‘Escape Room’ antzezlana eskainiko dute maiatzaren 9an Nerea Gorriti aktore eibartarrarekin

Zuhaitz Gurrutxaga, Iñigo Aranburu eta Oihana Maritorena izango dira antzezlaneko beste aktoreak
‘Escape Room’ antzezlana eskainiko dute maiatzaren 9an Nerea Gorriti aktore eibartarrarekin
2026/04/27 12:45
Ekhi Belar Errasti

Txalo Produkzioak antzerki-taldeak ‘Escape Room’ ikuskizuna eskainiko du Coliseo antzokian, maiatzaren 9an, 19:00etan. Escape room jolasa du oinarri beldurrezko komedia horrek eta aurpegi ezagunak izango ditugu eszenatoki gainean: Nerea Gorriti eibartarra, Zuhaitz Gurrutxaga elgoibartarra, Iñigo Aranburu eta Oihana Maritorena.

Sinopsiak hau dio: “Haurtzarotik lagunak diren bi bikotek hitzordu bat jarri dute elkarrekin escape room bat egiteko. Escape rooma dagoen auzoan berriki zatikatutako gizon baten gorpua edukiontzi batean agertu da... Bildutako lau lagunek ondo pasatzeko jolas atsegin bat aurkitzea espero dute, euren adimena probatzeko eta barre egiteko hitzordu bat”.

Antzezlana euskaraz izango da eta sarrerak Kutxabank bitartez erosi ahal izango dira.