Vanessa Ateca: “Portaleakoa izan da ilusio gehien egin didan erakusketa, New Yorken egindakoak baino gehiago”
Vanessa Ateca margolari eibartarraren erakusketak bi unibertso nagusi uztartzen ditu: batetik, dekorazio abangoardistara zuzendutako bilduma abstraktua, eta bestetik, aurpegi eta erretratu femeninoa ardatz duten lan garaikideak. Guztira 22 obra biltzen dituen erakusketa honek indar handia eta emozio positiboak transmititzea helburu du, ikuslea bere barne-mundura eta irudimenera erakarriz.
Erakusketaren ateak zabalik daude orain dela aste batzuetatik. Zer aurkitu dezakegu barruan?
Bi bilduma mota aurkitu ditzakegu bertan. Batetik, bilduma abstraktua daukagu, barne-diseinatzaileekin gehiago landu dudana dekorazio abangoardistago baterako. Eta gero, alderdi garaikidea, emakumezkoen aurpegiak eta erretratuak biltzen dituena. Horrez gain, boligrafoz egindako lan batzuk ere baditut; hiru lan dira boligrafoz, eta bakoitzak hunkitzen ninduten hiru artista irudikatzen ditu: Massena, Okuda eta azkenik Gaudí (arkitektoa izan arren, artista aurreratu bat zen). Beraz, 22 obra daude.
Nola joan da prestaketa lana?
Azkenean, pieza batek besteari itzalik egin ez diezaioten eta bisualki kontrasterik egon ez dadin bezala jartzen duzu dena. Argiaren, kolorearen eta forma desberdinen arabera antolatzen da, eta horrek bere denbora eskatzen du. Areto handia da, azkenean eta lan izugarria eskatzen du betetzeko. Kontua da formatu handiko lanak direla. Aretoa, edonola ere, zoragarria da, zoragarria benetan.
Denbora asko daramazu artearen munduan. Nola hasi zen harreman hori?
Txikitatik hasi zen. Eskolan beti egoten nintzen erretratuak marrazten... Beti izan naiz erretratularia. Tatuatzailea ere izan naiz, 25 urtez. Erretratularia izaten hasi nintzen, eta ondoren... Bestetik, barne-diseinua ikasi nuen, baina banekien ez nintzela horretara bideratuko. Karrerako azken urtean ez nuen aurrera jarraitu eta arlo artistikoari heldu nahi nion. Orduan, tatuatzeari eta margotzeari ekin nion, eta bizitza osoan bi gauza hauek egiten daramatzat.
Margotzeak eta tatuatzeak gauza komunak dituzte, baina ezberdinak dira aldi berean. Nola osatzen dira edo nola adierazten zara batean zein bestean?
Egia esan, tatuajeetan nire estiloa oso islatuta geratzen da, bertan ere idazkiak egiten ditudalako. Beti egin izan dut horrela, eta jendeari asko gustatzen zaio. Egin ohi dudanaren berdina da... Aurpegi asko ere egiten ditut, erretratu ugari. Azkenean, dena lotuta doala iruditzen zait. Kontua da abstrakzioan askeago sentitzen naizela, asko gustatzen zait. Baina batzuetan gustatzen zait baita ere alderdi garaikideari heltzea eta aurpegiak abstraktuekin apurtzea; bi gauzak nahasten ditut. Urteak eman ditut abstraktuki margotzen, eta azken bi urteotan arte garaikidearekin ibili naiz gehiago. Maixa taberna margotu nuen, eta estilo horrekin beste hainbat lan egin ditut Eibarren. Etapak dira, azkenean; urte asko eman ditut boligrafoarekin erretratuak egiten baita ere, baina aspertu egin naiz jada. Ez dut boligrafo gehiago nahi. Etapak dira, besterik gabe. Abstrakzioaren eta errealismoaren etapa guztiak pasatu behar dituzula uste dut, dena probatzen baduzu. Badago jendea soilik paisaiak egiten dituena, eta kitto. Nik denetarik egiten dut.

Esango al zenuke estilo markatua daukazula? Zein litzateke zure estiloa?
Estilo markatua daukat, nire lanak ikusten dituenak berehala ezagutzen baitu nirea den obra. Denek daukate sakontasun puntu bat, bai abstrakzioan zerbait esaten dizutelako, eta baita aurpegi abstraktu horietan ere, idazkiekin. Idazkiak urrezko tonuetan, hori nire marka da. Egia esan, ez du ezer jartzen! Jendeak zerbait jartzen duela pentsatuko du, baina hizkiek eurek osatzen dute trazu abstraktua.
Zure lanekin, zerbait probokatu nahi duzu ala bakoitzaren interpretaziora uzten duzu? Edo gauza biak?
Azkenean, artea ikuslearengan emozio bat sortzen duen mugimendua da. Bilatzen duzuna da... emozio positibo bat piztea, noski. Beraz, nire obra osoak indar handia izatea bilatzen dut, eta zerbait transmititzea; koadroaren barruan sartzea eta sentitzea, ez izatea besterik gabe konposiziorik gabeko margoketa abstraktu bat.
Inork esan al dizu sekula: "Koadro honek hau esaten dit", eta zuk pentsatzea: "Jo, ba nire asmoa bestea zen"?
Berez, nire lan abstraktuetan ezin duzu inolako figurarik ikusi. Hori begiratzen duenaren irudimena da. Abstrakzioak figuraziorik ez izatea dakar, eta mundu bat zabaltzen da hor. Beraz, bakoitzaren irudimena dago: jendeak herensuge bat ikusten duela esaten dit, edo aurpegi bat... Ezinezkoa da! Abstrakzioan ezin da ezer ikusi, bestela ez baita jada abstraktua.
