Espetxetik irtetea askatasuna lortzea baino gehiago da
Harrera elkartea 2012an jaio zen Euskal Herrian espetxea, erbestea edota deportazioa pairatu duten emakume zein gizonezkoen gizarteratzean laguntzeko. Helburu horiek aurrera eramateko, eta gizarteak gizartea salbatzen duela aldarrikatuz, bazkideen ekarpenak ezinbestekoak dira eta, gaur egungo erronkei aurre egin ahal izateko, ‘5.000 baietz’ kanpaina jarri dute martxan. Hilaren 29an, 18:30ean, emango dute horren berri Arrate Kultur Elkartean.
Harrera elkarteko Ibai Iriartek esan digunez, “beharrak hala eskatuta” jarri dute martxan ‘5.000 baietz’ bazkide kanpaina. “3.500 bazkide inguru gara momentu honetan, baina euskal preso, iheslari eta deportatuen egoera aldatzen ari da, geroz eta preso gutxiago dago espetxeetan, atzerritik ere geroz eta gehiago etorri dira bueltan eta horrek lan-karga handitzea ekarri dio Harrerari, zorionez, baina horrek kostu ekonomikoa dauka”, azaldu digunez. Iaz, adibidez, 117 lagunek jaso zuten Harreraren laguntza eta 338.000 euro bideratu zituzten laguntza horietarako.
Harrera elkartea bazkideek “sostengatzen” dutela kontuan hartuta, “bazkidetza kopurua igotzea ezinbestekoa zaigu”, Iriarteren iritziz. Dena dela, Harrerak konfiantzaz ekin dio kanpainari. “Herri honetan milaka lagun aritu dira solidaritatez dispertsioaren urterik gogorrenetan (Mirentxin dugu hor, diru-bilketak egin dira…), eta modu batean edo bestean egoera horrek zekarren kostu humano, pertsonal eta ekonomikoa sostengatu du”, gogoratzen du. “Euskal gizartea solidarioa da eta elkartasun horretatik jendeak erantzun egiten du. Hori ikusi dugu hitzaldiak egin ditugun tokietan”.
Harreraren eginkizunak
Harrera elkartea Euskal Herriko hainbat herritan aurkezpen hitzaldiak egiten hasi da eta hilaren 29an iritsiko da gurera. Bertan, elkartearen nondik norakoak azaltzeaz gain, zera azaldu nahi dute: “Gatazka politikoaren ondorio baten egoera zein den ezagutarazi nahi dugu. Hau da, preso, exiliatu eta erbesteratuen egoera, horien etxeratze-egoera nola ematen ari den, eta horrek dakarrena, bai arlo sozialean bai ekonomikoan. Egoeraren argazki orokorra erakutsi nahi dugu”.
Harrerak 13 urte daramatza lanean eta gaur egungo egoera ez da hasierako bera. “Lehen urte mordoa ematen zituzten espetxean eta bat-batean askatasuna lortzen zuten. Lehen graduan edo isolamenduan eta urrun egotetik, bat-batean kalean aurkitzen zen presoa. Gaur egun, ostera, kaleratzea ez da horrela ematen ari. 115 preso ditugu eta erdia baino gehiago kalea zapaltzen ari da, eta kalea zapaltzen dutenetik Harrera eurekin lanean dago”, Iriartek dioenez. “Izan ere, gaur egun preso asko 2. graduan daude eta kalera ateratzen dira lana, ikasketak edo boluntariotza-lanak egitera”.
Elkartea preso bakoitzaren behar eta egoerara egokitzen saiatzen da eta, horretarako, eurentzat ezinbestekoa da etxeratze-bide bakoitza modu indibidualizatuan diseinatzea. Dena dela, badaude oinarrizko gauza batzuk. Adibidez, arlo juridiko administratiboan, lehenengo tramiteak egiteko aholkularitza eta laguntza eskaintzen dizkiete; osasungintzari dagokionez, “medikuntza-asistentzia kartzelan edo erbestean oso eskasa izaten denez, bueltatzean osasun arazoak izaten dituzte”, eta horregatik psikologo, oftalmologo eta dentista taldeak dituzte; arlo ekonomikoari begira, preso eta errefuxiatu ohiek ondarerik izaten ez dutenez, diruz laguntzen diete lehendabiziko hilabeteetan; eta lana aurkitzen ere laguntzen diete.
Bazkide egiteko
Bazkide egin ahal izateko ekarpen minimoa urtean 60 eurokoa da, “eta hortik aurrera nahi den guztia eman daiteke”, kontatu digu Iriartek. Kuota ordaintzeko aukera ezberdinak daude (urtean behin, bi zatitan, hirutan, lautan edo hilero) eta baita egiteko moduak ere: “bazkideak.harreraelkartea.eus webgunean egin daiteke izapideak betez, gure inguruko jendearengana joz, edo zenbait herritan jarri ditugun bazkidetza orriak bete eta WhatsAppez bidaliz”, Iriarteren berbetan. “Gainera, 2025eko ekarpen guztiek 2026ko errenta aitorpenean dedukzioa izango dute. Beraz, %20 jasoko lukete bueltan”, azaldu digunez.