Etxegabekotasunari End herri plataformaren aurkezpena egin dute

Atzo iluntzean Arrate Kultur Elkartean egindako agerraldian eman zuten ezagutzera etxegabekotasunaren arazoarekin amaitzea nahi duen plataforma.
Etxegabekotasunari End herri plataformaren aurkezpena egin dute
2024/11/27 07:32
eta kitto!

Etxegabetasunaren arazoari konponbidea emateko bokazioarekin eratu berri den plataformak Bertol Brechtek 1931n idatzi eta 1989an Mikel Laboak "Gaberako aterpea" abestian musikatu zituen bertsoak gogora ekarrita ekin nahi izan dio bere bideari. Atzoko aurkezpenean esandakoari jarraituz, “gaur egun, orduan bezala, etxegabetasuna konpondu gabe dagoen gaia da gure gizartean. Beraz, indarrak batu nahi ditugu, gure kaleetatik eta auzoetatik errealitate bidegabe hau ahal den neurrian desagerrarazteko. Justizia sozialarekin eta elkartasunarekin konprometituta, plataforma batean indarrak batzea erabaki dugu, hainbat arlotatik datozen pertsonak, hain beharrezkoa den lan honetan batu ahal izateko. Helburu nagusia etxegabetasun-egoeran dagoen inork kalean lo egin behar ez izatea da. Era berean, hain bidegabea den errealitate hau aldatu nahi duzuen guztioi, plataformara hurbiltzeko deia egiten dizuegu.
Beharrezkoak zarete, eta ongi hartuko zaituztegu”.
Plataformaren izenaren nondik norakoak ere azaldu zituzten, END izenak esanahi bikoitza duela gaineratuta. Batetik, aurtengo udaberrian ixtea erabaki zuten Eibarko Neguko Dispositiboaren siglek osatzen duten berba da, “hain zuzen ere horren itxieragatik datorrelako plataforma honen sorrera”.  Eta, bestetik, ingelesez berba horren esanahia amaiera da, “eta hau plataformaren helburuetako bat definitzera dator: etxerik gabeko pertsonen egoerari amaiera ematea, alegia”.
Era berean, argi laga nahi dute beraien helburua ez dela bakarrik negurako, aldi baterako aterpetxea zabaltzeko eskaera egitea: “Aterpetxea urte osoan, 365 egunetan funtzionatuko duen errealitatea izatea nahi dugu”. Horrekin batera, END plataformak lehen urratsak Eibarren eman arren, eskualdeko gainerako udalerrietan hazteko bokazioarekin sortu dela azpimarratu zuten.

Neguko dispositiboan ematen zen zerbitzuaren premia
Azken hiru neguetan Eibarren martxan egon den dispositiboan ematen zen zerbitzuaren garrantzia ikustarazteko, hainbat datu eman zituzten: “Lehen urtean, eta Eibarko Udalak kudeatuta, 2021eko abenduaren 1ean zabaldu eta 2022ko apirilaren 15ean itxi zen dispositiboa. Tarte horretan, 101 pertsona hartu zituzten bertan, batez beste 13 pertsona egunero, eta egonaldi ertain/luzeko hiru plaza artatu zituzten. Bigarren neguan (2022ko urriaren 15etik apirilaren 15era), Arrats elkarteak kudeatuta, 149 pertsona atenditu zituzten, batez beste 17 pertsona egunero, eta egonaldi ertain/luzeko sei plaza artatu zituzten. Eta aurreko neguan, Arrats elkarteak kudeatuta, 188 pertsona atenditu eta egonaldi ertain/luzeko hamaika plaza artatu zituzten”.

Plataformaren helburu nagusiak lau puntu hauetan laburbildu daitezke: “Gizarte zerbitzuen zorroan adierazten den aterpetxe zerbitzua zabaltzea; Eibarko herrian kale egoeran dauden pertsonentzat zerbitzua urte osorako zabaltzea; etxegabetasunean dagoen inori oinarrizko mantenua, higienea eta lotarako segurtasuna falta ez izatea; eta Gizarte zerbitzuetan kale egoeran dauden pertsonak artatzea, errolda baldintza izan gabe”. 
Aurkezpena amaitu aurretik, hiru gogoeta hauek egin zituzten: “Lehenik eta behin, aipatu ditugun lau helburu horiek ez diote soilik asistentziako laguntza zerbitzuari erantzun nahi. Kale egoeran dauden pertsonak oinarrizko gizarte-zerbitzuekin elkartzeko eta harremanetan jartzeko gune bat izatea nahi da, oinarrizko eskubide minimo batzuk, eta giza eskubideen gutuna betetzen direla ziurtatzeko. Bigarrenik, politikoki ez garela alde batean edo bestean kokatzen, eta inongo alderdi politikoren euskarririk ez dugula argi laga nahi dugu. Gizarte zerbitzuen zorroak, hau da, gizarte zerbitzuetako legediak aipatzen duen zerbitzuak betetzeko beharra aldarrikatzen dugu. Eta, hirugarrena eta azkena: egin dugun hau elkartasunetik ulertu behar dela beti, karitatetik eta paternalismoetatik ihesi, etxerik gabeko pertsonak euren bizitzaren jabe eta protagonista bihurtuz”.
Aurkezpena egin berri, bihar bertan emango dute hurrengo pausoa: Eibarko Udalean 19:00etan Osoko Bilkura hasiko dela aprobetxatuz, amaieran herritarrek galderak egiteko egoten doen tartea baliatuko dute, beraien eskaerak udal ordezkariei helarazteko. Hori dela eta, herritarrei Untzagan elkartzeko dei egin dute.