Eibarko merkataritzak eta ostalaritzak bi kanpaina jarri dituzte martxan kontsumoa saritzeko

Merkatarien Elkartearen tonbolak azaroaren 28ra arte iraungo du, eta Ostalaritza Elkartearen «Eibarren Irabazi» kanpaina hilaren 15era arte egongo da martxan.
Eibarko merkataritzak eta ostalaritzak bi kanpaina jarri dituzte martxan kontsumoa saritzeko
2026/11/10 16:07
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Merkatarien Elkarteak eta Eibarko Ostalaritza Elkarteak bi kanpaina jarri dituzte martxan herriko establezimenduetan kontsumoa sustatzeko eta bezeroen fideltasuna saritzeko. Eibarko Udalaren laguntzarekin antolatutako ekimenek erosketak eta kontsumizioak egiten dituzten bezeroei sariak lortzeko aukera emango diete azaroan zehar.

«Eibarko Merkataritzaren Tonbola» kanpaina azaroaren 9tik 28ra egingo dute. Parte hartzen duten saltokietan gutxienez 25 euroko erosketa egiten duten bezeroek arraskatzeko txartel bat jasoko dute. Saritutako txartelek 25 euro gastatzeko aukera emango dute, txartelean adierazitako establezimenduan. Saria erabiltzeko, gutxienez 25 euroko beste erosketa bat egin beharko da, eta abenduaren 5era arteko epea egongo da trukatzeko. Parte hartzen duten denden zerrenda erosieibarren.eus webgunean kontsulta daiteke.

Bestalde, Eibarko Ostalaritza Elkarteak «Eibarren Irabazi» kanpaina antolatu du azaroaren 9tik 15era. Herriko 42 ostalaritza-establezimenduk hartuko dute parte, eta 400 txartel banatuko dituzte bezeroen artean. Kontsumizio bat eskatzean jasoko dute txartela, eta arraskatzean ikusiko dute saririk duten. Saritutakoek kafea, zuritoa edo ardoa doan hartzeko aukera izango dute txartela jaso duten establezimenduan bertan.

Bi ekimenak Eibarko Udalaren laguntzarekin antolatu dituzte, tokiko merkataritza eta ostalaritza babesteko. Jon Iraola alkateak eta Vanesa Hortas Garapen Ekonomikorako zinegotziak herriko establezimenduetan kontsumitzearen garrantzia azpimarratu dute, eta herritarrak kanpainetan parte hartzera animatu dituzte.