Exfibar XLVIII. Seilu erakusketa hartuko du Portaleak domekatik aurrera
2017/11/24
16:58
eta kitto!
Domekan zabalduko dute Exfibar XLVIII. Seilu erakusketa Portalean. Urtero Arrate Filatelia Elkartekoek antolatzen duten erakusketa, oraingoan, aurten 50 urte bete dituen Eibarko Armaginen Elkarteari eskaini nahi izan diote eta, besteak beste, Isidro Rejok diseinatutako seilua eta zigilu-markatzekoa atera dituzte. Zigilu-marka ipini nahi duenak domekan izango du aukera, 11:00etatik 14:00etara. Erakusketan parte hartuko dutenen artean A Coruña, Basauri, Bilbo, Barakaldo, Donostia, Plasencia eta Irungo bildumagileak daude. Eurekin batera eibartar biren bildumak ikusteko aukera izango da: Luis Mª Dominguezek Eibarko postaren historiari eskainitakoa erakutsiko du eta Luis Mª Aristegik, berriz, txirrindularitzari buruzkoa. Abenduaren 3ra arte egongo da zabalik erakusketa, ordutegi berezian: astelehenetik barixakura, 18:00etatik 20:00etara eta zapatu eta domeketan, berriz, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara (azaroaren 30ean itxita egongo da).