“Euskal kostaldeko artxibo ez nuklearra” erakusketa ikus daiteke gaurtik aurrera Topalekun

Bihar, berriz, Emilio Aiastuiren “Komite antinuklearra Eibarren” izenburuko lana proiektatuko dute, 19:00etan, eta jarraian solasaldia hasiko da.
“Euskal kostaldeko artxibo ez nuklearra” erakusketa ikus daiteke gaurtik aurrera Topalekun
2026/06/29 18:57
Silbia Hernandez Arrazola

“Euskal kostaldeko artxibo ez nuklearra” erakusketa zabalduko dute gaur, 19:00etan, Arrate Kultur Elkartearen Topaleku aretoan. Costa Vasca No Nuclearren eskutik, orain dela 45 urte egindako Lemoizko ibilaldia gogoratzeko aukera emango du erakusketak, eta uztailaren 7ra arte egongo da ikusgai. 

Horrekin batera, 1976. urtean benetan indartsua izan zen mugimendu antinuklearrari buruzko saioarekin hasiko da aurtengo Ikus-entzunezkoen Astea, bihar (martitzena, hilak 30) 19:00etan, Emilio Aiastuiren eskutik Arrate Kultur Elkartean bertan egingo den proiekzioarekin eta ondorengo solasaldiarekin.

Biharko saioan Emi Aiastui Garciaren “Komite antinuklearra Eibarren”, ordu erdiko lana emango dute. 1976an, oposizio nuklearra “Costa Vasca no Nuclear” defentsarako Batzordean bildu zen. Hortik sortu zen auzo elkarteetatik zetorren mugimendu antinuklearra, “Komite Antinuklearrak” hain zuzen. Garai hartan egindako hainbat ekintza grabatu zituen Emiliok. Urte luzez gordeta izan dituen grabazio horiek digitalizatu ditu, eta haiei esker Lemoizko zentral nuklearraren aurkako mugimenduaren eta garai hartako mobilizazioen irudiak berreskuratu dira. Horiek ikusi eta, jarraian, horri buruz berbetan aritzeko aukera izango da. Sarrera, beti bezala, librea eta doan izango da.