Euskaltegietan izena emateko epea hilabete amaieran bukatuko da
2021/09/28
10:14
eta kitto!
Herriko euskaltegiak motorrak berotzen hasi dira eta hilabete amaierara arte dago zabalik herriko euskaltegietan izena emateko epea. Euskara ikasteko arrazoiak ezberdinak izan daitezke: hizkuntza berri bat ikasteko, seme-alabei eskolako lanak egiten laguntzeko, titulu ofizial bat lortzeko, lan munduan aurrera egiteko… Euskarak duen balioa arrazoi kopurutik haratago doa eta euskaltegietan bidelagun egokiak aurkituko ditugu euskararen bideari elkarrekin ekiteko.
Udal Euskaltegiaren egiteko nagusia herritarrak euskalduntzea eta alfabetatzea da eta, bide horretan, maila guztietako klaseak ematen ditu, A1 mailatik C2 mailara (hau da, hizkuntzaren oinarrizko erabiltzailetik, erabiltzaile aditura) Portalean duen egoitzan. Klaseak goizez edo arratsaldez izaten dira, norberaren beharren arabera (C2 mailakoak izan ezik, arratsaldez bakarrik ematen direlako), eta 10 orduko moduluak izaten dira. Hau da, astero 10 ordu, astelehenetik eguenera.
Aipatutako klaseez gain, jubilatuentzako talde bereziak eskaintzen dituzte. “Urtero izaten ditugu, iaz izan ezik, pandemiaren ondorioz ez zelako talderik osatu”, dio Sorkunde Juaristi Udal Euskaltegiko arduradunak. Gainera, etorkinentzako harrera-ikastaroak dituzte (AISA) eta, nola ez, azterketak prestatzeko klaseak eskaintzen dituzte.
Aurrez aurreko klaseak ematen dituzte batez ere, baina autoikaskuntza egiteko aukera ere badago, Boga programarekin. Hau bakarkako lana izan ohi da, baina tutoretzak eta mintzapraktika-saioak ere egiten dira. Gainera, gaur egun bizi dugun egoera kontuan hartuta, Udal Euskaltegian baliabide teknologikoek eskaintzen dituzten abantailak aprobetxatu dituzte. “Aurreko ikasturtea etxean amaitu ondoren, iaz, nahiz eta aurrez aurreko klaseak eman, dena Ikasten plataformara igo genuen, baten bat etxean konfinatuta geratuz gero ikasten jarraitzeko aukera izan zezan”, diosku arduradunak.
Ikasturte honetan, gainera, hitzaldiak eta irteerak egiteko ohitura berreskuratu nahi dute. Pandemiak asko mugatu du klaseen dinamika, baina egoerak hobera egiten diharduela dirudi eta euskaltegian gauzak aldatzea espero dute. Hala ere, klasean maskarak erabiltzen jarraitu beharko dute eta horrek kasu batzuetan zaildu egiten du irakaskuntza-lana. “Goi-mailetan ez dago arazorik, baina A1 mailakoentzat garrantzitsua da nola ahoskatzen den ikustea eta abar. Horregatik, maila horretako irakasleek maskara gardenak erabili izan dituzte”, azaldu digu Juaristik.
Euskaraz, zabaldu aukerak
Udal Euskaltegian izena emateko epea hilaren 29an amaituko da eta Euskaltegian bertan (Bista Eder 10, aurretiko zita hartuta), 943 700 912 telefonora deituz, euskaltegia@eibar.eus helbidera idatziz edo www.eibar.eus webgunean (Udal Euskaltegiaren atalean) eman daiteke izena. Gainera, urtarrilean berriz egoten da izena emateko aukera.
Udal Euskaltegian izena ematen dutenen profilari dagokionez, “azken urteotan B2 edo C1 mailetan izena eman dutenen kopurua hazi egin da”, Juaristiren arabera. “A1 mailan izena ematea gehiago kostatzen dela ikusten dugu. Agian, hemen jaiotakoak hala nola moldatzen dira, ez diote bestelako garrantzirik ematen euskaraz egiten jakiteari eta horrela jarraitzen dute. Eta kanpotik datozenek baliteke beste lehentasun batzuk izatea”, bere ustez.
Euskararen munduan bidea egin nahi dutenak erakartzeko asmoz, ‘Euskaraz, zabaldu aukerak’ eslogana erabili du Udal Euskaltegiak aurtengo kanpainan. “Azkenenean, euskarak aukera gehiago zabaltzen dizkizu”, diosku.
Euskara ikasteko orduan arlo ekonomikoa oztopoa izan ez dadin, Udal Euskaltegiak tarifa bereziak eskaintzen ditu eta %20, %50 eta %75eko deskontuak daude. “Albistegietan entzuten da euskara ikastea B2 mailara arte doan dela. Dohakoa izan daiteke, baina baldintza batzuk bete behar dira. Matrikula beti ordaindu behar da. Gurasoek, langabetuek, jubilatuek, zerbitzuetako langileek… %50eko deskontua izaten dute; RGI jasotzen dutenek %75ekoa; eta aurreko ikasturtean euskaltegian ibili eta asistentzia altua izan zutenek %20koa. Gero, ikasturtea amaitzerakoan maila lortzen dutenei (bi proba egiten ditugu ikasturtean zehar), %75eko asistentzia eduki badute, HABEk matrikularen dirua bueltatzen die. Berdin gertatzen da HABEren azterketak gainditzen dituztenekin, asistentzia kontuan hartu barik”, azaldu digu Juaristik.
