Esti Redondo (EHNE): “Etxeko balkoiak eta leihoak erabil daitezke ortuak prestatzeko”

Esti Redondo (EHNE): “Etxeko balkoiak eta leihoak erabil daitezke ortuak prestatzeko”
2016/05/23 20:49
eta kitto!
Bihar (martitzena, maiatzak 24) Esti Redondok “Ortuak balkoian” hitzaldia emango du, 19:00etatik aurrera ...eta kitto! Euskara Elkartean. Azken urteetan gero eta normalagoa da balkoi eta terrazetan ortu txikiak jartzea eta Esti Redondok gure ortua martxan jartzen lagunduko digu. Kazetaritza ikasi zuen eta urte asko daramatza munduan zehar (Mexiko, Nikaragua, Guatemala, Argentina, Australia...) tokian tokiko nekazal mugimenduak
eta nekazaritza ekologikoa aztertzen. Bizkaian ortu biointentsiboak martxan jarri ditu eta, tailer eta hitzaldien bitartez, bere ezagutza konpartitzen dihardu EHNErekin elkarlanean
.

- Zer eskainiko duzu maiatzaren 24ko hitzaldian?
Balkoietan ortua jarri nahi dutenentzako hitzaldia izango da. Ideia hau bultzatzeko azalpenak emateaz gain, aholku praktikoak ere emango ditut.

- Udaberria landatzeko sasoi onena izanik nolako gauzak hartu behar ditugu kontuan?
Egia da San Isidrotik San Juanetara momentu aproposa dela ortuan landatzeko. Dena dela, kontuan izan behar dugu gero abuztuan oporretara joango garen edo ez. Landare batzuk, dena dela, nahiko azkar hazten dira, batez ere hostoak dituztenak: letxugak, espinaka, rukulak... Txikitxoak direnak ere hazten dira arinago, rabanitoak, esaterako.

- Nolako abantailak eskaintzen dizkigute etxean izan ditzakegun ortu hauek?
Sukaldetik gertu dauzkagunez, errazagoa da zaintzea, gainean egotea. Ureztatzeko ez dugu etxetik irten beharrik, eta hau abantaila handia da, zalantzarik gabe. Hala ere, landare hauek zaintza gehiago behar izaten dute. Kontuan izan behar da lur gutxiago izateagatik hobeto zaindu behar ditugula, azken finean ekosistema artifizial bat sortzen ari garelako. Ortuek argitasuna behar dute eta hori ere oso kontuan hartu beharreko faktorea da.

- Esan daiteke moda bihurtu dela ortua balkoian izatea?
Ez dakit modan dagoen zerbait den ala ez, baina egia da azken urteetan gero eta ortu gehiago jartzen direla balkoi eta terrazetan. Eta ez bakarrik balkoietan, leihoetan ere jarri dezakegu gure ortua. Lehen balkoi eta leihoetan lore apaingarriak jartzen ziren bakarrik, eta orain ohikoa da elikagaiak landatzea. Eta zergatik ez? Egia esan kanpora begira daukagun edozein espazio erabili daiteke ortua prestatzeko. Letxugak, kalendulak... erabili ahal ditugu entsaladak prestatzeko, eta erromeroak urte osoan zehar infusioak egiteko. Gainera oso politak dira. Batzuetan balkoiak ez ditugu ondo aprobetxatzen eta trastoz betetzen ditugu. Hitzaldian ortu hauek praktikan nola egin daitezkeen azalduko diet interesa duten guztiei.