Euskeria: burua entrenatzeko onena

Euskeria: burua entrenatzeko onena
2013/09/13 00:00
eta kitto!

Nagusixekin batez be piskologixa eta hezkuntza sozialaren ikuspegittik biharra egitten daben hainbat profesionalen ekimenez sortu dan liburuan zaharren funziño kognitibuak estimulatzeko ariketa eta bestelakuak jaso dittue baiña, horrek dakan interesaren gaiñetik, liburuak badaka azpimarratzeko moduko ezaugarri bat: gaixaren gaiñian euskera hutsian argitara emon dan lehelengua dala. Eta hori gitxi balitz, liburuko jarduera guztiak euskal kultura, geografixa, ohittura eta bestelakuetara moldatu dittue, geure inguruko nagusixeri ahalik eta gehixen gerturatzeko asmuarekin.
Lahar Elkargoa oin dala 22 bat urte sortu zan, Hezkide Eskolan nagusixekin biharrian jarduteko formaziño ikastaro baten harira. Modu zihetzaguan esateko, ikastaruan parte hartu ebenak proiektuarekin amaittu eben kursua eta, diru-laguntza jaso ebela aprobetxauta, orduan sasoian Diputaziñuaren menpe eguazen zaharren egoitza bixetan, Tolosakuan eta Eibarkuan emon zittuan lehen pausuak interbenziño psikosozialerako alkartiak. Edozelan be, urtiekin alkartia bere lan-esparrua zabaltzen juan da eta zaharrekin ezeze, beste kolektibo batzurekin be egitten dabe biharra gaur egunian.
Edozelan be, zaharrak alkartiaren jardunian garrantzi berezixa izaten segitzen dabe eta Psikoestimulazioa lantzeko ariketak izenburuko liburua be eurendako idatzi dabe, adin batetik aurrerakuak dittuen premiñeri ahalik eta modurik egokixenian erantzuteko.
Iñaki Aragonek azaldu deskunez, "zaharrekin biharrian diharduenak, urtiak juan urtiak etorri, gai horrn gaiñeko materixala-eta batzen eta kasu batzuetan argitaratzen juan dira, baiña oin dala hiruzpalau urte bihargiñendako erabilgarrixa izango zan zeozer sortzeko ideiari bueltak emoten hasi giñan eta, harixari tiraka, biharra zelan antolatu-eta pentsatzeko batzen hasi giñan. Gaiñera, herri batzuetako zentruetan ixa zahar guztiak euskaldunak zirala ikusitta, eureri ahalik eta gehixen gerturatzeko materixala sortu nahi genduan eta, hortik abiatuta, liburu hau izan da denpora horretan egindako biharraren emaitza".
Euskal esaera, kanta eta kontuak
Liburuaren helburu nagusixak hónetxek dira: lehelengo eta behin, Alzheimer eta holako dementziak eragindako galera kognitibua ahalik eta gehixen atzeratzen laguntzia. Horrekin batera, dementziarik ez daken adiñekuen kasuan, galera kognitibua prebenitzia billatzen dabe. Eta hórrek bixekin batera, psikoestimulaziñua lantzeko ariketak euskeraz proposatzia be nahi izan dabe egilliak. Eta horretarako ariketak Euskal Herriko kultura eta testuingurura begira prestatu dittue, bai edukixak baitta formatuak be: euskal esaera zaharrak, Euskal Herriko geografixia, euskal testuinguruko argazkixak, ohitturak, errezetak… erabilli dittue liburuko 138 ariketak sortzeko orduan. Ariketak, bestalde, zortzi ataletan banatuta dagoz eta ataletako bakotxian funziño kognitibo bat lantzeko ariketak dagoz.
Horretaraiño aillegau aurretik, baiña lan haundixa egin dabe liburuaren egilliak: liburua argitaratu eta duan banatu ahal izateko dirua lortu (%50 La Caixak emon detse eta beste erdixa liburuan agertzen diran babesliak), bakotxak bere aldetik landutako guztia batu, atzera be antolatu, zirriborro modukua sortu, horrekin argitaletxera juan, idatzittakuaren hizkuntza kalidadia gainbegiratu, zuzendu, maketaziñua landu… Bestalde, teknologixa barrixak eskintzen dittuen aukerak aprobetxauta, paperean ez eze liburua PDF formatuan interneten www.laharelkargoa.org webgunian zintzilikatu dabe, nahi dabenak eskuratzeko moduan.
Gertutasuna helburu
Iratxe Arrillaga psikologua liburuko materixala zuzenian erabiltzen hasi da: "Deterioro gabeko zaharrekin edo, gehixen jota ariña dakenekin lantzeko ariketak dira, bestiak beste ariketak egiñ ahal izateko hórrek ulertzeko gauza izan bihar diralako. Nik hil bakotxerako programia preparatzen dot eta bertan ze funziño lantzia nahi doten eta horretarako ariketan aukeratzen dittut".
Liburuak argixa ikusi dabenetik denpora gitxi pasauta be, jendiak oso pozik hartzen diharduala ikusi dabe. Arrillagaren berbetan, "Eskoriatzan gehixenbat euskaldunekin jarduten dot eta asko gustau jakue liburua, pozik hartu dabe. Kontuan euki bihar da holako jendia sarrittan hizkuntzarengaittik mugatuta daguala, kostau egitten jakue euren ama hizkuntza ez dan beste batian komunikatzia. Gaiñera argi dago gertutasun moduko bat daguanian gauzak askoz be errezago egitten dirala. Eta gure egunerokotasunian be, holako materixala eukitziak asko errezten desku biharra. Gaiñera ilusiño haundixa egitten detse ariketak egittian eurendako ezagunak diran gauzak topatzia. Gaiñera, liburuan gaztetako hamaika bizipen atzera be goratu eta kontatzeko aitzakixa topau dabe".