Eñaut Elorrieta: “Kantuen esentzia erakusten dut, inolako artifiziorik gabe”

2019/01/14 13:03
eta kitto!
Eñaut Elorrietak, beti geldiezin eta erronka berriei ekiteko gogoarekin, zuzenean interpretatzeko eta gozatzeko asmoarekin sortutako musika proposamen berria eskainiko digu Coliseo antzokian, datorren ostiralean (urtarrilak 18), 20:30ean. Oraingo honetan, Ken Zazpi-ko abeslariarekin batera, Kaabestri String Ensemble, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko bost musikarik osatutako hari boskotea izango dugu eszenatokian. Beraz,  bi biolin, biola, txeloa eta kontrabaxua, eta seigarren instrumentu bezala Eñaut Elorrietaren ahotsa. Denen artean “Harian”, sentsazio berriak bizitzera eramango gaituen kontzertua eskainiko dute.

- Eibarko Coliseo Antzokia ezaguna duzu. “Deserriko kantak” aurkeztu zenuen orain dela 4 urte. Nolako lekua iruditzen zaizu?
Oso oroitzapen gozoak ditut. Jendea oso gertu dago, baina aldi berean leku erosoa da. “Harian” bezalako formatoak aurkezteko oso leku aproposa iruditzen zait. Jendea eroso dagoen lekua bilatzen dut, denok lasai eta gertu egongo garen lekua. Proiektu desberdina da, arriskutsua eta biluzia. Eta horrelako lekua behar du, entzulea ere proiektuan eta kantuetan murgiltzeko, eta guk era egokienean aurkezteko.


- Pop eta rock mundutik musika klasikora. Oraingoan, zurekin hari boskotea izango da: Oskar Lopez eta Igor Torre (biolinak), Arkaitz Martinez (biola), Paloma Torrado (kontrabaxua) eta Jon Larraz (txeloa). Aldaketa handia izan da?
Orkestra sinfonikoarekin egin genituen kontzertuetan gitarra elektrikoa, baxua eta bateria bezalako instrumentuak zeuden. Hari boskotearekin pausu bat gehiago ematen dela iruditzen zait, eta gehiago bilatzen da musika klasikoarekin egiten den uztarketa hori. Giroa guztiz organikoa da. Artistikoki ez daukat orain arte neukan erritmo finko bat, baxuak edo bateriak eman dezaketenak. Erritmoaren kontzeptua malguagoa da, bisualagoa eta sentsazio flotante eta askeago bat bilatu nahi izan dugu. Erronka izan da, sentsazio bilaketa horretan seguru sentitzea, bertigoa gainditzea eta instrumentu bakar bat bagina bezala fusionatzen jakitea. 


- Azaroan eman zenuten lehen kontzertua Arriaga antzokian. Nola joan dira orain arte emandakoak?
Egiten ari garen kontzertu bakoitza bakana da, eta sortzen den giroa eta energia ere. Artistikoki hau oso interesgarria da. Helburua, poiektu honekin, nire ahotsa azentuan jartzea eta kantari bezala ohikoa ez den formato batean aritzea da, horrek azken finean helduleku berriak bilatzera eramaten zaituelako eta esperimentaziozko bide horretan  zure burua frogan jartzen duzulako. Biluztasunean kantuen esentzia erakusten dut, inolako artifiziorik gabe.


- Beraz, pozik zaude jendearen erantzunarekin.
Pila bat eskertzen dut jendearen babesa. Orain arte areto guztiak bete ditugu. Oraindik bukatu gabe dagoen proiektu bat da, kontzertuz kontzertu osatzen doa. Aldi berean, ulertzen dut jendeak hasiera batean hari baten gainean dantzan bezala ikusten nauela, oso hauskor, eta hori da bilatzen dena, hain justu: soken gainean dantza egitea eta, azkenean, soka horien gainean ekilibrioak egitea. Beti dago jausteko aukera eta ez dago sarerik, eta sentsazio hori jendeak jasotzen duela iruditzen zait.


- Errepertorioari buruz zer aurreratu daiteke?
Errepertorioa momentu honetako nire argazki eguneratua da. Ken Zazpirako sortu nituen hiru kantu, nire bakarkako ibilbidean sortu ditudanak eta beste lau kantu berri gehitu dizkiogu. Kolaborazio oso ederrak izan ditut, goi mailakoak. Fernando Velázquez da horietako bat, berak moldatu ditu kantu gehienak. Carlos Monfort mexikarrarekin ere beste moldaketa bat egin dut eta aspaldian mundu klasikoan buru belarri sartuta dagoen Juan Carlos Perezekin ere bai. Ur ezezagunetan sartu naiz proiektu honekin, baina ahalik eta jende hobeagoarengana hurbildu naiz.

Eñaut Elorrieta2

Eñau Elorrieta 3