Euskadiko turismoaren historiari errepasoa eman dio Jesus Gutierrez historialariak
Bigarren ikasturtea da Ikasten-en eskutik hitzaldi-zikloa eskaintzen dutena Debako Kultur Elkartean. Aurtengo bost saio horietatik laugarrena aurreko asteazkenean, uztailak 17, aurkeztu zuen Jesus Gutierrez Eibarko historialariak. "Historia del veraneo en Euskadi. Deba y la importancia del turismo" landu zuen bertan. Hori aprobetxatuz, berarekin izan gara historia errepasatu eta gaur egungo turismoaren inguruan jarduteko.
Turismoa ez da gaur egungo asmakizuna, aspalditik datorren eta dagoeneko ohitura bihurtu den aisialdia probesteko beste modu bat baizik. Baina horretan ere badirudi Euskal Herria aitzindaria izan zela, Gutierrezen hitzetan: "XIX. erdialdean osasunerako ur-bainuen abantailak ezagutzen hasi ziren eta, iraultzaren ondoren, Ingalaterrako aberatsak honuntza hasi ziren etortzen. Sare antzerakoa osatu zuten Urberuaga, Lekeitio, Altzola, Aretxabaleta edota Markinakoekin".
Eugenia de Montijo Napoleon III.aren emaztea ere "gaur egun oraindik funtzionatzen duten Miarritzeko balnearioak hasi zen bisitatzen". XIX. erdialde horretan hasi zen Donostiara etortzen baita Isabel II.a Espainiako erregina ere. Eta berari jarraituko zion, ondoren, Maria Cristina Alfontso XII. erregearen emazteak, "42 urtetan, kale egin barik, udaldiak Donostian pasatu zituenak, 1878tik 1929ra arte, lehenengo Aieteko jauregian eta Miramar-en gero". 1887an, gainera, gaur egun udaletxea dagoen Gran Casino Kursaal eraiki zuten. XX. mendearen hasiera horietan argitu zen bereziki Belle Epoque bezala bataiatutako sasoia. Niza, Miarritze eta beste balneario-hiriei jarraituz, han hasi ziren biltzen estatuko goi-karguak, aristokrata eta bestelako dirudunekin batera.
Gutierrezek dioenez, "sare horretan sartzen zirenak ez ziren hiru egunetarako etortzen, hiru hilabeterako baizik. Horregatik antolatzen ziren ordurako Lasarteko automobil probak, hipodromokoak, Gudamendiko plater tiroak... Euskarazko hainbat ekitaldirekin batera; hor hartu zuten indarra euskal-jokoek, eta 1879an egiten hasi ziren Kontxako estropadak, batez ere udaldia luzatu eta iraila ere hartzeko".
1912koa urte garrantzitsua izan zen, urte horretan inauguratu baitziren La Perlako balneario berria, Maria Cristina hotela, Victoria Eugenia teatroa eta Igeldoko funikularra, hor bueltan eraiki zen Paseo Berriarekin batera. Donostia bor-bor zegoen eta turistak -orduan forasteroak deituak- nonahi ikusten ziren. Sasoi hartako kronikek diotenez, "bertako 60.000 biztanleei kanpoko beste 30.000 batzen zitzaizkien" eta horren eragina gaur egungoa baino handiagoa zela ere badiote, "proportzionalki behintzat; baina orduan deserotasuna baztertu eta aukera bezala onartzen zuten".
Debako berezitasunak
Debako kasuan, kostaldeko herria izanik, "Mesetatik honako irteera naturala izan zen hango produktuak kanpora ateratzeko, artilea dela eta horrelakoetarako", diosku Jesusek. "Ez dugu ahaztu behar sasoi hartan ferreriek eta burdinolek hemen zuten pisua eta indarra". Burgosetik Gasteizeraino lehenengo eta, gero, hemendik kanpora, bi norabide hartzen zituzten produktu horiek: "Batzuk Cadiz eta Sevillarako bidea hartzen zuten, beste batzuk Herbeheretara bidaltzeko, orduan Espainiako koloniak baitziren".