Ikasi euskara, bidelagun onenarekin
AEK bidelagun paregabea izan daiteke euskara ikasi nahi dutenentzat eta horren erakusle da aurtengo ikasturtean erabili duten eslogana: ‘Ikasi euskara, bidelagun onenarekin’. Horrela, euskara ikasteko pausoa eman ez dutenak animatu nahi dituzte eta, AEK bidelagun dela, bidaia zoragarria izan daiteke.
Pandemiaren ondorioz ezarritako neurrietara egokituta, lehengo normaltasunera itzultzen ari gara poliki-poliki eta horrek eragina du AEK-ren funtzionamenduan. “Oraindik segurtasun-neurriak hartu beharko ditugu, baina egoera berrietara egokitzen joango gara”, esan digu Jone Olaizola irakasleak. Ez da erosoa maskarekin eta bestelako mugekin euskara irakastea, baina iazko esperientzia dute. “Ondo moldatu ginen eta, nahiz eta ez-ohiko egoera izan, balorazioa ez zen txarra izan”, diosku Olaizolak.
Egoerak hobera eginez gero, AEK-k iaz egin izan ez zituen ekintzak berreskuratu nahi ditu aurten. “Herrian antolatzen diren ekintzetan parte hartzea gustatzen zaigu: kultur ekintzak, hitzaldiak, Euskararen Eguna, Gaztainerre…”, diote AEK-ko irakasleek, “eta txangoak egin nahi ditugu berriz ere”.
Zerumugan, ostera, Korrika nabarmentzen da. Aurten bertan behera laga ondoren, 2022an Korrikaren 22. edizioa antolatuko du AEK-k eta, hainbeste itxaron ondoren, berezia izango dela ez dago zalantzarik.
Ikusten denez, AEK ez da euskara ikasteko tokia bakarrik, zerbait gehiago da. “Batzuen helburua agiri bat lortzeko euskara ikastea da, baina saiatzen gara esaten ez dela hori bakarrik. Euskara ikastea euskaraz bizitzea da, euskaraz sozializatzea. Azterketaz haratago, euskara askoz gehiago da”, Mikel Arrillaga irakaslearen berbetan.
Aurrez aurrekoaren garrantzia
Ikastaroei dagokienez, eskaintza zabala du AEK-k. Batetik, ibilbide luze eta arrakastatsua duten aurrez aurreko klaseak dituzte eta horri garrantzi handia ematen diote, “baina egoerak hala eskatzen badigu, baliabide digitalak erabiliko ditugu etxetik ikasteko”, Olaizolak dioenez. Maila guztietako ikastaroak eskaintzen dituzte, euskalduntzeko edo azterketak prestatzeko, eta horretarako metodologia komunikatiboa erabiltzen dute. Hau da, ikasitakoa erabilarazten saiatzen dira.
Taldeen egiturari begira, “oso anitzak izaten dira, adin guztietako jendea egoten da. Eta ordutegiari dagokionez, aukera zabala dugu”, Olaizolaren berbetan. “Normalean arratsaldean animatzen da jende gehiena, baina goizean edo eguerdian egiteko aukera ere eskaintzen dugu”.
Aurrez aurreko ikastaroez gain, autoikaskuntza egiteko aukera dago AEK-n. Ikasleek euren kabuz ikasten dute eta hamabost egunean behin tutoretzak izaten dituzte, egindako lana ikusteko, zalantzak argitzeko eta hurrengo programazioa jasotzeko. Gainera, mintzasaioak egiten dituzte astean behin. “Klaseetara etortzeko konpromisoa hartu ezin dutenek aukeratzen dute modalitate hau eta azken lau urteotan hazi egin da bertan izena eman dutenen kopurua”, dio Olaizolak. Euskara ikasteko aukera ona da ordutegi aldetik klasera beti joan ezin direnentzat, baina irakasleek nahiago dute aurrez aurrekoaren aukera. “Gehiago sinisten dugu talde-dinamikan. Taldean gehiago jartzen duzu proban zeure burua”, Arrillagaren ustez.
AEK-ren kasuan ere laguntza ekonomikoa eskaintzen dute izena emateko orduan. “Bekak daude Eibarko Udalaren partetik eta HABEk ere diruz lagunduko ditu B2 mailara arte ikasten dutenak; eta HABEren azterketak gaindituz gero, ikasleei dirua itzultzen zaie. Horrez gain, AEK doakotasunaren alde borrokan dabil”, Olaizolak dioenez.
Irailaren 30ean amaituko da izena emateko epea eta klaseak urrian hasiko dituzte. Beraz, izena emateko edo informazio gehiago jasotzeko AEK-ren bulegora joan (Sostoa, 1 – 9:00-13:00 / 16:00-18:00), 943 20 13 79 telefonora deitu, eibar@aek.eus helbidera idatzi edo www.aek.eus webgunera jo daiteke.