Futbol jokoaren zaindariak
Gaizka Altuna, Jorge Rubio eta Markel Gutierrez 3. RFEF mailan aritu dira arbitro bezala azken denboraldian. Gure herriarentzat historikoa izan da, inoiz ez baita hainbeste epaile izan maila horretan. Ba, hori gutxi balitz, lehenengo biek egindako lan onarengatik mailaz igotzea lortu dute, eta 2. RFEF-en egongo dira datorren denboraldian. Futboleko izarrak ezezik, jokozain bikainak ditugu herrian.
Ume askoren ametsa izan ohi da futboleko izarra izatea. Goleatzaile handiak, erdilari trebeak edo atezain biziak, baina ez da oso ohikoa izaten arbitro izateko nahia edukitzea. Gaizkak, Jorgek eta Markelek, ostera, futbola ikuspuntu horretatik bizitzeko hautua egin dute eta nola gainera, euren gaztetasunean maila bikaina erakusteari baitira.
Hirurek dute futbola oso gustoko eta kirol horretan jarraitzeko aukera ikusi zuten arbitro bezala. Gaizka Altuna 14 urterekin hasi zen eta esan digunez, “asteburuetan futboletik gertuago egoteko gogoa nuen eta arbitroaren figurak kuriositatea sortu zidan”. Jorgek, bere aldetik, futbolean egiten zuen eta arbitrajearekin kirola beste alde batetik ikusteko aukera ikusi zuen. “Gainera, 15 urterekin dirutxo bat irabazteko aukera ematen zidan”, diosku. Markelek, ostera, kuadrillan arbitroa zen lagun bat zuen. “Arbitrajearen inguruan gauza onak besterik ez zizkidan esaten, probatzeko eta abar, eta 4. DBH-n hasi nintzen”, azaldu digunez.
Arbitroa izan nahi duenak pausu errazak eman behar dituela esan digute. “Euskadiko Futbol Federazioaren barruan Arbitroen Batzorde Teknikoa dago, bertan izena eman behar duzu eta ikastaroa egin. Sartzea erraza da”, kontatu digu Gaizkak. “Hasieran, gainera, aholkularitza jasotzen duzu. Adibidez, hasiberriak partidu batzuetan marrazain moduan sartzen dituzte arbitrajearen funtzionamendua ezagutzeko”, gehitzen du Markelek.
Futbolean aritu denak, bestalde, txip aldaketa egin behar izaten du. “Hiru urtez futbolean jokatzen eta arbitratzen ibili nintzen, eta futbola laga arte ez da txip aldaketa ematen. Arbritratzera joaten nintzen eta futbolari pentsaera nuen. Gero, poliki-poliki, partiduak ikusterakoan epaileek egiten dituzten gauzetan fijatzen zara gehiago”, diosku Jorgek.
Etengabeko prestakuntza
Futboleko arbitroen lana funtsezkoa da jokoa behar den bezala garatu ahal izateko. Beraz, futbolarien antzera, oso ondo prestatu behar dira kirolak exijitzen dienari erantzuteko. “Futbolak gero eta abiadura gehiago du eta, urtetik urtera, arbitroei gero eta gehiago eskatzen zaigu”, diosku Gaizkak. Horretarako, ia egunero entrenatzen dute asteburuetako partiduak arbitratzeko prest egoteko.
Arauak barneratu eta jokoan gertatzen dena zuzen epaitzeko, bestalde, azterketak izaten dituzte urtean hiru edo lau aldiz. Beraz, ia etengabe egon behar dira ikasten.
Federazioak laguntza eskaintzen die, baina lana euren kabuz egin behar izaten dute. Izan ere, futboleko beste protagonistekin alderatuz, eurek ez dute talde handirik atzean. Hori bai, ez dira bakarrik sentitzen. “Atzean gure jendea dugu (familia, lagunak...). Zelaian bakarrik gaude, baina hortik kanpo beste arbitroekin harremana dugu, elkarri gomendioak ematen dizkiogu...”, azpimarratzen du Jorgek.
