Eskolarteko Skate Zirkuituak Eibarren egingo du azken geldialdia

Lehiaketa domekan egingo da, Sautsiko skate-parkean
Eskolarteko Skate Zirkuituak Eibarren egingo du azken geldialdia
2024/05/23 10:57
eta kitto!

Asteburuan amaituko da Eskolarteko Skate Zirkuituaren denboraldia eta Eibar izango da horren lekuko. Izan ere, domekan jokatuko da zirkuituaren 4. eta azken proba, 10:00etatik 18:00etara, Sautsiko skate-parkean.

Eibarko  Ipar Skate eta Surf eskolak antolatu du Eskolarteko Skate Zirkuituaren azken proba eta, euren berbetan, “patinatzaile guztiek, adina eta sexua edozein direla ere, skate-lehiaketetan parte hartzeko aukera izatea eta skate-txapelketetan, musikan, giroan, trikimailuetan eta sarietan lehiatzeak dakarren esperientzia bizitzea da helburua”.

Antolatzaileek diotenez, “Goiko mailetako sailkapeneko hiru txapeldunek txapelketa berezi batean lehiatzeko aukera izango dute, Espainiako txapelketan lehiatzeko txartela lortzeko aukeratuz.

 

Gora doan kirola

Skatea mundu mailan gero eta pisu handiagoa hartzen ari den kirol olinpikoa da, eta zirkuituaren antolatzaileen helburua “Euskal Herrian harrobia prestatzen hastea eta pixkanaka kirol hau profesionalizatzen joatea da”.

Ipar-ekoek diotenez, “proiektu horren asmoa neska-mutil guztiei lehiatzeko aukera ematea da, maila, adina eta sexua edozein direla ere. Izan ere, orain arte maila handiko jendearekin federatu bezala lehiatzen ziren edo ez zegoen lehiaketan hasteko aukerarik”.

Gauzak horrela, Ipar-ekoak patinajeko Euskal Federazioko kideekin harremanetan jarri ziren eta 2023/24 denboraldirako zirkuitua prestatzen hasi ziren beste eskola eta eragilerekin batera. Horrela, lau geldialdiko zirkuitua osatu zuten. “Datorren urterako asmoa da zirkuitu handiagoa egitea, denbora gehiagorekin antolatzea eta parte-hartzea handitzen joatea”, antolatzaileen berbetan.