Enpresa sortzen ikasi… eta gehiago
Gaur (eguaztena, hilak 12) goiz osoan egongo da zabalik Ikasenpresa azoka Untzagako karpa barruan eta udaletxeko arkupeetan, Euskadi osotik etorritako ikasleen enpresa proiektuekin (argazkiak hemen). Lanbide Heziketako 40 ikastetxetako 700 ikasletik gora batu dira azokan eta taldeka ipini dituzten postuetan orotariko 130 enpresa proiektu eta horietatik sortutako produktuak bertatik bertara ikusi eta kasu batzuetan erosteko aukera dago. Izan ere, ikasleek buruari ondo eragin diote nolako enpresa sortu nahi zuten pentsatzeko orduan. Eta emaitza bikaina izan dela ikusteko, nahikoa da azokan buelta bat eman eta bertan aurkeztutako produkto eta zerbitzu eskaintza zabala ikustea: gozogintza, artisautza, informatika, argazkilaritza, ekitaldien antolaketa, automozioa, mekanizatua, arotzgintza, botikak, ipuinak... denetarik eskaintzen dihardute Elgoibar, Gasteiz, Donostia, Bilbo, Markina Xemein, Durango, Muskiz, Zumarraga, Zarautz, Andoain, Arrasate, Oñati, Urnieta, Santurtzi eta Tolosako ikastetxeetako ikasleek. Eta eurekin batera, jakina, Eibarko ikasleak ere badaude: Uni Eibar-Ermua BHI-ko eta Armeria Eskolako talde banak hartu du parte azokan.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza eta Kultura Sailak, Tknika Lanbide Heziketarako berrikuntza zentroak eta Udalak antolatu dute azoka. Aurreko edizioetan EJE izenarekin garatu den proiektu hau Erdi Mailako eta Goi Mailako Lanbide Heziketako ikasleei zuzendutakoa da eta, programari esker, ikasleek enpresa berri bat sortzeko esperientzia zuzenean bizitzeko aukera daukate, ikasturtean zehar enpresa bat sortzeko eman beharreko pauso guztiak ematen dituzte-eta.
Azokan proiektuak banan-banan aurkezteko tartea ere izan dute ikasleek. Binaka, karpa barruko eszenatokira igo eta bakoitzaren negozio-ideia jendaurrean defenditu behar izan dute, Ikasenpresak ezarritako sei errekonozimenduak oinarritzat hartuta: merkatu-azterketa, salmenta-puntuak, negozio ideiak etorkizunean izan dezakeen bideragarritasuna… horiek eta beste batzuk izan dituzte kontutan ikasleek euren proiektuak aurrera eramateko orduan.