Estaziño-Azitain pasealekua birnaturalizatzeko hitzarmena abian

Eibarko Udalak eta Euskal Trenbide Sareak hitzarmena sinatu dute, “oinez ibiltzeko eta mugitzeko espazio berdeago, irisgarriago eta atseginago bat sortzearen alde”.
Estaziño-Azitain pasealekua birnaturalizatzeko hitzarmena abian
2026/05/20 12:53
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Estaziño-Azitain pasealekua ireki zenetik hilabete baino gehiago igaro denean, Eibarko Udalak eta Euskal Trenbide Sareak (ETS) lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute espazio hori birnaturalizatzeko.

Akordioaren bidez, Bilbo-Donostia trenbidearen linearen zati estalian ingurunea zaharberritu eta egokitzeko lanak egingo dira, eremua “herritarrentzat atseginagoa, jasangarriagoa eta irisgarriagoa” izan dadin. Horretarako, landaredia, itzal-eremuak eta ingurumen- eta paisaia-kalitatea hobetuko duten elementuak jarriko dira. 687.531,07 euroko aurrekontua eta bost asteko iraupena izango dute lanek.

Gainera, hitzarmenak bi erakundeen eginkizunak zehazten ditu. Eibarko Udalak hartuko du bere gain pasealekua ingurumenean eta paisaian integratzeko proiektua idaztea eta garatzea, eta Euskal Trenbide Sareak, berriz, aurreikusitako obrak kontratatu, gauzatu eta finantzatuko ditu.

Udalaren esanetan, pasealekuak harrera oso ona izan du herritarren artean. Hala, azaldu duenez, denbora gutxian hiriko gunerik erabilienetako bat bihurtu da, eta egunero ehunka herritarrek erabiltzen dute espazio berria. Oinezkoen mugikortasuna hobetzeaz gain, Eibarko auzoen arteko lotura eroso eta segurua eskaintzen duela nabarmendu du.