Euskararen Baloia ekimenaren edizio berria abiatu da gaur Ipuruan, Elgoibarko ikastolako ikasleekin

Euskararen Baloia ekimenaren edizio berria abiatu da gaur Ipuruan, Elgoibarko ikastolako ikasleekin
2024/01/24 17:25
eta kitto!
Eibarko eta inguruko herrietako ikasleen artean euskararen erabilera sustatzeko SD Eibar Fundazioak sustatutako Euskararen Baloia ekimenaren edizio berria abiatu da Ipuruan. Elgoibarko Ikastolako LH 3. mailako ikasleak bertan izan dira, instalazioetan bisita egiten eta, ondoren, ikasleek egindako proiektua, euskara gehiago erabiltzera animatzeko kantua aurkeztu dute haurrek. Ekitaldian Mikel Larrañaga SD Eibar Fundazioko lehendakariordea, Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaria eta Joseba Etxeberria eta Yerai Martin entrenatzaileak egon dira, eta denek elkarrekin kantatu eta gero, ikasleek bi entrenatzaileei galderak egiteko aukera izan dute.

Euskararen Baloia izeneko ekimena 2019an sortu zen, eta aurten laugarren edizioa beteko du. Abiatu berri den 2024ko edizioa Eibar, Ermua, Elgoibar eta Mallabiko ikastetxeentzat zabalik dago. Orain arte, Eibarko eta Ermuko hamar ikastetxetako mila ikasle inguruk parte hartu dute programa honetan.

Aurtengo edizioaren berritasun nagusia parte hartzen duten ikastetxeen artean lehiaketa bat antolatzea da. Ikastetxe bakoitzak "Euskara eta kirola" gaiari buruzko proiektu bat aurkeztu beharko du, aukeratzen duten modalitate artistikoan (antzerkia, abestia, dantza, ipuin kontaketa, etab.), gehienez ere bost minutuz.

Epaimahai batek originaltasuna, mezua, talde-lana eta Eibarren balioekiko lotura baloratuko ditu sariak emateko.
Lehen saria Atxabalperi bisita egitea da, taldearen autobusean, Pantxikarekin, gizonezkoen lehen taldearen entrenamendu bat ikusteko eta taldeko jokalariekin norgehiagoka bat izateko. Eta, bigarren saria, armaginen lehen taldeetako jokalari guztiek sinatutako baloia da. Gainera, parte hartzen duten ikastetxe guztiek Ipuruara bisita bat izango dute, Eibarren kamiseta bat zozketatuko dute bisita bakoitzean, Euskararen Baloiaren ale bat eta Eibar Kirol Elkartearen gizonezkoen eta emakumezkoen lehen taldeen partidetara joateko gonbidapenak.

baloi

Euskararen Baloiaren ipuina

Euskararen Baloia egitasmoak Ipuruako obretan aurkitutako baloi baten istorioa kontatzen du, eta gaurko jardunaldian Joseba Etxeberria eta Yerai Martin entrenatzaileen ahotik entzun dute ipuina haurrek. Istorioaren arabera, 1899an auzoko bizilagunek Andres Gorosabel auzokide eta baloiegileari eskatu zioten gaur egun Ipuruako instalazioan dagoen baloia egiteko, eta honek mandatua onartu zuen, baina baldintza batekin: Eibarko haurrek hura euskaraz erabili behar zuten.
Gorosabelen lekukoa hartuta, klubeko hainbat kidek, besteak beste, gizonezkoen eta emakumezkoen lehen taldeko jokalari eta entrenatzaileek, baloi horren historia kontatzen diete ikasleei.

EUSKARAREN BALOIA V2 FOLLETO