EUSKERAREN EGUNA ospatuko dugu gaur EIBARREN

EUSKERAREN EGUNA ospatuko dugu gaur EIBARREN
2020/12/03 08:56
eta kitto!
Euskeraren Nazioarteko eguna da gaur eta beste behin ere euskeraz bizi nahi dugula aldarrikatuko dugu. Jarduera gehienekin gertatzen ari den moduan, ez-ohikoa izango da aurtengoa, baina horrek ez du esan nahi aldarrikapenak indarra galduko duenik. Azken asteak egitaraua prestatzen jardun dute Eibarko euskalgintzako taldeek, eta xumea izango bada ere, euskararen aldeko aldarria eta mezua herriko bazter guztietara eramango dute musikaz lagunduta.

Aurreko urteetan herria jendez eta aldarri eta oihu ozenez betetzea izan da helburua, baina aurten ezinezkoa izango da horrelakorik egitea; bizi dugun egoerak hala behartuta. Zailtasunak zailtasun, Eibarko euskalgintza osatzen duten taldeek ilusioz eta gogoz jardun dute azkeneko asteetan, Euskararen Eguna antolatzen, egunak merezi duen neurriko ospakizuna antolatzen.

Auto-karabanarekin musika auzoetara

Arratsaldeko 17:30etik aurrera abiatuko da Euskararen Eguneko auto-karabana: “Azitanetik irtengo gara, lau kotxe. Megafoniatik euskal kantak entzungo dira, herri osoa zeharkatuko dugu eta hainbat geldiune egingo ditugu: Urkizun (17:45 inguru), Untzagan (18:00), Abontzako parkean (18:30), Portalearen atzeko aldean (19:00) eta Sostoatarrenen (19:30). Geldiune horietan ...eta kitto!-koek, Kaxa eta Astixako gazteek, Musika Eskolako ikasleek eta AEK-ko ikasleek abesti bat abestuko dute, baina etxean dagoen jendea ere ager daiteke leihoetara eta gurekin batera abestu”, diote antolatzaileek.

Ahalik eta auzo gehienetara ailegatzea nahi dute antolatzaileek, “puntatik puntara zeharkatuko dugu herria, bazter guztietara ailegatzea nahiko genuke eta dei egiten diegu eibartarrei bat egin dezaten ekitaldiarekin. Jende pilaketarik gabe eta etxeko leiho edo balkoietara irten daitezela gurekin batera abestera”.