Eskola Kirola eraberrituta dator denboraldi berrian
Multikirolak programari esker, Eibarko Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6. mailara arteko ikasleek hainbat kiroletan aritzeko aukera izan dute azken urteotan. Kirol ezberdinak ezagutzeko, hainbat gaitasun garatzeko eta, jakina, ondo pasatzeko aukera ematen du Eskola Kirolak. Filosofia horri eutsiz, baina herriko haurrek kirolean dituzten beharrak aintzat hartuta, aurten aro berria hasiko du Eibarko Eskola Kirolak.
Herriko ikastetxeetako guraso elkarteek “Multikirolak programari buelta bat emateko beharra” ikusi zuten orain dela urte batzuk eta Erain elkartea sortu zuten. Bi-hiru urteko lana egin dute herriko umeentzat kirola egiteko proposamen erakargarria, hezitzailea eta anitza garatzen, eta iritsi da proiektu berria martxan jartzeko momentua, Aitor Fernandez Eraineko kideak azaldu digunez, “badakigu hau prozesu handi baten pauso txiki bat bakarrik dela, baina eragin nabarmena izango duen urratsa izango dela uste dugu”.
Denbora behar izan dute proposamen berria prestatzeko, baina argi zuten horretarako beharra zegoela. “Multikirolak programak urte asko zeramatzan berdina izaten, partaidetza asko ari zen jaisten… Beraz, egoera horri buelta eman behar zitzaiola ikusi genuen herriko umeek kirola egiteko baliabide on bat eduki dezaten”, diosku Fernandezek. Horrela, herriko haurren beharrei egokituta kirol eskaintza garatu dutela uste dute: “Berdintasunean oinarrituta, euskaraz eta errespetuz… Kirolaren bitartez hainbat gauza lantzea da helburua”.
Aldaketa hori egiteko, kirol arloan zerbitzu ezberdinak eskaintzen dituen Athlon kooperatiba izan dute bidelagun eta euren eskutik aldatu diote aurpegia Eskola Kirolari. Horrela, Athloneko Oihane Sarasketa eibartarrak hartuko du proiektua koordinatzeko ardura. “Proiektu eta prozesu honen atzean jende asko dago (Erainen herriko zazpi ikastetxeetako guraso elkarteak elkartzen dira, Eibarko Udalak eta Foru Aldundiak laguntzen dute…) eta guk, Athlonek, programaren diseinua egingo dugu, ikastetxeekin eta kirol elkarteekin elkarlana, baita gurasoekin ere…”, azaldu digu Sarasketak.
Fernandezek esandakoa berresten du koordinatzaileak:“Urtetik urtera aldatzen joango den proiektua izango da”, hau da, aldaketak ez dira aurtengo berritasunetara mugatuko. Hori bai, gauza bat lagatzen du argi: “Haurrak erdigunean jarriko ditugu eta denontzat izango den Eskola Kirola eskainiko dugu”.
Hainbat berritasun
Berritasunei dagokienez, zera esan digu koordinatzaileak: “Mami garrantzitsuena aste barruko saioetan egongo da eta asteburuetan, berritasun bezala, topaketak egingo ditugu. Topaketetan haurra erdigunean jarriko da eta denontzako espazioa sortu nahi dugu, ume guztiak gustora egongo diren espazioa, eta txoko ezberdinetan banatuko ditugu. Partiduak-eta ere egingo dira, baina lehia kutsua alde batera lagata. Horrek ez du esan nahi lehiarik egongo ez denik, baina hori ez da erdigunean egongo”.
Ikasturte honetan kirol berriak sartuko dira eta, horrela, 15 kirol izango dira guztira. Kirol berrien artean, adibidez, orientinga edo orientazioa dago (natura eta mendiarekin zerikusia duena). Horrez gain, Eskola Kiroleko umeek herrian antolatzen diren ekintzetan hartuko dute parte: Asier Cuevas lasterketan umeentzako proba egongo da, Zumbatoian egongo dira… “Eskola Kirola herrira zabaldu nahi dugu, bertan egiten duguna erakusteko”, diosku Fernandezek eta, era berean, umeek herrian egiten diren kirol-jardunaldiak gertutik ezagutu ahal izango dituzte.
Beste berritasun bat izango da ume guztiek kirol guztiak egingo dituztela. “Beste urte batzuetan aukeraketa egin behar zen, baina orain kirol guztiak egiteko aukera edukiko dute. Gainera, kirol guztiek espazio berdina izango dute programan, topaketa bana eskainiz programa guztian zehar”, azaldu digu Sarasketak. “Hala ere, badaude salbuespenak. Adibidez, waterpoloa 5. eta 6. mailan landuko da bakarrik eta, aste barruan ezingo garenez igerilekura joan, bi asteburutan landuko da; irristaketan ere bi saio egingo dira, kirolaz gozatzeko gutxienez bi saio egitea aproposa zela erabaki zelako; eta atletismoan ere, kirol-modalitate asko dituenez, bi asteburutan egingo dira saioak modalitate guztiez gozatu ahal izateko”.
Izen-ematea eta aurkezpen jaia
Eskola Kirolaren denboraldia urriaren 6an hasiko da (lehen topaketa urriaren 18an izango da) eta 18 astetan arituko dira kirola egiten. Izena emateko epea irailaren 15etik 25era arte egongo da zabalik eta eibarkirola.eus helbidean eman daiteke ‘Izen-ematea’ atalean.
Baina kirolean hasi aurretik, hilaren 19an, 18:00etatik aurrera, aurkezpen jaia egingo dute Errebalen. “Jaiak bi zati edukiko ditu. Batetik, umeentzako kirol-txoko ezberdinak jarriko ditugu jolas ezberdinekin. Eta bestetik, aldi berean, gurasoekin bilera-informatiboa egongo da”, diosku Sarasketak.