Historia klinikoetan euskaraz jarduteko ariketa «kolektiboa» hasi dute hainbat osasun langilek

Euskararen erabilera idatzizkoan ere bultzatze aldera, txapelketa bat jarri dute martxan Mendaroko erietxeko profesionalek, beren ekimenez: euskara gehien erabiltzen duenarentzat izango da saria. «Pazienteekiko obedientzia ariketa bat» dela uste dute.
Historia klinikoetan euskaraz jarduteko ariketa «kolektiboa» hasi dute hainbat osasun langilek
Adrian Zelaia, Unai Larrinaga, Leire Egiguren eta Agurtzane Eizmendi, Mendaroko erietxeko atarian. BERRIA
2025/10/24 09:23
eta kitto!

BERRIAko Arantxa Iraola kazetariak landu du artikulua eta Creative Commons BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu gure webgunera.

 

Erdararen «hegemonia» handia da historia klinikoetan. Patologien eboluzioei buruzko txostenak, proba diagnostikoen emaitzak, erietxean egonaldia egin eta gero pazienteei ematen zaizkien agiriak... Gutxitan sortzen dira horiek euskaraz. Sarri pazienteek lehenetsia dute euskarazko arta jaso nahi dutela, Osakidetzak berak esana du 370.000 pazientek egina dutela eskabide hori, baina euskara hutsean idatzitako agiriak ez dira ohikoak oraindik. Horiek horrela, alor horretan ere euskararen erabilera bultzatze aldera, Osakidetzako hainbat langilek, beren kasa, txapelketa bat abian jartzea erabaki dute, agiriak euskaraz egitea saritzeko. Batez ere, euskara erabiltzea erraztuko duen ariketa «kolektibo» bat izatea nahi dute. Mendaroko ospitaleko profesionalek (Debabarrena, Gipuzkoa) bultzatu dute.

Adrian Zelaia traumatologoak, Unai Larrinaga prebentzio medikuak eta Leire Egiguren eta Agurtzane Auzmendi larrialdietako medikuek hartu nahi izan dute hitza ekinbidearen gainean solastatzeko. Osasungintza euskalduntzeko Aintzat mugimenduko kideak dira lehenengo biak. Osasun sistema euskalduntzeko prozesuan idatzizkoari ere erreparatzeak berebiziko garrantzia duela gogoratu nahi izan du Zelaiak. «Euskara ahozkotasunera mugatuta ikusi izan dugu, eta esparru informaletara. Pazienteei dokumentazioa ematen zaienean, espainola da hizkuntza hegemonikoa». Horri buelta eman nahi diote.

«Euskara ahozkotasunera mugatuta ikusi izan dugu, eta esparru informaletara», ADRIAN ZELAIA Traumatologoa

Euskarazko arreta eskatua duten pazienteak dituzte gogoan. Osakidetzak berak martxan ditu haiei begirako hainbat estrategia. Hartuak ditu, adibidez, paziente horiek errazago identifikatzeko erabakiak, hala arta hobea izango delakoan: e letra daukan ikur urdin bat agertzen da paziente horien fitxetan. Aurten beste «berritasun» bat jakinarazi du: paziente horiei erietxeetako identifikazio eskumuturrekoetan ere ikurra jartzen hasi da. Historia klinikoan euskararen erabilera sustatze aldera, berriz, uda honetan Itzulbide aurkeztu dute, Osakidetzaren itzultzaile neuronala. Pazienteen historia klinikoetan euskaraz idatzita dagoen informazioa gaztelaniara itzultzen du. Oraingoz, Donostia ospitalean bakarrik ari dira erabiltzen, proba moduan.

Gabezia, hala ere, handia da: euskalgintza usu ari da osasun sisteman euskarazko arta bermatzeko dauden zailtasunez ohartarazten, eta bidea bizkortzeko hainbat eskabide ere badaude mahai gainean. Langile hauek, esaterako, adierazi dute profesional elebidunak lortzeko bideak lehenetsi beharko liratekeela, eta horren ordez «itzultzaileak, pegatinak eta kartelak» jartzen ari dela administrazioa. «Euskaldunok ezin dugu itzultzaile neuronala garatzen aritu euskaraz lan egitera ausartu beharrean», azaldu du Zelaiak. Horiek horrela, administrazioak berak eginak dituen ahalegin horiez gain gehiago egin behar dela uste dute.

 
Salbuespen ez izateko

Auzmendi: «Elkar xaxatzea, elkar berotzea... Horrek ere funtzionatzen du». Eta hori lortu nahi dute txapelketaren bidez. Ororen gainetik, euskarazko jarduna «normalizatzea» nahi dute: salbuespen ez izatea. Bide horretan, argi dute osasun sistemaren jardunean zuztartuta ikusten dituzten hainbat «premisari» orain «buelta» eman behar zaiela, eta euskararen «eskaintza aktiboa» bultzatu behar dela. «Hain justu ere, txapelketa irabaziko du alta txosten eta bilakaera orri gehien euskaraz idazten dituen pertsonak», azaldu du Larrinagak. Medikuak bakarrik ez, bestelako osasun profesionalak ere ari dira lehiaketan parte hartzen, eta langileek oro har proposamena «oso ondo» hartu dutela esan dute. Hain zuzen ere, igartzen ari dira euskaraz idatzitako dokumentuak ugaritu egin direla asteotan. 

