Elena Martin (Gospel Bilbaoko zuzendaria): "Gospelarekin gozatzeko eta dantzatzeko aukera izango da gaurko kontzertuan”

Elena Martin (Gospel Bilbaoko zuzendaria): "Gospelarekin gozatzeko eta dantzatzeko aukera izango da gaurko kontzertuan”
2016/01/29 08:55
eta kitto!
Elena Martin Eibarko Musika Eskolako irakasleak zuzenduko du gaur, 20:30etik aurrera, Coliseoan eskainiko den Gospel Bilbaoren kontzertua. Berak eta Alain Gallego pianistak gidatuko dute 28 abeslariz eta sei musikariz osatutako taldearen emankizuna. Aipatutako taldearekin izango da Eibarko Koro Gaztea ere, telonero lanetan. Bilbaoko abesbatzak generoaren klasikoak eskainiko ditu eta, horiez gain, Michael Jackson-en “Man in the mirror” edo U2-ko “Pride” gospelizatuko dituzte, beste batzuen artean. Hiru urte dira kontzertuak eskaintzen hasi zirela, eta gaurkoan 10 euro ordainduz gospelarekin gozatzeko aukera ezinhobea izango dugu, “jendeak txalo egiteko eta aleluia deihadar egiteko” paradarekin batera.

– Zelan eta zergatik heldu diozu horrelako proiektu bati?
Proiektua 2012an sortu zen Bilbon; orduan ezin izan nuen hartu, eta orain hamabostean behin Bilbora joateko baldintza bakarrarekin heldu diot. Bestalde, gospela oso gustokoa izan dut betidanik eta oso ilusionatuta gaude lanarekin.
– Zertan aberastu zaitu proiektuak?
Prestaketa-lan potoloa egin dugu Alain Gallego zuzendari-ordeak eta biok; bera gabe ezinezkoa izango zen. Entseguak bi ordukoak izaten ziren, 20:00etatik 22:00etara, eta hor bestelako esperientzia batekin aurkitu gara. Genero berria izanik, teknikoki eta musikalki ahalegin berezia egin behar izan dugu eta asko ikasi dut ahots mistoen abesbatza zuzentzerako orduan. Espiritualki ere bete nauela esango nuke, musika afroamerikar horrek arimaren kontuak ukitzen dituelako. Txikitatik gustatu izan zait musika beltz estilo hori eta koru gazteekin jardundakoan ere beti sartu izan dugu gospel tema bat edo beste.
– Zeintzuk izan dira lan-prozesuko zailtasun edo erronka nagusienak?
Nire barnean horrelako ezinegon moduko bat izaten dut lan honekin; nire sentsazioa da emaitza ez dudala hain kontrolatua, nire eskuetatik kanpoago dagoela. Egia esan, ez naiz perfekzionista eta, alde horretatik, ondo dago beti zeozer berria sortzea. Horrelakoetan, dena dela, nire helburua izaten da ahots batetikan onena ateratzea beti. Gustutako litzaidake AEB-tara joatea urtebeterako eta han klaseak jasotzea, esaterako. Burua zabalik izan behar duzu beti, ikasteko prest.
– Zerekin egingo du topo gaur Coliseora doanak? Izango du ezustekorik?
Euskaldunek egindako gospela izango dute aurrean eta dantzatzeko eta gozatzeko aukera paregabea. Gure kontzertuetan feed-back-a bilatzen dugu, horrek bihurtzen du-eta arrakastatsu funtzioa. Eta, Missisippi-tik ez bagatoz ere, pasio guztiekin abesten dugu eta hori jendeak igarriko du. Gospela ezagutzen dutenek gozatu egingo dute; eta ezagutzen ez dutenek zeozer berria deskubrituko.
– Lanbidez irakaslea izanda, zelako egoera bizi du gure herriak arlo horretan? Badu hutsunerik edo zer hobetzerik?
Bi gai ematen ditut: Hizkuntza Musikala, 7 urtetik aurrerakoentzat; eta Koroa. Azken horretan bi abesbatza zuzentzen ditut: JB Gisasola Abesbatza, 9 urtetik 14 urtera arteko neska-mutilekin; eta Koro Gaztea, hor 29 urteko azken fitxaketarekin. Bandaren eta beste taldeen harrobia ere zaindu beharko genituzke; aldi berean, haize- eta perkutsio- instrumentuak behar dira... Bestelako ideiak ere izan daitezke, akaso matrikulazio-estrategia alda daiteke, baina aztertu beharreko kontua da.
– Tradizioz musikari lotutako herria izan da Eibar. Gazteek heltzen diote tradizio horri? Eta gizonak, zergatik falta dira euren ahotsak ia talde guztietan?
Tradizioari heltzen diogula esango neuke, ahal den neurrian behintzat. Egun gutxi barru Santa Agedako kalejira izango dugu, oso bizi dago egun hori. Proiektu asko badaude ere, errealitate bihurtu behar ditugu. Gazteen kasuan, sasoiak aldatu dira eta musika komertziala da nagusi egun.  Hala ere, nire irakasle lanean ahalegintzen naiz tradiziozko musikari eusten. Eta gizonezkoen kontu horri buruz, kultura kontua ere badela uste dut. Europa iparraldeko herrialdeetan eta Alemanian arte arloan gizonezkoak protagonista diren moduan, gurean ez dago halakorik. Baina piskanaka bideratzen jakingo dugulakoan nago.