Urberuaga, Zestoa eta Altzola ohitzen joan ziren bisitak jasotzera, baina XIX. mende erditik 1920ra arteko eskaintza ia berdina izan zela dio historialariak: "Lasao edo Santa Katalinatik buelta batzuk eman. Gero hasi zen zertxobait mugitzen". Debako portua indarra joan zen galtzen, udaldiaren mesederako. XX. mende hasierarako hasi ziren Espainia barnekoak etortzen, batez ere Madrildik. Turismoaren garapen horrek 1970. hamarkadaraino iraun zuen, gero krisi antzerakoa bizi izan zuen, eta beste jauzi bat izan zuen behin XXI. mendean sartuta.
Madril eta Debaren artekoa aspalditik dator. Hasieran debarrek euren etxeak alokatzen zizkieten, hauek familietako baserrietara joaten ziren bitartean. Udatiar dirudunek Toledo Enea bezalako etxaldeak egin zituzten. Miramar, Monreal, Deva, Celaya, Egaña eta Iriondo moduko hotelak zabaldu ziren. Eta hondartzan toldo eta kaseta zerbitzuak ezarri ziren, Urasandi familiak kudeatuta. Guzti horri lotuta, Jesus Gutierrezek dioenez, "lehen etortzen zirenek, arbasoak Madrilen, Zaragozan edo Iruñean dituztenek, oraindik etortzen jarraitzen dute". Eta Cardenasen figura ere gogoratzen du, "herriaren seme adoptiboa bihurtutakoa eta hainbat lehiaketa antolatzen dituen fundazio publikoa duena bere izenarekin".
XX. mendeko sasoi ezberdinak
Mende hasieran turismoak gure inguruan hartu zuen indarraren ezaugarritzak jo dezakegu Aratosteak eurak ere Donostian goi mailan ospatzen zirela, Nizakoekin parekatuz. Orduko kronikek diotenez, "otsaila abuztua balitz bizi zen, eta orduan egiten ziren abiazio-proba akrobatikoak badian".
Urrezko Aro horrek 1924ra arte iraun zuen, Primo de Riverak jokoa debekatu eta Kasinoa bere ateak ixtera behartu zuen arte. Gerra Zibilaren ondoren, Espainiako estatua autarkia bihurtu zela dio Gutierrezek, "produktuak kanporatzeko ezintasunarekin. Egoera hori aldatzen joan zen gutxinaka: lehenengo 1950ean Eisenhower AEB-etako presidenteak hona egindako bisitarekin, baseak hemen ezarri eta Francori pixka bat eskua zabaltzea gomendatu zionean. Opuseko teknokratek ere beste jauzi bat ere ekarri zuten arlo horretan, 1959ko Garapen Plana abiatu zutenean". 1960.etik aurrera Andaluzia eta Levanteko turismoa sustatu zen batez ere.
Francok, bere aldetik, Espainiako politikako eliteen bidetik jo zuen eta, 1940tik 1975era arte, Aieteko jauregian pasatu zituen bere udaldiak. Javier Sada Donostiako kronikalariak dioenez, "guztira 699 gau pasatu zituen Donostian, 28 ministro-kontseilu egin zituen bertan eta abuztuaren 14ko Salbearen buru izan zen 17 aldiz". Gutierrezek zehazten duenez, "1973an izan zen Donostian azken aldiz, 1974an eta 1975ean ez zelako etorri. Juan Carlos errege emeritoak Mallorcarako bidea hartu zuen, eta berarekin batera beste izen handiko pertsonaiak ere hortik jo zuten".
Gaur egungo turismoa
Munduan 8.000 milioi lagun bizi bagara, "1.100 milioi udatiarrak" garela dio historialariak. Horregatik, hor kokatzen du, jasangarritasunari begira, zaindu beharko genituzkeen neurriak: "Kontsumitzaileak gara gu, baina derrigortuta gaude bizi-kalitatea eta bizimodua partekatzera. Sistemak sosteniblea behar du izan".
Donostiako datuak eman dizkigu, aurrekoaren adibidetzat proposatuz. "Gipuzkoako hiriburuan 15.000 lagun bizi dira turismoaren bueltako lanetan. Horrek bertako Barne Produkzio Gordinaren %13 izatera eramaten du. Ikusten denez, kontuan hartu beharreko datua da. Baina, aldi berean, badira beste batzuk: San Sebastian eguneko bezpera batean, Alde Zaharrean kokatuta dauden 13 kamarek 299.000 mila lagun kontatu zituzten. Horrela ulertu daiteke, bertan bizi direnek jasan behar dutenarekin batera, Grosen bizi direnek ere hura parke tematikoa balitz hartzea, Cabarcenotzat jotzea".
