Energia kontsumoan aurrezten ikasteko bi tailer egingo dira azaroan
2023/11/13
17:56
eta kitto!
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak, Eibarko Udalarekin elkarlanean, Energia Argitu programaren baitan bi tailer antolatu ditu hilabete honetarako. Etzi (eguaztena, azaroak 15), 18:30ean, Portalean (Ikastaro gelan) etxebizitzetan energia berriztagarriak ezartzeko aukeren inguruan informatzeko tailerra egingo da. Eta azaroaren 28rako, norberaren etxebizitzarako berokuntza sistemarik egokiena zein den ezagutzeko tailerra antolatu dute (toki eta ordu berean).
Tailerretan parte hartzeko aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da, “saioak aurrera egiteko ezinbestekoa baita aldez aurretik ikasleen kopurua ezagutzea”. Energia berriztagarrien tailerrean parte hartzeko izena emateko epea gaur itxiko da, eta berokuntza sistemen tailerrean parte hartzeko epea, berriz, azaroaren 23ra artekoa da. Izena emateko argitu@gipuzkoa.eus helbidera idatzi daiteke edo, bestela, 605 757 687 telefono zenbakira deitu (astelehenetik barixakura, 09:00etatik 18:00etara). Informazio zehatza Interneten dago eskuragarri, www. argitu.eus webgunean.