Emakume langileen aldeko borroka kalera eramateko deia
Testuinguru horretan, euren ustez, “kale mailako erantzuna desegin egin da, ezkerreko alderdiek beren praktika politikoa instituzioetara mugatu dutelako eta antolakuntza politikoa hustu dutelako”. Gainera, erakundeek eta alderdi instituzionalek emakume langileen zapalkuntzari aterabidea emateko duten ezintasuna agerian geratu dela adierazi du erakundeak.
Politika instituzionalaren mugen artean lau arlo nagusi nabarmendu ditu Itaiak: batetik, poliziaren jarrera salatu dute. Bestetik, urruntze-aginduen mugak azpimarratu dituzte. Neurri horiek babesa eman beharko luketen arren, azken bost erailketatik bat urruntze-agindua indarrean zegoela gertatu dela gogorarazi dute. Horrez gain, osasun publikoan bizi den egoera jarri dute auzian. Eta azkenik, soldata-arrakalaren inguruko datuak ere zalantzan jarri dituzte.
Honen aurrean, desmobilizazioari aurre egiteko eta emakume langileen aldeko borroka kalera eramateko beharra aldarrikatu du Itaiak. Diskurtso matxistei planto egin eta eraso bakoitzari erantzuteko deia luzatu dute.