Partiduetara egokitzeko gaitasuna
Arbitro bezala, noski, arauak jarraitu behar dituzte futbol partiduak zuzentzeko orduan, baina bakoitzak bere estiloa du. Dena dela, Markelek dioen bezala, “zelaian gertatzen diren egoeretara egokitzeko gaitasuna eduki behar duzu. Adibidez, ez da gauza bera berdegunea bikain egotea edo euria egin ondoren lokatzez beteta egotea. Jokoa aldatu egiten da eta epailea ere egokitu behar da”.
Jorgeren arabera, “partidu bakoi tza mundu bat da, eta partidua ondo joateko egokitzen jakin behar duzu. Oso egoera ezberdinak gerta daitezke, eta ezin dira aurreikusi”. Eta honakoa gehitzen du Gaizkak: “Partidua lehen jardunaldikoa edo azkenekoa izateak ere gauzak aldatzen ditu”. Euren mailan oraindik ez dute horrelakorik, baina azken urteetan goragoko mailetan bideo-epaile laguntzailea (VAR) jarri dute martxan arbitroei laguntzeko.
Hirukoteak begi onez ikusten du VAR-ak eskaintzen duen laguntza, akatsak murriztean laguntzen duelako. Hori bai, arbitratzeko orduan aldaketa handia dagoela diote VAR-arekin edo VAR gabe aritzean. “VAR-ak erabakiak zuzentzeko aukera ematen du. Guk, ostera, ez dugu horrelakorik eta, beraz, garrantzitsua da zelaian adierazten duzuna ondo sinestea. Horregatik, prestakuntza fisikoa oso garrantzitsua da, jokaldiak gertutik jarraitzeko aukera ematen dizulako”, Markelen ustez.
Etorkizuneko erronkak
Aurten hirurak ibili dira 3. RFEF mailan eta, horregatik, “urte polita” izan dela esan digute. Gainera, urtean zehar egindako lan onak saria ekarri die Gaizkari eta Jorgeri eta 2. RFEF-ra igotzea lortu dute. Markelek, bere aldetik 3. RFEF-n jarraituko du.
2023/24 denboraldia, ostera, historia da dagoeneko, eta laster hasi beharko dira hurrengoa prestatzen. “Abuztu erdialdean proba fisikoak egin behar ditugu”, azaldu digutenez. Beraz, eurek ere denboraldiaurrea egin beharko dute.
Hurrengo denboraldia erronkaz beterik dator hirukotearentzat eta gogotsu ekingo diote. Gainera, amesten jarrita, zenbait helburu dituzte. “Gustatzen zaidan zerbait da eta ahalik eta goren heltzea gustatuko litzaidake. Lehen mailara, adibidez”, diosku Gaizkak. Jorgek zera dio: “Ametsa beti izan behar da gora heltzea, baina errealistak izan behar dugu eta oso zaila dela jakin behar dugu. Nire helburua partiduez gozatzea eta lanarekin pozik geratzea da”. Markelek, azkenik, honakoa diosku: “Espainian 42 arbitro dira profesionalak (20 Lehen Mailan eta 22 Bigarrengoan). Gure helburua beti da igotzea, baina aurten gure mailan Euskadin 35 geunden, hiru joan dira Madrilera mailaz igotzeko probak egitera eta bi eibartarrek lortu dute helburua. Hori marka da, ezin da pentsa urtero horrelakorik gertatuko denik”.
Beste herrikide batzuk eurentzat erreferente izan ziren bezala (“Aitor Arrieta, Alex Higuera eta Mikel Alonso, adibidez”, gogoratzen ditu Gaizkak), orain eurak dira eredu. Horrela, hirukoteak neska eta mutil gazteak animatu nahi dituzte futboleko arbitro izateko. “Gero eta neska gehiago dira futboleko arbitroak, baina Eibarren ez dago inor. Beraz, ondo egongo litzateke jendea animatzea”, azpimarratzen dute.