Nolakoa da artetik bizitzea? Mugitu beharra dago?
Bai, asko. 2007an hasi nintzen barne-diseinatzaileekin lanean. Margolanak ikusten nituen eta haien arabera margotzen nuen, koadroa egokitzeko moduan. Hori lan egiteko modu bat da. Edo bestela, obra erakusten diezu eta egiten ari diren birmoldaketara egokitzen zaie. Gero, galerien munduan murgiltzen hasi nintzen: Osloko azokan, Louvrekoan, New Yorken, Oporton, Madrilen, Bartzelonan... Lehen mailako galerietan eta nazioarteko azokan egon naiz. Horretara iristeko, zera egin behar duzu funtsean: Lehenik eta behin, sarrera ekonomiko bat bermatuko dizun beste lan bat izan. Galerien munduan sartzen bazara, nazioarteko lehiaketa bat irabazi duzulako izaten da. Ni bi lehiaketa garrantzitsutan egon nintzen, eta orduan galeriek bilatu egiten zaituzte, jada izen bat duzulako, Google-n ere agertzen hasten zarelako eta zure izenak oihartzuna duelako.

Baina, zer gertatzen da? Nazioarteko azoka batera joateko edo galeria batean sartzeko, ordaindu egin behar duzula. Galeriak, agian, 2.500 edo 2.000 euro kosta dezake 15 egunerako. Zer lortzen duzu trukean? Kurrikulum izugarria. Baina inbertitu egin behar duzu. Zergatik? Galeria ona bada bezero-kartera oso zabala duelako, eta biek obra saltzeko lan egiten dutelako. Prezioa ez duzu zuk jartzen, galeriak baizik, bere mailaren arabera. Obra batek 4.000 edo 5.000 euro balio ditzake, eta horretatik galeriak % 50 hartzen ditu. Apustu bat da; zuk ordaindu egin behar duzu haiek ere saldu dezaten eta beren % 50a jaso dezaten, eta irabazten duzunarekin berriro beste galeria batean egoteko aukera duzu. ARCO bezalako leku batean egon nahi baduzu, metro linealeko prezioa ordaindu beharra dago. Merkatuko negozio hutsa da. Egia da batzuetan ezkutuko errealitatea dela dirudiela, baina merkatuak horrela funtzionatzen du.
Egia da baita ere inbertitu ezin duten edo ordaindu nahi ez duten artistek doako galeriak bilatzen dituztela, baina doakoak direnean ez duzu ia ezer saltzen, ez dagoelako bezero bildumagilerik. Bisitariak bakarrik daude, eta hori da desberdintasuna. Irabazten duzun guztia berriro materiala erosteko, obra berria egiteko eta Parisera joateko hegazkin txartela ordaintzeko izaten da, adibidez. % 100 artetik bizitzea oso borroka gogorra da, oso zaila.
Eta horrek ez al dizu baldintzatzen sortzerako ordurako sorkuntza prozesua?
Nik gustatzen zaidana egiten dut. Egia da azken urteotan nire estiloa modan egon dela, arte garaikidea eta aurpegi apurtuak goraldian egon direla. Horrelakoetan, portfolio ezberdinak bidaltzen baditut, erakusketa garaikiderako bat bidaltzen dut eta abstrakziorako bestea. Jokatu egin behar duzu, norantz zoazen kontuan hartuta. Esperientziak erakutsi dit nola mugitu.
New Yorken, Parisen edota Oslon izandako esperientzia horiek, zer eman dizute?
Oso polita izan da, jende asko ezagutu dudalako. Baina urte batzuetan lagata eduki dut, tatuajearen munduan murgilduta egon naizelako gehiago. New York eta Eibar artean bizi izan naiz zortzi urtez. Orain berriro margolaritzara eta galerietara itzuli naiz, baina beste modu batera. Ez dut hainbeste diru gastatuko bide horretan, aurrekoa hondamendi ekonomiko samarra izan baitzen! Bueno, ez hondamendia, gastatutakoa berreskuratu nuelako. Gainera, bidaia eta esperientzia pila bat eman zizkidan, eta horrek asko aberasten zaitu, kurrikulurako oso baliagarria baita. Horri esker, galeria onek errazago hartzen zaituzte eta koadroen prezioa finkatuta geratzen da. Jada ezin duzu koadro bat 200 eurotan saldu, atzetik inbertsio eta ibilbide handia duelako; milaka euro balio behar du.
Eibarren erakusketa hau egitea zer izan da zuretzat?
Egia esan, ilusio gehien egin didan erakusketa izan da. New York baino gehiago! Hemen inoiz ez nuen erakusketarik egin. Asko gustatu zait etxean egitea. Alkatea, zinegotzia eta lagun ugari hurbildu dira, eta oso pozik nago. Aretoa bera zoragarria da; argia, espazioa... jendeak asko baloratu du. Jendearen erantzuna zoragarria izaten ari da.
Hemendik aurrera, zer plan daukazu?
Bada, eskaintza batzuk baditut. Asko gustatzen zait Chelsean erakusketa egiteko aukera (New Yorken), eta hara bueltatzea gustatuko litzaidake. Azoka bat da, taldeko erakusketa bat. Horrelako proiektuak ditut buruan, eta poliki-poliki ikusiko dugu zer ateratzen den, betiere buruarekin eta arrisku handirik hartu gabe.