"Ez dadin bizitza eten" liburuaz jardungo du bihar Monika Mendiberrik Martxoaren 8ko egitarauaren baitan
Monika Mendiberri soziologoak "Ez dadin bizitza eten" liburua aurkeztuko du bihar, martxoak 13, Andretxean, 18:30etik aurrera. Emagin Elkartean ikertzaile gisa ari da 2016. urteaz geroztik. Nagusiki indarkeria matxisten inguruan aztertzen jardun du, eta esku hartze komunitarioan, eta azken garaian zaintzen lanen antolaketaren inguruko diagnostiko eta ekintza planak garatzen dabil. Soziologian eta generoan egin ditu ikasketak, Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta bertako Soziologia eta Gizarte Laneko sailean irakaslea da 2017. urtetik.
Zaintza lanetan inplikatuta dauden norbanakoei entzunda Emagin Elkartean egindako lanetik abiatuta, azken
urteotan mugimendu feministaren aldarrien erdigunean egon den gaiaz hausnartu dute liburuaren hiru autoreek (Miren Aranguren Etxarte, Ainara Santamaria Barinagarrementeria eta Monika Mendiberri Apezetxea ), "betiere, askotariko faktoreak kontuan hartuz eta bi ardatz hauen arabera: ikuspegi feminista eta ezagutza kokatua".
Izan ere, egileen esanetan, "zaintzaren inguruan sortzen den bereizkeriatik eta gorputzetik ez bada, kamutsa izanen da hartaz esaten dena. Egungo ereduak dituen mugak eta geruzak agertzean eta haren konplexutasuna ulertzean, lanen
banaketa desorekatua gainditu eta bizitza erdigunean kokatuko duen gizarte antolaketa bat osatzeko bidean
has gaitezke, ez dadin inoren bizitza eten. Helburu horrek errotiko aldaketak egitea eskatzen du, gure
mundu ikuskera beste era batera definitzea. Horretarako, ezinbestekoa izanen da gaur garena baino
zaurgarriago, elkar-mendekoago eta eko-mendekoagoak agertzea".
Iratzar fundazioak eta Txalapartak elkarlanean argitaratzen duten Iparrorratza bildumaren 8. alea da hau.