Eskola Kirolaren aro berriak oso erantzun ona izan du lehen ikasturtean
Oihane Sarasketa eta Xubane Sagastagoia izan dira Eibarko Eskola Kirolaren koordinatzaileak 2025/2026 ikasturtean. Gauzak probatzeko urtea izan da aurtengoa eta “oso ondo” joan dela esan digute. Ikasturtean zehar ikusi dutenarekin eta egun hauetan jaso duten balorazioekin egin dute baieztapen hori, epe luzera proiektua garatzeko oinarri sendoak dituela ikusaraziz.
Guztira, 300 ume inguruk eman dute izena aurten, iazkoan baino gutxiago, baina parte-hartzea handiagoa izan da. “Aurreko ikasturteekin alderatuz, izen-emateak gutxitu egin dira. Izan ere, lehen derrigorrezkoa zen Eskola Kirolean apuntatzea gero beste kirol batean izena emateko, eta derrigortasun hori kendu egin dutenez, bagenekien izen-emateak jaitsiko zirela. Dena dela, parte-hartzea, ehunekotan, handiagoa izan da beste urteekin alderatuz”, azaldu digu Sarasketak. “Asteburuetako topaketetan kopurua % 50 ingurura jaitsi da batzuetan, baina astean zehar % 80 eta antzeko kopuruetan ibili gara”.
Ikasturtean zehar 15 kirol ezberdin egin dituzte umeek (waterpoloa, skate, arku-tiroa, igeriketa artistikoa, futbola, eskubaloia, saskibaloia, pilota...). Astean zehar bi saio eta asteburuetan topaketak eginez (18 topaketa guztira). “Topaketetan lehen zegoen kutsu lehiakorra kendu dugu eta txokoak jarri ditugu, taldeka umeak txoko guztietatik pasa daitezen. Gero, amaieran, partidatxoak egin ditugu, lehiakortasunari garrantzia eman gabe, taldeak aldatuz eta denek denen aurka jokatzen saiatuz. Kirolaren araberakoa izan da hori, taldekako kiroletan egin dugu hori batez ere, baina orokorrean planteamendua txokoetan banatzea izan da”, azaldu digute.
Berritasunen artean, aurten ‘orientinga’ egin dute. “Mendian ibilbidea egin dugu, talde txikietan, eta pisten eta galderen bitartez bidea aurkitu behar izan dute”, dioskue. “Oso ondo egon zen. Egia da prestakuntza duela atzetik, baina umeek hain ondo pasatzen dutela ikusita, merezi du”.

Aste barruko saioei dagokienez, zera diote: “Astero bi saio egin dituzte, orokorrean eskolan bertan, eta eskolan posible ez bada, gertuko espazio egoki batean. Asteburuan tokatzen den kirola lantzen dugu bertan. 45-50 minutuko saioak izaten dira eta batzuetan nahiko motz geratzen da kirol horretan sakontzeko, baina Eskola Kirolaren helburua ez da hori. Gure helburua espezializaziotik haratago joatea da eta umeek ahalik eta kirol gehien probatzea. Gainera, saiatzen gara probatzen duten kirol horiek gero, 6. mailatik aurrera, Eibarren garatzeko aukera izatea. Hau da, kirol horiek egiten dituzten klubak edo elkarteak egotea, hortan jarduteko”.
Hurrengo ikasturtea
Koordinatzaileek ikasturtean zehar ikusi dutenaz haratago, gurasoei eta umeei galdetegia pasa diete denboraldi amaierako balorazioa egiteko eta aurrera begira zer egin dezaketen hobeto jakiteko. “Oraindik erantzun batzuk jaso behar ditugu, baina jaso dugunaren arabera umeak gustora egon dira”, diosku Sarasketak.
Galdetegiak beste ondorio batzuk ere laga ditu: “Hau bakoitzaren gustuaren araberakoa da, baina batzuek kirola jolasera gehiago bideratzea nahi dute; beste batzuek lehiaketa gehiago egitea; batzuek are kirol gehiago sartzea nahi dute; beste batzuek kirol kopurua gutxitzea eta horietan gehiago sakontzea...”, laburbiltzen digute.
Koordinatzaileek zaila ikusten dute iritzi guztiak asetzeko modua aurkitzea, baina eurek argi dute zer den Eskola Kirolarekin lortu nahi dutena eta “modu positiboan” hartu dituzte gurasoen eta umeen iritziak. “Asko laguntzen digu datorren ikasturtera begira”, dioskue.
Eskola Kirolaren helburuak dira kirola lagun artean egitea, euskaraz, jende berria ezagutzea, koordinazioa eta motrizitatea lantzea, eta batez ere, kirola egiten ondo pasatzea. “Ez ditugu eskubaloiko, saskibaloiko edo futboleko munduko txapeldunak bilatzen. Horretarako beste espazio batzuk daude”, diosku Sarasketak. Hortik abiatuta eta aurten ikasitakoarekin, honakoa planteatu nahi dute hurrengo ikasturtera begira: “Programa dezente handituko da. Eibarren, historikoki, LH3-tik LH6-ra dauden umeek hartu dute parte, baina datorren urtean ‘Jolashezi’ jarriko dugu martxan LH1-2 mailakoentzat, astean behineko saioekin. Jolasen bitartez kirol ezberdinen hastapenetara iristea edo gerturatzea izango da horren helburua. Bestalde, aurten lehenengoz, Eskola Kirol Egokitua (EKE) egongo da. Orain arte ez dute Eskola Kirolaren programan parte hartzeko aukerarik izan, baina espero dugu datorren ikasturtean gutxienez talde bat ateratzea, eta taldearen beharretara egokituko gara. Azkenik, Eskola Kirolaren aurtengo eskaintzari eutsi nahi diogu, asteko bi saio eta asteburuetako topaketekin”.

Jarduera bereziak maiatzean
Aurtengo Eskola Kirola maiatzaren 16an amaituko da, baina ikasturteari agur esan baino lehen, jarduera berezi batzuk eskainiko dituzte hurrengo asteetan. “Multikirolaren orduetan egingo dira, arratsaldez, baina Eibarko ume guztientzat zabalik egongo diren ekintzak izango dira”, azaldu digutenez.
Horrela, hiru jarduera egingo dituzte: espeleologia Debako Ermitia kobazuloan (LH3-4koentzat, maiatzaren 18an edo 19an), surf-a Debako hondartzan (LH5-6koentzat, 20an edo 21ean) eta Otxandioko Hontza Extrem parkera irteera (LH3-4koentzat 25ean edo 26an, eta LH5-6koentzat 27an edo 28an).
Etzi, maiatzak 10, amaituko da izena emateko epea, beraz, sasoiz zabiltzate apuntatu nahi izanez gero. Horretarako, esteka honetara jo dezakezue: l.eus/maiatzekojarduerak.
