Eñaut Salegi, zesta-puntista: "Zesta punta esku pilota baino bizkorragoa eta politagoa da"
- Nolatan hasi zinen zesta puntan?
12 urterekin hasi nintzen, Markinan horren inguruko nahikoa zaletasun dago eta. Umetan esku pelotan hasi nintzen, baina gero lagun bat zestan hasi zen, nik ere probatu nuen eta, gustatu zitzaidanez, gaur arte horretan jarraitu dut. Biak oso ezberdinak dira, zesta askoz bizkorragoa da eta politagoa begitandu zitzaidan.
- Gure artean, baina, esku pilota zesta punta baino zabalduago dago, ezta?
Gaur egun hala da, besteak beste telebistaren eraginez, baina ez da beti hala izan. Lehenago zestak indar handiagoa zuen.
- Non entrenatzen duzu? Hemen inguruan badago zesta puntan jarduteko frontoi egokirik?
Bai, Markinakoa oso frontoi handia da, 50 metro dauzka eta hantxe ibiltzen gara, 3 egunetan zesta puntan gabiltzanak entrenatzen dugu eta beste egunetan esku pilotan dabiltzanek erabiltzen dute, txandakatu egiten gara.
- Zelan egokitu zaizu Ameriketara joateko aukera?
Zesta puntako txapelketetan ondo jardun dut azken aldi honetan. Iaz 22 urtetik beherakoen artean mundu mailako txapela lortu nuen, Euskal Herriko txapelketa ere irabazi dut, Markina, Gernika, Garazi eta Hossegorren jokatutakoetan ere txapela jantzi dut… oso bolada ona daroiat. Iraila hasieran ailegatu zitzaidan AEB-tara, Daniara joateko eskaintza eta baietz erantzutea erabaki nuen.
- AEB-tan zesta puntak jarraitzaile asko izan arren, orain urte batzuk hango frontoi batzuk itxi behar izan zituzten. Badakizu gaur egungo egoera nolakoa den?
Oraindik ere egoera ez da bere onera bueltatu erabat, baina pare bat frontoi zabalik daude oraindik ere, horietako bat Daniakoa. Gauzak horrela, urtebeterako kontratuak egiten dituzte orain eta ni ere hala noa. Markinatik joandako beste pelotari batzuk han bizi dira eta euretako batekin batera bizitzera joango naiz.