Eziñezko saltuak izozteko magia
San Salvadorren jaixo zan gazte honek diñuanez, "oso txikixa nintzala, umetatik gustau jataz irudixak, etxian topatzen nittuan aldizkari eta egunkarixetan eguazen erretratuak begiratzen hasi eta, urtiekin, nere zaletasuna etenbarik hazten juan zan, benetan zaletu porrokatua bihurtzeraiño".
Prensako irudixak horrebeste erakarri dabela jakinda, erraz ulertu leike ikasketetan aurrera egiñ ahala, mundu horrekiko loturia billau izana: San Salvadorren, unibersidadian Komunikaziño Soziala eta Kazetaritza ikasi zittuan eta, berak aitortzen daben moduan, "ikasten neguala, argazki eta irudixekiko nere zaletasuna areagotu egin zan. Adierazteko bide barrixa zabaldu jatan pare-parian, nere kamaria erabillitta munduari beste modu batian begiratzeko aukeria nekala konturau nintzan eta, horrekin batera kamariaren beste aldian eguan momentua betirako 'izoztu' neikiala".
2008xan sorterrixa laga eban eta Bartzelonarako bidia hartu eban Trukok, Institut D'estudis Fotografics de Catanluya dalakuan argazkilaritzari lotutako ikasketekin segitzeko asmuarekin eta, bixen bittartian, han eta hamen egindako lagunen bittartez Elgoibarreraiño aillegau zan. Aldameneko herriraiño saltua emon eta Eibarren bizitzera geratziak ez zetsan aparteko ahalegiñik eskatu. Harrezkero gurian bizi da eta, oiñ arte behintzat, ez daka beste iñora juateko asmorik.
Bizitzeko modu bat
Jende gehixenarendako patinetiak denporapasa baiño ez dira. Gehixen jota, umetan edo gaztaruaren lehen urtietan erabiltzeko jostaillua izatera aillegau leikez, baiña hortik aurrera beste moduren batian ikustia gatxa egitten jaku gehixenori. Baiña, danian moduan, horretan be salbuespenak egon badagoz eta patinetiari bestelako garrantzixa emoten detsan baten bat ezagutzia gertatu leike lantzian behiñ. Eta Carlos Truko aittatu barri dogun salbuespen horretako bat da. Gaztiak berak diñuanez, "rollerblading-a nere bizitza da, aurrera egitteko motibaziñua emoten desta, persona hobia izaten ahalegintzeko arrazoia, nere bizitzari zentzua emoten detsa eta lagun onak egiteko modu hoberik ez daguala pentsatzen dot, honetan zeu bakarrik ez zaguazela, mundu honen inguruan zeure moduko beste asko dabizela ikusten laguntzen detsu. Bizitza-filosofixa da: erori, lurretik altxatu, ikasi, autokritika egiñ, aurrera egitten segitzeko kemena… horrek guztiak eta gehixago emoten detsuz patinajiak eta, zelan ez, horrekin danekin batera dibersiñua!".
Eta esandako guztiak praktikara eruaten dittu gazte honek, bere zaletasun berbera daken beste lagun batzuekin batera Bilbo aldian ibiltzen dan bakotxian: "Egunaren arabera jende gehixago edo gitxiago batzen gara, baiña 30 bat lagun alkartzen gara normalian, alkarrekin patinatzen ibiltzeko. Euretako askok mailla haundixa dake, konpetiziñuetan han eta hemen ibiltzen gara eta, urtiekin, mundu horretan ibiltzen garan guztiak alkar ezagutzera aillegatzen gara, nunbaittera juaten garan bakotxian ixa beti jende berbera topatzen dozu-eta".
Gazte honek 90. hamarkadan ekin zetsan serixo patinatziari eta harrezkero ahal daben guztietan horretan jarduten ahalegintzen da. Baiña gogua eukitta be, beti ez da posible izaten: "Sarrittan jausi eta miñ hartzen dogu, horregaittik, lesiñuak sendatu eta atzera be patinatzen hasteko moduan egon arte, bestiak zelan patinatzen daben ikustera juaten gara gutariko asko eta holako tartiak aprobetxauta, holan ekin netsan laguneri erretratuak etaratziari".
Patinatzailliak egindako salto espektakularrak eta argazkilarixaren trebetasuna, bixak batzian lortzen dan emaitza benetan ikusgarrixa da, erretratuen egilliak aparteko meritorik emoten ez badetsa be: "Argi egokixa euki ezkero, belozidadiarekin jokatzia besterik ez da bihar holako argazkixak egitteko. Egixa da praktikarekin gauza batzuk ikasten juaten zarala, fonduak dakan garrantzixaz jabetzen zoiaz, saltua nundik nora juango dan aurreikusi eta gitxigorabehera erretratua noiz egin kalkulatzen ikasten dozu… Bestelako efekto berezixak lortzeko lente eta filtruak erabiltzen dittut, ez dago beste misterixorik".
Horrekin bixekin batera, hirugarren zaletasun bat be badaka gaztiak: kuadruak margotzen dittu eta oin momentuan San Juan kaleko Deika tabernan bere lanen erakusketia dago martxan: "Ez dakit geldirik, ezer egin barik egoten eta, eurixa egitten dabenian ezin garanez patinatzera juan, ba beste zeozer topau bihar neban denporia pasatzeko eta kuadruak margotzen hasi nintzan. Egixa esateko mordua egin dittut, hamen euri asko egitten dau-eta".