Euskal gehiengo sindikalak salaketa eguna deitu du, "Lan osasuna bermatu, bizitza defendatu" goiburupean

Euskal gehiengo sindikalak salaketa eguna deitu du, "Lan osasuna bermatu, bizitza defendatu" goiburupean
2020/04/27 11:31
eta kitto!
Bihar (apirilak 28) Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna da eta aurten ere salaketa eguna deitu du euskal gehiengo sindikalak, Lan osasuna bermatu, bizitza defendatu goiburuari jarraituta, “COVID19aren krisiak eta ezarri diguten salbuespen egoerak baldintzatuta izango bada ere”. Bizitza jarriko dute erdigunean sindikatuek eta instituzioentzat bizitzak lehentasun izan daitezen mobilizatzera deitu dituzte herritarrak.

Salatzen dutenez, “azken hilabeteotan argi ikusi dugu Gobernuentzat eta kapitalarentzat gure bizitzak duen balioa. Beharrezkoa denean, kapitalaren mesedetan gure bizitzak arriskuan jartzeko prest daude, eta hala ari da gertatzen. Baina bizitza eta kapitalaren artean aukeratzeko momentua iristean, ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru, Etxalde eta CGT (Nafarroa) sindikatuok argi daukagu: lehenbizi bizitza eta, ondoren, beste guztia. Osasunik gabe, bizitzeko eskubidea bermatu gabe, ez dago beste ezer”.

Sindikatuetako ordezkarien berbetan, “langileen lan osasuna bermatzeko baliabide nahikorik gabe lan egitera behartzen gaituzte egunero. Krisi honetan ere langile guztion osasuna arriskuan jarri dute. Funtsezko zerbitzuetan ari diren osasun langileena, zaintza esparruko langileena, garbitzaileena, garraioan dabiltzanena, elikadura saltzaileena, farmazietako langileena, gasolindegietakoena... kasu guzti horietan osasuna arriskuan jarri dute, babes-neurririk gabe lan egiteak bizitza arriskuan jartzea baitakar. Hala gertatu zen Zaldibarren, zabortegiak bi langile lurperatu zituenean, berdin COVID-19arekin lanean kutsatu eta hil diren langileekin, baita aurten lan istripuan eta gaixotasun profesionalen ondorioz hildakoekin ere”.

535UEU-Irakaskuntza-Master-Baner-300x3001

Aipatutakoekin batera, funtsezkoak ez diren sektoreetako beharginak ere arriskuan jarri dituztela diote: “Prebentzio neurri egokirik gabe lan egitera behartu dituztenean, bestelako mugimendu guztiak erabat debekatuta zeuden bitartean. Langileon bizitza kalean erabat kontrolatuta egon da, baina lanean gure bizitza arriskuan zenean ez da ikuskaririk etorri”.

Lantokietan, bihar mobilizazioak sustatatzeko dei egin dute: Argazkiak eta bideoak egin eta zabaldu, #BizitzaDefendatu traola erabilita. Eta etxean ere, grabatu bideo labur bat, zuen salaketa edo aldarrikapena adieraziz, eta zabaldu sare sozialetan”. Leiho eta balkoietan xingola beltza ipintzera animatu nahi dute jendea, “lanagatik hil edo gaixotu direnekin elkartasuna adierazteko eta horrelako egoerak salatzeko”.