Fermin Etxegoien, idazlea: “Fisikatik metafisikara egindako jauzia da liburua”

Fermin Etxegoien, idazlea: “Fisikatik metafisikara egindako jauzia da liburua”
2014/03/04 00:00
eta kitto!

- Alde handia dago zure lehen liburutik bigarren honetara, ezta?
Bai. Lehen pertsonan idaztetik hirugarren pertsonan idaztera pasatu naiz: nire mundutik irten eta beste haragi batean dagoen mundua azaleratzen ahalegindu naiz. Hor dagoeneko jende arrunt euskalduna dago, hizkuntza kezka ez den esparru batean. Hala ere, protagonistak bere burua olatu politikoaren erdian ikusiko du. Azken lan honek drama klasikoak erabiltzen dituen hiru ekinaldi ditu: lehenengoan arlo sozio-politikoa nabarmentzen da, bigarrenean familiar konstelazioa nagusitzen da, eta hirugarrenean desenlazea ematen da, alde pertsonalaren bilakaeraz.

- Zer bilatu nahi izan duzu “Zinegotzia” liburuarekin?
Maila pertsonalean egindako ahalegina izan da, ikusteko egunero bizi dugun horretan, eguneroko mekanikarekin, zenbateraino usaindu dezakegun errealitatearen atzean dagoena. Fisikatik metafisikara egindako jauzia da, azken batean. Egunero errepikatzen direnetik abiatuta, maila sozio-politikoan sartu nahi izan dut eta alderagarritasunari erreparatu, mozorrogarritasunari, eta inguruko kontzeptuei. Norberaren bizitza zenbateraino den mekanikoa ikusi eta ideologia ere kontuan hartuta.

- Zelan ikusten dituzu horrelako literatur-tailerrak?
Oso probetxugarri direla deritzot, aberatsak guztiz. Ziurtasunarekin jokatzen duzu: badakizu liburua irakurri dutela, interesa erakutsi dizute. Ulergarritasuna, modu horretan, ez da bide bakarrekoa eta harreman horretatik ateratzen den guztia egiazkoa da.

- Liburua lehenago amaitzea espero zenuen, baina luzatu egin zitzaizun, ezta?
Errealitateari hain lotua izan beharrak harrapatu egin ninduen. Hor badago exigentzia bat eta, Katalunian sortu den dinamika soberanista ia bapatekoa izan den moduan, hemen ere halako zeozer gerta zitekeela-eta, atera dezagun esan nion nire buruari.

- Liburuak izan duen emaitzarekin pozik zaude? Zelako kritikak jaso dituzu?
Badirudi askorik ez dudala asmatu, kritika aldetik-eta negatiboak ere izan direlako asko. Askotan zuri oharkabean pasatzen zaizkizu hainbat gauza, baina jakin behar duzu bezeroak arrazoia izango duela. Aurreko liburuaren antzerako lana eskatu zidan azken honek, ez da arin egindako zeozer izan: 2-3 urte behar izan ditut egiteko; baina, badakizu, talentuaren arabera... Hala ere, ondo saldu da, aurrekoaren ondoan motz geratu arren.