Euskararen Baloia kanpaina amaitu da sari banaketarekin
SD Eibar Fundazioak ikasleen artean euskararen erabilera sustatzeko antolatu duen Euskararen Baloia kanpaina aste honetan amaitu da, lehiaketa irabazi duten ikastetxeei sariak emanez. Elgoibarko Ikastolako Lehen Hezkuntzako Hirugarren Mailako haurrak, lehen saria irabazi dutenak, Atxabalpen izan ziren atzo gizonezkoen lehen taldearen entrenamendua ikusten, Pantxika armaginen maskota lagun zutela. Taldearen autobusean joan ziren Atxabalpera eta, entrenamendua ikusi ondoren, jokalariekin argazki saioa egin zuten, autografoak eta posterrak sinatuz.
Aste honetan bertan Eibarko Aldatze Ikastetxeko ikasleek bigarren saria jaso dute, hau da, gizonezkoen eta emakumezkoen lehen taldeetako jokalariek sinatutako baloiak.
Eibar, Ermua eta Elgoibarko 10 ikastetxetako 400 haur baino gehiagok parte hartu dute Euskararen Baloiaren laugarren edizioan. SD Eibar Fundazioko arduradunek, Joseba Etxeberria eta Yerai Martin entrenatzaileek eta Emun, Akebai eta ...eta kitto! taldeetako ordezkariek osatutako epaimahaiak aukeratu ditu lehiaketako proiektu irabazleak.