Errebaleko Merkatu Plaza biziberritzeko hiru ekintza egingo ditu Udalak
Eibarko Udalak Errebaleko Merkatu Plaza biziberritzeko proiektua aurkeztu du gaur goizean. Hain zuzen ere hiru jarduketa nagusi egingo dira, barruko zein kanpoko espazioan, merkataritza-gunea sustatzeko eta dinamizatzeko, ahalik eta bezero gehien erakarri asmoz. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak Debabarrena Lehentasunezko Jarduera Eremu izendatzearen ondorioz lortutako funtsak erabiliko dira.
Hiru ekintza nagusi
Proiektuak zenbait esku-hartze planteatzen ditu Errebalko Merkatu Plaza kanpokoaren eta barrukoaren arteko ikusgarritasuna eta lotura hobetzeko.
- Lokaletako bat udal-bulegoa izango da. “Hala, herritarrek hurbilago izango dituzte eskatutako zerbitzuak, eta merkataritza dinamizatzeko espazio bat irekiko da merkatua erakargarri bihurtzeko egiten diren kanpainak aprobetxatuz”, azaldu dutenez.
- Merkatu-plazaren barruko espazioa hobetu eta berrantolatuko da. “Horretarako, baserritaren lan- eta salmenta-mahaiak aldatuko dira, eta erabilera berriak izango dituen lan-tresna funtzionalago bat sortuko da. Hori horrela, baserritarrei gauzak biltegiratzeko leku handiagoa emango zale, haien eskaerari erantzunez. Bestalde, elementu berriak jarriko dira merkatu barruan, bilera hobetu eta arazoei irtenbidea emateko”, Udalaren berbetan.
- Merkatuaren kanpoko ikusgarritasuna hobetzeko, kanpoaldeko fatxadan informazio-pantaila bat jarriko da. “Bertan merkatu barruko zerbitzuen berri emango da, herriko ekitaldiak iragarriko dira eta interes orokorreko beste jarduera batzuk ere zabalduko dira. Era berean, argidun errotulu bat jarriko da merkatuaren kanpoaldean, plaza nabarmentze aldera”, diotenez.
Gaur egungo egoera
Azkenengo urtean postu gehiago zabaldu dituzte Errebal Plazan eta Udalaren esanetan, “gaur gaurkoz, asteko hainbat egunetan, 13 baserritarrek saltzen dituzte merkatuan tokian tokiko eta garaiko produktuak, eta lau postu finko daude egunerokoak, hau da, egunero zabaltzen dutenak: Lusai taberna-jatetxea, Zaporeak izozki-denda, Txutxiplum gozoki-denda eta Basagunea produktu ekologiko eta gertukoen elkartearen denda”.