Erakusketa bateko koadroak Andres de Egiguren orkestraren musikaren erritmora
Biharko kontzertuan ikusiko dena erabat berria izango da. Ideia Pedro Palacin orkestra zuzendariari bururatu zitzaion eta, esan digunez, “orain arte ez da horrelakorik egin. Normalean, musika eszenaren eta antzezpenaren zerbitzura egoten da, baina, kasu honetan, alderantziz izango da. Eszenatokian arituko diren aktoreak, dantzaria eta eszena bera, musikaren zerbitzura egongo dira. Behingoagatik, artista hauen lana orkestrak interpretatzen duen musikaren menpe egongo da”.
Egitaraua honako hauek osatuko dute: Modest Mussorgskyren Cuadros de una exposición, Pattersonen Arreglo para cuerdas, Isaac Albenizen Asturias-Leyenda, Pedro Palacinen soketarako konponketa, eta Peter I.Tschaikovskyren Cuarto movimento de Serenata para cuerdas op 48.
Palacinek azaldu digunez, “Mussorgskyren lagun handia zen Victor Hartmann arkitekto eta margolariaren bat-bateko heriotzak eragindako zirrara handiaren ondoren konposatu zen Erakusketa bateko koadroak izenburukoa". Palacinek azaldu digunez, “berez, ez dago inon jasota Mussorgskyk konposizioaren oinarri izan zituen koadro guztiak ikusi zituen, ala bakarrik zirriborro batzuk ikusi ahal izan zituen”. Edozein modutan, Esteban Oroz margolariak konposizioaren oinarria diren koadroak, dozena bat inguru, margotu ditu, “horietako bakoitzaren izenburua ulertzen laguntzeko, eta, era berean, ikusleei erakusketa batean daudela sentiarazteko”. Hori baita Iñigo Santacana eszena zuzendariaren asmoa: “Publikoari erakusketa bat bisitatzen ari dela sentiarazi nahi diogu, hori da ideia”. Eta hori lortzeko, ezinbestekoa izango da Maite Lorenzo eta Juanma Cano aktoreen lana: bata, arte eta pintura kontuez ezer gutxi dakien turista izango da, eta bestea erakusketa horretako galerista sasi-jakintsua. Bi aktoreek gidarilanak egingo dituzte, “publikoa erakusketara gerturatuta, koadro bakoitzaren esanahia eta inspiratu zuen musika-konposizioa hobeto ulertzeko”. Asturias-Leyenda lana, bestalde, Ignacio Zuloagaren lagun handia izan zen Isaac Albenizek konposatu zuen. Bere kalitateagatik oso ezaguna den pieza horretan Eva Rivera arituko da dantzan.
Bihar aurkeztuko duten kontzertuko egitaraua biribiltzeko, Peter I. Tschaikovskyren Cuarto movimiento de Serenata para cuerdas op 48 lana interpretatuko dute: “Bi konpositoreen jaioterrira, pinturarekin oso harreman estua duen San Petersburgora joan-etorriko bidaia bat da, eta tarteko pieza Zuloagaren lagun handia izan zen Albenizena da”, dio Palacinek.
Orkestra zuzendariaren berbetan, “kontzertu hori Ignacio Zuloaga omentzeko esku artean erabili genuen aukeretako bat zen, 2020an, haren heriotzaren 150. urteurrenean, baina COVID-19aren pandemiak dena bertan behera laga behar izatea eragin zuen”. Zorionez, gaur egungo egoera oso bestelakoa da eta, horrela, ekitaldi hau, harizko orkestra-plantilla zabalagoarekin, eta aipatutako artisten lankidetzarekin aberastuta planteatu dute: “Artisten erantzuna zoragarria izan da, guztiek baietz esan eta, gainera, pozarren ari dira lanean, biharko estreina dirako prestatzen. Eta orkestrako kideak ere gogotsu daude, 21 musikari inguru izango dira, denak profesionalak eta oso onak".