Arrangura bat dute: zuzendaritzaren eta Euskara Zerbitzuaren partetik ez dute jaso espero zuten babesa. Auzmendi: «Ez dute ezer debekatu, baina harritu egin gaitu: nola aztora daitezke hainbeste gauza txiki hau dela eta?». Animatu beharrean, atzentzera bultzatu dituztela sentitu dute. Azaldu dutenez, erietxeko buruek jarrera uzkurra azaldu dute, eta pazientearen «segurtasun klinikoa» bermatu behar dela esan diete. Eta txapelketaren sustatzaileak ez daude ados horrekin. Larrinaga: «Euskara eta arriskua lotzen dituen falazia horri eusten diote. Zergatik da arriskutsua euskaraz egitea, baina ez gazteleraz egitea? Hori da hemen galdera».

 
«Gaur egun, segurtasun handiagoa dauka kontsultara bakarrik doan gizon edo emakume erdaldun batek: bermatua du erdaraz egingo diotela», AGURTZANE AUZMENDI Larrialdietako medikua

Hain justu ere, gaztelania hutsean emandako azalpenak askotan euskaldunentzat arazo izaten dira, baina arazo hori ez da inoiz mahai gainean jartzen, osasun langileen ustetan. Zelaiak orain dela gutxi izan duten kasu bat du gogoan: «Paziente bati espainolez bakarrik eman zitzaizkion jarraibideak, eta konplikazio bat izan zuen txarto interpretatu zituelako». Horregatik, osasun sistematik sustatzen den ikuskera irauli egin behar dela uste dute. Auzmendi: «Gaur egun, segurtasun handiagoa dauka kontsultara bakarrik doan gizon edo emakume erdaldun batek: bermatua du erdaraz egingo diotela». Euskaldunak, ez. Zelaiak aurrez aipatu duen pazientea ekarri nahi izan du gogora, bakarrik kontsultara joan, gaztelaniazko azalpena ondo jaso ez, eta arazoa izan zuenarena: «Gizon horren segurtasun klinikoa non dago?».

«Konplexuak kendu, eta eskubideak eta segurtasuna mahai gainean ipini nahi izan ditugu txapelketaren bidez», LEIRE EGIGUREN Larrialdietako medikua

Halakoak saiheste aldera sakoneko aldaketak behar direla esan du Larrinagak. «Harreman klinikoan segurtasuna gehien bermatzen duena hizkuntza parekidetasuna da; hau da, pazienteak eta sistemak hizkuntza bera hitz egitea, eta horretarako langile euskaldunak behar ditu sistemak». Osasun sistema osoan, gainera: «Pazientea osasun sisteman sartzen denetik ateratzen den arte. Mediku, erizain, fisioterapeuta, laguntzaile eta administrari euskaldunak behar dira. Hori izan behar da helburua, langile guztiek euskaraz egitea». Bitartean, helburu horretara heldu bitartean, ahaleginak egiteko betebeharra sentitzen dute, eragitekoa, eta, esaterako, martxan jarri dutenaren gisako egitasmoak sustatzekoa: «Obedientzia ariketa bat da pazienteekiko». Egiguren. «Konplexuak kendu, eta eskubideak eta segurtasuna mahai gainean ipini nahi izan ditugu lehiaketaren bidez». 

Ikasten

Bat datoz laurak. Gaztelaniaren «hegemonia» handia da, eta euskaraz jarduteko ohitura falta zaie. Zelaia: «Orduan, txosten errazetatik, patologia sinpleetatik eta oso erraz kudea ditzakegun gauzetatik hasi gara». Ez da beti erraza. Terminologia-eta gaztelaniaz zuztartuta daude osasun langile eta paziente gehienen gogo eta pentsamenduan. Horregatik iruditzen zaie garrantzitsua euskarazko entrenamendua: gero eta hobeto egiteko. Larrinaga: «Gauza progresibo bat izan behar du. Txostenak beti gaztelaniaz idatzi badituzu, hiztegi teknikoa faltako zaizu zenbaitetan. Ikasketa prozesu bat behar da. Urteak behar dira. Pertsona bakoitzak ikusi beharko du zelan hasi, nondik hasi».

«Txostenak beti gaztelaniaz idatzi badituzu, hiztegi teknikoa faltako zaizu zenbaitetan. Ikasketa prozesu bat behar da. Bakoitzak ikusi beharko du zelan hasi, nondik hasi», UNAI LARRINAGA Prebentzio medikua

Osakidetzaren Itzulbide itzultzaile automatikoa itxaropen handiz hartu dute euskararen sustapenaren alde ari diren zenbait eragilek, eta duda artean beste hainbatek. Zalantzak dituzte Mendaron ere. «Tresna ona izan daiteke, baina ez du bermatzen guk bermatu nahi duguna: guk defendatzen duguna da euskaraz eta erdaraz jakin behar dutela osasun profesionalek», gogora ekarri du Auzmendik. «Azkenean, itzultzaileak ez ditu pazienteak jarri ardatzean, euskaraz ez dakiten langileak jarri ditu ardatzean», ohartarazi du Zelaiak.