Euskal Jaiarekin dantzara!
Kalian Jolasian aktibitatearekin hasiko da gaurko programazioa: 17.00etan hasi eta pare bat ordura luzatuko den ekimenean, umeendako modu naturalean euskaraz jarduteko prestatutako hainbat jokorekin. Jarraian euskal musikarekin girotutako kale animazioa izango da protagonista, hasi 19.30etan eta 22.30ak arte.
Markinako Akodas Bozine elektrotxarangak ipinitako martxari Untzagako karpan hasiko den kontzertuak emango dio jarraipena. Hor eMePebo5t errokmérixa taldia bere onenak ematen saiatuko da, mota askotako musika eta abestiak tartekatuz.
Biharko eguna guztiz beteko du programazioak, hasi goizeko 10.00etatik eta gauean ondo sartu arte. Artisau eta baserritarren azokak T. Etxebarrian kokatuko ditu bere postuak, baita AEK-koen taloarena ere. Eguerdi aldean herri kirolak nagusituko dira, tartean seigarren edizioa beteko duen eskolen arteko lehiaketarekin.
Arratsaldean, bestalde, bertso-triki herri parrandak girotuko ditu hiriguneko kaleak kantu-afariaren ordua iritsi arte. Aurten bai kantu-afarirako eta baita herri-bazkarirako ere, txartel guztiak aurreko domekarako agortu ziren: “400 lagunean ipini genuen muga eta ez dago toki gehiagorik. Ahalegin berezia egin dugu prezioa ere merkatzen eta, elkarte gastronomikoei eta Oberenakoei esker, gure asmoak betetzea lortu dugu”, dio Mariano Luke antolatzaileetakoak. Jakina: Jainaga, Garate eta Narbaizarekin luze iraungo du kantu-afariak.
Sorgin-dantzak domekan
Domekan, Euskal Jaiaren egun handia izanik, Urkizutik Untzagarainoko ohiko kalejirarekin hasiko da eguna, Untzagan Ezpalak jaialdia eskaintzeko. Hor, Kezka dantza taldeko Oier Araolazaren esanetan, “dantza-joko bera izango da protagonista, doinu antzekoa erabiliz, eta bikoteka egiten den dantza-jolasarekin. Elkarri sudurretik edo belarritik helduz batzuetan, ukalbikadak, kolpeak eta tiroak botaz bestetan, eta besarkadak eta muxuak emanez bukatzen dena gehietan. Sorgin-dantza hemengo dantzatzat badaukagu ere, konturatuko gara Norvegian, Katalunian edo Okzitanian ere badaukatela dantza beraren euren bertsioa”.
Gero ondo merezitako herri-bazkaria etorriko da eta, behin arratsaldean, erromeria Aiko taldearekin eta larraindantza popularrekin amaituko da aurtengoa. Hori bai: ez ahaztu baserritar janztea!
48. Euskal Jaia Eibarren: Egitaraua
- Barixakua, hilak 24
17.00 / 19.00.- “Kalian Jolasian”. Untzagan.
19.00etatik 22.00.- Kale animazioa.
22.30.- Kontzertua eMePebo5t RockMerixa taldearekin, Untzagako karpan.
- Zapatua, hilak 25
10.00etatik 14.00etara.- Artisau eta baserritarren azoka, Eibart elkartea eta Eibarko baserritarren eskutik. Toribio Etxebarrian.
12.00.- Herri-kirolak eta bertsolariak: lasto-jasotzea, ingudea, lastoa botatzea eta burdia. Toribio Etxebarrian.
13.00.- Eskolen arteko VI. Herri-kirol lehiaketa: Mogel Isasi, Aldatze eta Itzioren arteko norgehiagoka.
18.30.- Bertso-triki herri parranda, Hankamotxak Bertso Eskola eta Eibarko trikitilariekin. Untzagako karpatik hasita.
22.00.- Kantu afaria, Adolfo Jainagak eta Josu Garatek musikatuta. Jarraian, erromeria Adolfo Jainaga eta Unai Narbaizarekin. Untzagako karpan.
- Domeka, hilak 26
12.00.-Euskal Jaiko kalejira: Ezpalak jaialdiko taldeak, gaiteroak, joaldunak eta Eibarko Musika Eskolako eta Jainagaren eskolako trikitilariek lagunduta. Urkizutik Untzagara.
12.30.- Ezpalak Nazioarteko Dantzen Jaialdia: "Sorgin-dantzak". Parte hartuko duten taldeak: Kezka (Eibar), Oinarin (Antzuola), Byttomfoten folkedansgruppe (Oslo, Norvegia), Callús-eko bastoners-ak (Callús, Katalunia), Xiberoko ikastoletako ikasle ohien elkartea (Zuberoa), Loramendi (Aretxabaleta), Le Quadrille Occitan (L'Union, Frantzia) eta Esbart català de dansaires (Bartzelona, Katalunia). 14.30.- Herri-bazkaria. Untzagako karpan.
17.00.- Erromeria, Aiko taldearekin. Untzagan.
19.00.- Larrain dantza herrikoia. Untzagan.
20.00.- Larrain dantza herrikoia. Klub Deportiboaren aurrean.