Estaziño-Azitain bidegorrirako lotura-planak ezagutzera emateko eskatu diote bizilagunek Foru Aldundiari
Elkarteko kideak arduratuta daude, bidegorriaren loturak nolakoak izango direnez ez dielako inork azaldu. Hori dela eta, azaroan bidalitako gutunean bidegorrirako dauzkaten lotura-planak ezagutu nahi dituztela adierazi diote Foru Aldundiari. Ildo horretan, bidegorria amaitzen dutenean Maltzagak Soraluze eta Debagoieneko herriekin loturarik izango duen ere galdetu dute. Eta, horrekin batera, bidegorria autopistaren sarreratik/irteeratik igarotzen den puntuan segurtasuna hobetu beharko litzatekeela ere azpimarratu dute. Jarraian irakurri dezakezue auzokideek Foru Aldundiari igorritako gutun horretan esaten dutena, puntuz-puntu:
1- Oso beharrezkoa ikusten dugu Maltzaga, Soraluze eta Debagoieneko herriak (Bergara, Oñati, Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatza) lotzen dituen bidegorriarekin lotura izatea. Konexio horrek, zalantzarik gabe, Eibar eta Elgoibarko herritarren mugikortasun iraunkorra hobetzen lagunduko luke. Honek, Debagoienaren eta Debabarreneko pertsona askoren arteko mugikortasun-lotura ikaragarri hobetuko luke.
Testuinguru horretan, Aldundiak dituen planak ezagutu nahiko genituzke, goian planteatutako lotura posible izan dadin. Ildo horretan planik ia dagoen jakin nahiko genuke, eta horrela balitz horren berri jasotzea.
2- Eibar eta Ermua arteko bidegorriaren lotura planak ezagutu nahi genituzke. Lotura hori oso garrantzitsua iruditzen zaigu, halaber, egunero bi herrien artean oinez mugitzen diren pertsonen fluxu handia kontuan izanda.
3- Jakin nahi genuke Eibarko Udalak bidegorri-sarearen planik bidali edo proposatu duen, edota Udalarekin batera Eibarko auzoen arteko lotura hobetzeko hiri-bidegorrien sarea sortzeko aukera planifikatzen edo aztertzen lan egin den.
4- Jakin nahi genuke ea Aldundiak Eibarren Estaziño eta Azitain artean egiten ari diren bidegorri-paseoa, eta 2020an Azitain-Maltzaga artean egin zen bidegorri-paseoarekin lotzeko asmorik dagoen.
5- Gure ustez, Azitain eta Maltzaga arteko bidegorri-paseoaren segurtasuna nabarmen hobetu daiteke autopistaren sarreratik/irteeratik igarotzen den puntu horretan. Uste dugu zati horrek nolabaiteko arriskua dakarrela, tarte horretatik igarotzen diren pertsonentzat. Bidegorri-paseo hori erabiltzen duten pertsonen kopurua handia da, bai bizikletaz, bai oinez, eta bereziki asteburuetan. Horregatik, erabiltzaile askoren segurtasuna bermatuko duen irtenbide tekniko bat aztertu beharko litzateke. Ziur gaude gai honek nolabaiteko presa duela duen arriskuagatik.
Autopistaren sarreran/irteeran dagoen trafiko-dentsitateak eta oinez edo bizikletaz zeharkatzen duten pertsonen kopuruak arreta eta konponbidea merezi dute.