante la época medieval: la reforma histórica de Guipúzcoa. Handik abiatuta, historialariak ez zion ikertzeari utzi eta hainbat eta hainbat lan argitaratu zuen ondoren. Ezin aipatu gabe laga Elena dela Gipuzkoako hiribilduen sorreren inguruko aditu nagusiena".
1000 urte beteko dira Gipuzkoaren lehen aipamen idatzia egin zela, eta Elena ezin dugu ospakizun horretatik at utzi, historialariaren ikerketaren oinarria Gipuzkoa izan baita, haren izaera, izana eta osagaiak xedatzeko. Gainera, Barrenak tesia aurkeztu zuela 35 urte izango dira. "Ezin da lurralde baten historia eraiki pertsona jakin batzuen jakinminik eta ekarpenik gabe. Horregatik, ezer gutxi jakingo genuke gure historiaren inguruan Elena eta beste ikerlari batzuen lanik gabe. Barrenaren ekarpenen garrantziaren adibide da haren ikasle talde batek hasi berri duen omenaldia: Gipuzkoa, mila urteko historia: Elena Barrenari gorazarre. Ez dago omenaldi hoberik irakasle eta historialari batentzat, ikasle izandakoz osatutako historialari talde batek, zure lana, ekarpena eta bizi esperientzia oinarri hartuta, artikulu bilduma bat argitaratzea baino", diote.