Euskalgintzaren eskaintza Untzagara aterako dute zapatuan Euskeraz Bizi Nahi Dut azokan
Gaur (martitzena, hilak 17) aurkeztu dute udaletxean datorren asteburuan, zapatuan goiz osoan Untzagan zabalik egongo den Eibarren Euskaraz Bizi Nahi Dut Azoka ekimenaren antolatzaileek. Goizeko 11.00etatik 14.00etara martxan egongo den azokan Eibarren euskera ikasi, erabili eta aberasteko aukera eta baliabideak eskaintzen dituzten elkarte eta erakundeek hartuko dute parte, besteak beste bakoitzak bere lanaren berri ematen: Udal Euskaltegia, AEK, Arrate Kultur Elkartea, ...eta kitto! Euskara Elkartea, Hankamotxak bertso eskola, Udala, Euskal Herrian Euskaraz, Kontseilua, UEU, Badihardugu, Ahotsak.com, Astixa, Zeramika Eskola, Dibujo Eskola, Juan Bautista Gisasola Musika Eskola, Armagintzaren Museoa, Kezka dantza taldea, Klub Deportiboko kultura atala, Juan San Martin Liburutegia, Ego Ibarra batzordea eta Eibarko Kantuzaleak izango dira parte hartzen.
Azoka 11.00etan zabaldu baino lehen, ordu laurden lehenago-edo, elkarte eta erakundeetako ordezkariei zein herritarrei Untzagako harmailetara gerturatzeko eskatu dute antolatzaileek, talde argazkia ateratzeko asmoa dagoelako. Jarraian, Eibarren Euskaraz Bizi Nahi Dut agerraldia egin eta azoka zabalduko da, elkarte bakoitzaren jardueren azalpen eta bestelako kontuekin. Azokaren inguruan, bestalde, jarduera osagarriak egingo dira: umeentzako tailerrak eta jolasak, gazte eta helduendako mintzodromoa, jolasak, bertso-jokoa, lehiaketa, musika… Eta azokara gerturatzen direnek hainbat sari (Coliseoko ikuskizunetarako sarrerak…) irabazteko aukera izango dute goiz osoan zehar egingo diren zozketetan.
Bezperan bertso saio musikatua
Barixaku gauean, bestalde, Hankamotxak bertso eskolak antolatuta bertso saio musikatua egingo da Txaltxa Zelaiko auditorioan, 22.00etan hasita. Ekitaldian Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Beñat Gaztelumendi, Jokin Labayen eta Jon Martin bertsolariek, Xabier Matxiain eta Gari Otamendi musikariek eta Harkaitz Casabal gai-jartzaileak hartuko dute parte.