END herri-plataformak neguko harrera dispositiboa martxan jartzeko sinadurak bilduko ditu asteburuan
Etxerik gabeko pertsonen aldeko END plataformatik jakinarazi dutenez, sinadurak biltzen ari dira, “kaleko egoeran dauden pertsonak kalean lo egitera behartuta egon ez daitezen”. Sinadurekin babesteko manifestuan, kalean dauden pertsona guztiei harrera egiteko dispositibo bat abian jartzea exijitzen diete Eibarko Udal ordezkariei. Azaldu dutenez, oraingoz ahalegina Eibarren egingo dute, baina aurrerago Debabarreneko gainerako herrietara zabalduko dute ekimena. Azpimarratu dutenez, ez dute loturarik erakunde politikoekin, “independenteak gara eta horrela jarraitu nahi dugu”. Sinadura-bilketa San Andres bezperan (azaroak 29), 19:00etatik 21:00etara eta San Andres egunean (azaroak 30), 12:00etatik 14:00etara egingo dute, Toribio Etxebarria kalean. Adierazi dutenez, “Eibarko herritarrei eskatzen diegu, euren sinadurarekin, kale-egoeran dauden pertsonak kalean lo egitera behartuta ez egoteko leku baten beharra islatzeko”. Jarraian daukazue sinadurekin babestu beharreko manifestua. Bestalde, END plataformaren ekintzen berri izateko, Instagramen zabaldu duten kontua jarraitu dezakezue HEMEN.
