Etxetik mugitu gabe 'Nekatutak' bakarrizketaz gozatu dute Eibarren

Etxetik mugitu gabe 'Nekatutak' bakarrizketaz gozatu dute Eibarren
2023/02/28 08:08
eta kitto!
BERRIAko Julen Otaegi Leonet kazetariak landu du artikulua eta Creative Commons BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu gure webgunera.

Eibarko pisu batean gertatutakoa joan den larunbatean: 30 lagun inguru, egongela batean, balkoira ematen duen atera begira. Bitartean, pertsona bat dago kanpoan, haren izena noiz deitu zain. «Antton Telleria». Atea ireki eta jendea txaloka hasi zaio. Egongela hori «antzoki» bihurtu du Antton Telleria bakarlariak, emanaldi batez besterik ez.

Duela pare bat asteko hasi zen dena: «Norbaitek utziko dit etxe bat Eibarren, Nekatutak bertan egiteko?». Izan ere, bakarrizketa haren azkenera iristear da. Martxoaren 4an eskainiko ditu azken bi emanaldi, Donostiako Antzoki Zaharrean —aspalditik daude sarrera guztiak salduta; iragarri eta aste eta erdian amaitu ziren—. Egun hori iritsi bitartean, Telleriak ez du bi aldiz pentsatu: «Kotxea kargatu eta martxa». Asteburuan ekin zion Tolosatik, jaioterritik Eibarrerako bideari. Bi emanaldi eskaini zituen larunbatean. Baga, 12:30ean, pisu bateko egongelan; biga, 18:00etan, eraikin bateko zabaltzan.

Nekatutak bakarrizketa egitera joan zen, baina zerbait berriarekin: bost txiste, Eibarri buruz. «Lehenbizikoa: gaur gaua pasatzeko hotel bat hartu dut Eibarren. Bigarren txistea...». Topikoen artean, topikoenera jo zuen horietako batekin: «Hiru siglek osatzen dute Eibar izena. 'E': Ederra. 'I': Ikusgarria. 'BAR': Barkatu broma da». Hau da, herri «itsusia» dela: «Haserrerako motibo izan zitekeen, baina jendeak ulertu du asmoa ez dela haserrea eragitea, elkarrekin barre egitea baizik», adierazi du Telleriak.

Hemen, emanaldien kronika bideoa eta gainontzeko txisteak:

 


 

 

Amaiera

Duela bi urte estreinatu zuen Antton Telleriak Nekatutak bakarrizketa, eta, bere burua, bakarrizketalari gisa. Bi urteren ostean, nekatuta ala ez, azkenera heldu da emanaldia, Donostian eskainiko dituen bi saioekin. Hain justu, azken saioa «kapturatu» nahi du Telleriak: «Uste dut euskaraz egiten den stand-up komediari balio bat emateko modu bat dela. Atzetik datozenek izan ditzaten erreferentziak eta ikus dezaten gauza txukunak ere egiten direla euskaraz komediaren arloan».