Matraka! Eibarko Gazte Feminista taldea: “Antolatu gaitezen, bete ditzagun kaleak eta astindu dezagun Eibar”
Misoginiari, transfobiari eta faxismo erreakzionarioari aurre egiteko autodefentsa feminista aldarrikatu du Matrakak Azaroaren 25aren harira. Gazte feministen ustez, ezinbestekoa da saretzea eta antolatzea.
Iaz, azaroaren 25ean, Matraka! Gazte Feministen taldeak Eibarren eginiko mobilizazioa.
2026/11/2312:39
Irati Alvarez Malaxetxebarria
Eskuin muturra indarra hartzen ari den honetan, argi adierazi nahi du bere jarrera Matraka! Eibarko Gazte Feministek taldeak. Azken urteotan diskurtso matxistak, transfoboak, arrazistak eta faxistak ugaritu direla ohartarazi dute, baita horiek normalizatzeko arriskua ere. "Urteetako borrokaren bidez lortutako eskubideak berriro zalantzan jartzen ari dira, eta hori ezin dugu onartu", azaldu dute.
Haien ustez, zapalkuntza horiek elkarri lotuta daude, eta "mundu zisheteropatriarkal, kapitalista eta kolonialista" mantentzeko nahiari erantzuten diote. Indarkeria matxista, gainera, ez da kasu isolatuetara mugatzen: "Egunerokoan ditugun jarrera, diskurtso eta botere-harremanetan ere agertzen da".
Gazteen artean, bereziki gizon gazteen artean, diskurtso antifeministen gorakada nabaritzen dute. Feminismoak lortutako aurrerapausoek ordura arte zalantzan jartzen ez ziren pribilegioak kolokan jarri dituztela uste dute, eta horren aurrean batzuek feminismoa mehatxu gisa ikusten dutela. Atzerapausoez ere ohartarazi dute: "Eskubideak eta berdintasuna ez dira berez etortzen, borrokaren bidez lortzen dira, eta horregatik ezin dugu erlaxatu".
Transfeminismoa eta autodefentsa
Misoginia eta transfobia batera aipatzen dituzte, biak genero-arau patriarkaletatik abiatzen direlako. Horregatik, feminismoak transfeminista eta intersekzionala izan behar duela aldarrikatzen dute. "Emakume transak borroka feministaren parte dira, eta haien eskubideak defendatzea ere feminismoaren ardura da". Emakume guztiek zapalkuntzak modu berean bizi ez dituztela gogorarazi dute, eta inor kanpoan utziko ez duen borroka baten alde egin dute.
Autodefentsa feminista, berriz, norbere burua babestetik harago doala azaldu dute. Patriarkatua eguneroko bizitzako eremu guztietan dagoela diote, eta horri aurre egiteko sareak sortzea, elkarri sinestea eta erasoei batera erantzuteko tresnak eraikitzea ezinbestekoa dela. "Ez dugu beldurrean oinarritutako bizitza bat nahi. Beldurra eta amorrua antolakuntza eta borroka bihurtu nahi ditugu".
Azkenik, gazte eibartarrak antolatzera eta egunerokoan jarrera matxista, transfobo eta arrazisten aurrean isilik ez geratzera animatu dituzte. "Isiltasuna ere konplizitatea da". Haien mezua argia da: "Ez dugu atzera egiteko asmorik, eta ez dugu inor atzean utziko. Antolatu gaitezen, bete ditzagun kaleak eta astindu dezagun Eibar!".