Oxigenoa baino zerbait gehiago hartzeko ongizate-zentro integrala
Julia Quintana eta Sergio Nievas dira Oxygen proiektuaren sortzaileak. Ekintzaile peto-petoak dira biak, aurretik beste zenbait proiektu atera baitituzte aurrera. Orain, euretako bakoitzak gustuko dituzten arloak elkartu eta elkarrekin ekingo diote proiektu berriari, Ermuan.
Labur azalduta, Oxygen azken belaunaldiko gimnasioa eta estetika ekologiko eta beganoko kabina konbinatzen dituen ongizate-zentro integrala da. Bertan, hainbat zerbitzu eskainiko dituzte, hala nola saioak, entrenamendua, tratamendu estetikoak eta osasuna eta ingurumena errespetatzen dituzten produktuak, oreka eta ongizate esperientzia oso bat sortuz. “Ariketa fisikoa egitera joaten garen arren, gimnasiora oxigeno bila eta deskonektatzera joan ohi gara”, azaltzen digu Sergiok, hortik proiektuaren izena. Juliak zehazten duenez, “mundu guztia joateko moduko espazio bat sortu nahi dugu, ez dadila izan indartsuen edo gihartsuen toki bat bakarrik”.
Ongizate zentro integrala
Gimnasioari dagokionez, indarra lantzeko hainbat makina jarriko dituzte, eta ‘kardio’ ariketak egiteko bizikletak eta abar ere. Zentzu horretan, eta hasiberriek edo gimnasioetan esperientzia handia ez dutenek konfiantzaz aritzeko, Sergioren asmoa da erabiltzaileek hilabete batez edo bitan klase indibidualak jasotzea eta, gero, jarraitu beharreko plana behin zehaztuta, bakoitzak bere aldetik jardutea. “Norbaitek pertsona bat gainean behar badu gauzak egiteko, berdin jarraituko dugu, baina denbora horretan ariketak egiten ondo ikasi dezakete eta euren kabuz jarraitu”, bere ustez.
Baina Oxygen ez da gimnasio hutsa izango. “Adibidez, errekuperazioaren kontuan sakondu nahi dugu”, esan digu gaur egun bi estetika-zentro dituen Juliak. Horregatik jarriko dute estetika ekologiko eta beganoko kabina. “Askok pentsatzen dute estetika kabina bat eskuak atontzeko edo horrelakoetarako bakarrik dela, baina ez. Depilatzeko gorputz-tratamenduak egiteko, muskuluak errekuperatzeko... ere balio du”.
Aipatutakoaz gain, gauza gehiago izango ditu Oxygenek: solarium berezi bat (terapia birsortzailerako), sauna bat (“Azken ikerketek diote beroak asko laguntzen duela errekuperatzen kirola egin ostean”, diosku Juliak), ‘possing’ gune bat (kulturismoa egiten dutenentzat), eta abar. “Azken urteotan, gero eta gizon gehiagok zaintzen dute arlo estetikoa eta gimnasiora joateko ohitura dutenek arlo biak uztartzeko aukera izango dute”, esan digute.
Ermuan kokatuta
Horra heltzeko bidea ez da erraza izan, baina Juliak eta Sergiok ez dute amorerik eman eta, gainera, zorioneko dira gertatu zaienarekin. “Hasiera batean, beste lokal bat hartu behar genuen Ermuan. Dena itxita geneukan, baina azken unean dena erori zen eta beste bat bilatu behar izan genuen. Zorionez, lokal handiago bat aurkitu genuen, parean aparkalekua duena, merkeago gainera...”, azaldu digute.
Hain zuzen ere, Ermutik Aixolako presara doan bidearen hasieran egongo da kokatuta. Dena dela, oraindik obrak egin behar dituzteeta berandu jota Aste Santua baino pixka bat lehenago zabaltzea da euren asmoa.
Ezer hasi baino lehen, baina, jaso dute bultzada handi bat On Ekin sariarekin eta proiektuak etorkizun polita izan dezakeela erakusten die horrek. Epaimahaiaren aitortzaz gain, 2.000 euroko saria jaso dute eta emozioz hartu dute.
Egueneko ekitaldian, Sergiok prestatutako bideoa jarraituz aurkeztu zuen proiektua Juliak, eta epaimahaia konbentzitzea lortu zuten. Sergio bideo eta argazkigintzan profesionala da eta alderdi hori ere bultzatu nahi dute Oxygenekin. “Sare sozialak oso garrantzitsuak dira eta horien bitartez aholkuak eman, gimnasioen inguruko mitoak desegin... nahi dugu”, esan digutenez. Laster izango dugu euren berri.