Orain dela bost urte DV-k egindako proba ere gogora ekarri digu Jesus Gutierrezek. "2019an Alde Zaharreko zazpi tabernetan izan ziren eta, kontsumizio berdina eginez, ikusi zuten euretako bostetan atzerritarrei garestiago kobratu zietela bertakoei baino. Zergatia galdetu zietenean, gainera, tabernariek modu berezian arrazoitu zuten neurria: `Ez diegu gehiago kobratu; donostiarrei merkeago egiten diegu´". Dena dela, ez da gaur eguneko kontua bakarrik, Leon Trotskik berak ere, Donostian izan zen batean, argi esan zuelako: "Hiri-balneario honetatik izurritetik bezala ihes egin behar da".
Konponketa zaila du honek
Aipatutako arazoari Jesusek ez dio konponketa errazik ikusten: "Hemengo turismoaren eta kanpokoaren artean ere badago desorekarik. Bi erronkei erantzun beharko geniela uste dut: alde batetik, eskaintza zabaldu beharko genuke udatik kanpo; eta, bestetik, deszentralizazioa bilatu beharko genuke. Jendeak askotan itsu jokatzen du, erreferentzia jakin batzuei jarraituz... Pin, pan, pun. Besterik begiratu gabe. Baselizen Ibilbidea dela, Gaztarena dela...".
Gaur egun Euskal Autonomi Erkidegoan 2.400 pisu turistiko daudela dio eibartarrak. Eta Debara bueltatuta, herriak gehiagorako ez duela ematen dio: "Pisu gehiago egiteko bidea agortuta dago, mendirantz egin dira etxe batzuk, baina ibaitik urrun; luzera ezin da gehiagorik egin. Ibaitik beste aldera pasatuta, hori beste kontua da, Mutrikuko lurrak direlako; eta Hondarbeltz eta inguruak Mutrikutik urruti daude, lagata". Bestalde, Deban berriro zabalduko den hotelaren bueltan ere baditu zalantzak: "Ea zortea duten, baina neguan zelan egin aurrera, hor ikusten dut arazo handiena".
Etorkizunean zer, hor dago koxka
Pandemiaren ondoren jendea bidaiatzeko irrikitan dagoela nabaria da, edonora joateko gosez. Eta edozein belaunaldiko jendearen artean zabaldu da, gainera, aje hori. Hori prezioak ere, jaitsi beharrean, igo egin direnean. "EAEn bertan, gau bateko bataz-besteko prezioa 137 eurotan dago", diosku berak.
Hala ere, sasoi batean pentsaezina zena ematen da gaur: "20-21 urteko gazteak Afrikara doaz, horrelakorik ezin genuen egin aurreko belaunaldikook". Baina jubilatuek ere bide beretik jotzen dute: "Orain, Imserso dela edo ez dela, arraroa da urtean hiru-lau bidaia egiten ez duen erretiratua". Lehen arlo horretan ematen zen desorekarik gaur egun ez dagoelako, askoz gehiago bidaiatzen baita neguan ere. "Baliabide teknologikoek, gainera, asko gutxitu dituzte sortu zitezkeen arazoak, aldi berean distantziak hurbilduz. Orain joan aurretik badakigu nora goazen. Hori bai, zoritxarrez nortasuna galtzen joan gara: Burger King, Zara eta antzekoekin egiten dugu topo leku guztietan".
Jesusek ez du, ez, milagrorik espero azken aldian hiri turistikoenetan hartzen diharduten neurri berezietan. "Pisu turistikoen inguruan ezarri nahi dituzten neurriak, tasa turistikoen ezarpenak... Venezian ahalegindu dira, baina konponketa gutxi. Kanariar irletan, Malagan... nola mugatu? Ostalaritzan eta bidaia agentzietan hainbeste jende lanean diharduenean, oso zaila da arazo horri benetan heltzea". Garaira egokitzea tokatzen zaigula dio.
Amaitzeko, honakoa ere aitortzen digu historialariak: "Gure aurrekoek ere jakin izan zutelako euren garaietara egokitzen. Euskaldunok oso itxiak garen ospea badugu ere, gure arbasoen sustraietan nabigatzaileak eta bizizaleak apaizak eta monjak baino gehiago izan ziren".