'Ez dira soberakinak, janaria da!' kanpaina abiatu dute Eibarko zazpi ikastetxek

Apirilaren 20tik 30era bitartean egindo da eta Eibarko Udaleko Ingurumen Sailaren eta Debegesaren babesa du.
'Ez dira soberakinak, janaria da!' kanpaina abiatu dute Eibarko zazpi ikastetxek
2026/04/16 12:48
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko zazpi ikastetxek 'Ez dira soberakinak, janaria da!' kanpaina jarri dute martxan, elikagaiak alferrik galtzearen inguruan herritarrak sentsibilizatzeko helburuarekin. Ekimenak Eskolako Agenda 2030 programaren barruan kokatzen da, eta Eibarko Udaleko Ingurumen Sailaren zein Debegesaren babesa du.

Apirilaren 20tik 30era egingo den kanpaina Urkizu Eskola, San Andres ikastetxea, La Salle Isasi, Amaña Herri Eskola, Arrateko Andra Mari Ikastetxea, J.A. Mogel Ikastola eta La Salle Azitain ikastetxeen elkarlanaren emaitza da.

Ikasleek protagonismo berezia izan dute ekimenean. Izan ere, ikastetxeak arduratu dira komunikazio-materialak sortzeaz: kartelak, liburuxkak eta aurkezpen digitalak, besteak beste. Material horien bidez, elikagaien xahuketaren arazoa azaldu eta etxean aplikatzeko moduko gomendio praktikoak zabalduko dituzte, baita soberakinak aprobetxatzeko Rexcatering proiektua ezagutarazi ere.

Kaleko ekintzak eta hitzaldiak

Kanpainaren baitan, hainbat jarduera antolatu dituzte herritarrengana gerturatzeko. Batetik, auzoetan informazio-guneak jarriko dituzte ikasleek, 9:30etik 12:00etara, apirilaren 20, 22, 23, 29 eta 30ean. Bertan, liburuxkak banatu eta herritarrak sentsibilizatzeko lana egingo dute.

Bestetik, adinekoen zentroetan hitzaldiak eskainiko dira gaiaren inguruan, eta Rexcatering proiektua ezagutarazteko bisitak ere antolatuko dituzte ikastetxeen artean.

Datu kezkagarriak

Ekimenaren atzean dauden datuek agerian uzten dute arazoaren larritasuna: EAEn urtean 244.000 tona janari galtzen dira alferrik, hau da, batez beste 111 kilo pertsonako. Hezkuntza-esparruan bertan ere, eskolako menuen %10 alferrik galtzen da egunero.

Horri aurre egiteko, ikasleek hainbat gomendio zabalduko dituzte, besteak beste: erosketak planifikatzea, janari kantitateak neurtzea, soberakinak gordetzea edo beste errezeta batzuetan berrerabiltzea.