'Energia Argitu' tailerrak eta 'Energia Argitu Kit' kanpaina burutuko dira azaroan
Lehenengo tailerra, Energia berriztagarriak zure etxean: autokontsumo indibiduala, kolektiboa eta komunitate energetikoak izenekoa, azaroaren 17an izango da, 18:00etan, Portalean (ikastaro gelan). Tailerrean parte hartu nahi dutenek azaroaren 14a baino lehen eman beharko dute izena.
Eva Juez Garmendia Ingurumeneko zinegotziak azaldu duenez, “tailer honetan energia berriztagarrien berri emango da, norberak bere etxerako bideragarriena zein den jakin dezan, baina, batez ere, plaka fotovoltaikoen bidez energia sortzeari buruz hitz egingo da, eta autokontsumo indibidualaren, kolektiboaren eta tokiko energia-komunitateen inguruko aukerak azalduko dira”. Gainera, autokontsumoari buruzko informazio praktikoa ematen duen Autokontsumoko instalazioen gida praktikoa banatuko da.
Bigarren tailerra Energia Argitu Kit, herritarrei etxeko energia-kontsumoa modu pertsonalizatuan diagnostikatu eta ulertu ahal izateko beharrezko tresnak ematea, eta energia-eraginkortasuna hobetzeko eta faktura elektrikoa murrizteko irtenbideak proposatzea helburutzat dituen kanpainaren baitan egingo da
Bestalde, ”Energia Argitu Kit” kanpaina abenduaren 5era arte egongo da martxan, eta horren baitan ekimen ezberdinak burutuko dira:
- Aurreztu dirua eta irabazi osasunean zure etxebizitzan izenburuko azalpen-tailerra azaroaren 24an egingo da, 18:00etan, Portalean (ikastaro gelan). Etxean autodiagnostiko energetikoa nola egin azaltzeaz gain, etxebizitzetan ohikoak diren arazoak konpontzeko irtenbideak zehaztuko dira. Tailerrean parte hartu nahi dutenek azaroaren 21a baino lehen eman behar dute izena.
- Udalaren bitartez, interesdunei Energia Argitu Kit maletak mailegatuko zaizkie, 2-3 egunez erabili ahal izateko. Kit-maletin horrek aukera ematen du etxeetan neurketak egiteko, energia-gabeziak detektatzeko (aire-ihesak, berokuntza-erradiadoreetako galerak, ur emariaren kontrola, instalazioaren errendimendua eta galerak, eta abar), eta %5 eta %10 arteko aurrezpenak eragin ditzaketen neurri sinpleak hartzea proposatzen du. Maletatxoko tresnak erabiltzeak ez du eskatzen ezagutza teknikorik; beraz, interesa duten pertsona guztiek erraz erabili ahal izango dute. Kit hau etxera eraman nahi dutenek Udalarekin jarri beharko dira harremanetan (ingurumena@eibar.eus / 943708408).
Parte-hartzaileek etxebizitzen birgaitze energetikoko espezialistekin lortutako emaitzei buruzko zalantzak kontsultatu ahal izango dituzte.
Tailerretan izena emateko, honako bideak erabil daitezke:
Posta elektronikoa bidaltzea helbide honetara: energiabulegoa@gipuzkoa.eus.
Telefono-zenbaki honetara deitzea: 605 757 687 (astelehenetik barixakura, 09:00etatik 18:00etara).
Informazio osagarria: www.gipuzkoa.eus/eu/web/ingurumena/energia/energia-argitu
Energia Argitu, EEB Gipuzkoako Eraldaketa Energetikoko Bulegoak bultzatuko duen jardueretako bat da. Bulego hori Europar Batasuneko Next Generation EB funtsek finantzatzen dute, eta Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak (IDAE) kudeatzen ditu, Espainiako Gobernuaren Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana betez.
